Zientziaz hitz egiten denean bi leku ezberdinetan egin daiteke: gaian adituak direnen plazetan eta gaian adituak ez direnen plazetan. Azken honetan ere bi talde nabarmendu daitezke: adituak ez badira ere zaleak direnak eta oraindik zaleak direla ez dakitenak.
Lehen plaza larien artean egiten dugun komunikazioan kokatzen da. Ohikoenak dira aldizkari espezializatuetan argitaratzen ditugun ikerkuntza-artikuluak eta kongresu zientifikoetan egiten ditugun komunikazioak, ahozkoak edo poster bidez. Hori da larien artean erabili ohi ditugun bideak aurkikuntza berriak azaltzeko edota argi ikusten ez dugunaz hausnartzeko. Beti erregistro eta marko jakin bat erabilita, bere kode eta egiturekin. Teorian behintzat. Gero erakusleiho bat bilakatzen da nor den moloiena erakusteko.
Bigarren plaza lari eta zale arteko komunikazioan kokatzen da. Dibulgazioa deitzen dugun hori. Honi buruz hainbatetan idatzi eta hitz egin dut, ez nuke behin eta berriz errepikatu nahi gaiaren inguruan. Izan ere, Uztailean aukera izango dugu lasai eta sakon dibulgazioari buruz hausnartzeko eta denbora izango dugu ataltxo honi emendakina egiteko bertan ikasitakoarekin.
Badira beste plaza batzuk non zientziaren komunikazioa egiten den eta gakoak diren zientziaren transmisioan, askotan ahazten baditugu ere: ikasgelak. Bai derrigorrezko hezkuntzan, bai unibertsitatean. Iruditzen zait leku garrantzitsu eta gako hauetan ez gabiltzala gauzak behar bezala egiten. Ez da bakarrik lari eta zaleak ez ditugula behar beste sustatzen ezta zientziagintzara erakartzen, baita ere genero-joerak sortzen direla eta etika zientifikoarekin guztiz bat ez datorren transmisio bat egiten dela.
Behin ikastaro batean zera plazaratu ziguten “Demagun gizarteak erabakitzen duela zientzia oso arriskutsua dela, zientzia debekatzen duela eta liburu zientifiko guztiak erretzen dituela. Handik belaunaldi batzuetara hartutako erabakian atzera egiten da eta salbatu ziren liburuak berreskuratzen direla. Hortik aurrera liburu horietan datorrena egia dela onartzen da eta hori ikasten hasten dira, adibidez, DNA helize bikoitzeko egitura bat dela, horrek zer esan nahi duen argi ez badago ere. Hori zientzia litzateke?” Ba egia esan, ez. Zientzia ez da bakarrik jakintza multzo bat, baita ere horietara heltzeko bidea, prozedura eta, batez ere, izandako jakin-mina. Horregatik zientziagintza kontzeptua egokiagoa iruditzen zait, zientzia ez da bakarrik ikasten, zientzia egiten da. Oso arduratuta nago ikasgeletan zientziaren transmisioa egiterakoan horretan poto egiten ez gabiltzan. Iruditzen zait ikasgeletan jakintza sorta bat, arautua dagoena, buruan bai ala bai sartu eta gero buruz errezitatzea eskatzen zaiela. Non gelditzen dira jakin-mina asetzea edota lehen ez zenekienaren eta orain dakizunaren magia?
Askotan zientziatik sasizientziak (eta erlijioak) kritikatzen dira sinesmen ez-kritikoak direlako eta frogetan oinarritzen ez direlako. Baina ikasgeletan pertsona batek, oholtza baten gainean normalean, ordubete inguruko bakarrizketa bat botatzen du eta ikasleek dena idazten (eta ikasten) dute esandako guztia Egia balitz bezala. Zeren antza dauka horrek?
Bai, badakit hori aldatzeko saiakerak egiten direla, metodo askoz ere horizontalago eta parte-hartzaileagoak saiatzen ari direla baina atzerapenarekin goazela iruditzen zait. Batez ere goi mailako hezkuntzan. Azkenean ezagumenduak buruz errezitatzen duten analfabeto funtzionalak formatzen ari garela iruditzen zait, lanetan eta azterketetan dena betetzen dutela irakasleak esan duelako, benetan jakitun izan gabe eta barneratu gabe zer ari diren idazten. Agian irakaskuntza bide berriek aukera berriak zabal ditzakete. Horri buruz etzi jardunaldi interesgarria dago eta, horren ostean, honetan ere emendakina egingo diogu gaurkoari.
Nire ustez inertzia tradizional horrek gero sortzen ditu oztopoak zientzia plaza publikora eramaterako orduan, gizarteratzeko orduan, gehienek buruan daukatelako ikasgaraian zientzia nola ikasi zuen eta zein astuna zen. Transmisioa horrela egiterakoan gure hankari tiro egiten diogula iruditzen zait, zailagoa eginez jendea zientziagintzara erakartzea eta bakarrik oso zaleak direnak zientziara hurbildu. Horrek ere beste dinamika akastu bat zor dezake, lariok ohitzea gure arteko komunikaziora eta gero hitz egiteko ezgai izatea erregistro arautu eta zurrun horretatik kanpo.
Zientziaren komunikazioaz ari garenean, zergatik ez dugun jendearen arreta jasotzen, zergatik hain garrantzitsua izanik hain leku gutxi duen komunikabideetan, eta kexa guzti horiekin bueltaka gaudenean, Gabriel Arestiz gogoratzen naiz. Harri eta Herri liburu mitikoan bada poema bat, “Profeta bati (Jurgi Oteitzari azaldu nahirik)”, zeinean momentu baten, Oteizaren kexak direla eta, zera esaten duen
Nire poesia oso merkea da,
herriaren ahotik hartu nuen
debalde,
eta debalde ematen diot
herriaren belarriari.
Hau da, Arestik egokiro azaltzen du abstrakzioa jendartetik urrun gelditzen dela eta berak hitz sinpleak eta egitura arruntak erabiltzen dituenez (tontoentzat idazten duenez) bere olerkiek arrakasta handiagoa dutela Oteizaren lanek baino (listoentzat egiten dituenak). Hortik asko dugu ikasteko guk, zientzian kontzeptu batzuk oso abstraktuak baitira, eta horiek ulertzeko beste teknika eta taktika batzuk erabili behar ditugula gure ohiko erregistrotik at. Egia da hainbat lariri alergia ematen diela gure zuzentasun eta hizkuntz barrokotik aldentzea. Tira, ez dugu inor behartuko nahi ez duena egitera; baina ere ez baimenduko destainaz begiratzea zientzia herrikoia egiten dugunoi zientzia zabartzen dugula egozten digutenean.
Zientzia komunikatzerakoan ez dugu zertan denok dena egin behar, ezta erregistro guztietan bikain aritu behar. Norberak bere burua egokien ikusten duen lekuan, bai, baina ahaztu gabe komunikatzen ez den zientzia egin ez den zientzia dela.
One comment on “Zientzia jalgi hadi plazara (5): Zientziaren komunikazioa”