Zientzia eta euskara bata bestearen arnasgune dira. Askotan esan dut eta behar beste alditan errepikatuko dut: euskara zientziarako hizkuntza da; zientziak euskara indartu eta zabaltzen du; euskarak zientziari plaza bat eskaintzen dio hedatu dadin. Zientziagintzak eta euskalgintzak ezin dute bata besteari lepo emanda bizi, biek hazteko aukera galtzen baitute.
Agian lubakiaren jatorritako bat zientziak eta letrak (kulturgintzak hemen kokatu ohi baitu bere burua) banaketa artifizial horretatik dator. Askotan esan dugu banaketa hori mingarria dela bientzat, ezin baitira ulertu batera ez bada. Horren adibide bikain bat Moby Dick da, non letrak eta zientziak uztartzen diren. Bietan imajinazioa eta kreatibotasuna beharrezkoak dira, istorio bat kontatzen da eta hartzaileari hainbat emozio sortzen dizkio. Gehiegi tematu gara ezberdintzen zientziagintza eta kulturgintza eta horrek pobretu gaitu. Iruditzen zait euskalgintzak kristolako aukera duela biak uztartzeko eta horrela arnasgune berri bat izateko eta hizkuntza hauspotzeko.
Agian atzetik daramagun zama bat da euskararen mundutik zientziaren mundua mesfidantza pixka batekin ikustea. Ez dut gogoratzen nori entzun nion (uste dut Karmele Artetxe izan zela Ikergazten baina ez dut ondo gogoratzen) idazle klasikoek zientzia ez zutela begi onez ikusten euskara zikintzen baitzuen. Horrek zaildu egin zuela euskaraz zientzia-testuak sortzea eta atzerapenez joan zela euskara zientzia-hizkuntza bezala. Izan ere, Kepa Altonagak “Darwin geurean” liburuan azaltzen duen bezala, euskara zientziaren aurrerapenak oztopatzeko erabili zutela. Imajina, eboluzionismoa darbinkeria bezala itzuli zuen Plazido Muxikak 1965ean. Altonagak berak diosku azken 40 urteetan zama hori kendu dugula baina ez dakit zein puntura arte bi inertzia horiek (hizkuntza zikintzea eta hizkuntza oztopo bezala erabili izana) ez diguten oraindik kaltetzen.
Bestalde Altonagaren beste liburu batean (normala da aurten merezimenduzko CAF-Elhuyar saria jaso izana, egia biribilak besterik ez baititu idazten) beste gako garrantzitsu batzuk aurkitzen ditugula iruditzen zait. “Back to Leizarraga” guztiz gomendagarrian, euskarazko zientziaren prosaren arazoak aitzakia hartuta, euskara beraren arazoak modu bikainean diagnostikatzen ditu. Eta proposamen interesgarri, pragmatiko eta zentzudun bat egiten digu, ingelesezko saxonian way/latin route bizkoitasunen oinarrituta, euskaran ere hori erabiltzea: kontu domestikoetarako klasikoen euskara eta maila igotzerakoan euskara leizarragatarra. Bide batez, bide hau, Leizarragak proposatutakoak berreskuratzea XX. mendeko hasierako purismoaren hondamendiari aurre egiteko, Gabriel Arestiren ideia bat da. Gero esango dute zientziak eta letrak ezin dutela bata bestetik ikasi.
https://twitter.com/josu_goiko/status/448086048040448001/photo/1
Txatal hauekin josi nahi dudana planteamendu nahiko erraza da: zientziak jakintzaren mugak bultzatzen dituen bezala jakintza handituz eta indartuz, euskararen mugak bultzatzen ditu euskara handituz eta indartuz. Guztiok ezagutzen dugu Joserra Etxebarria (merezimenduzko CAF-Elhuyar saria duen beste handi bat) eta Suarezen pasadizoa. Euskara ere goi mailako hizkuntza da, abstrakziorako erabilgarria eta hausnarketarako aproposa. Horretarako lexikoan maileguak hartu behar direla? Ez dago bestelako arazorik, ez dago zertaz lotsatu behar, ezta justifikatu behar, beste hizkuntzetan ere hori gertatzen da. Ingelesean grekoerromatarretik mailegu asko dituzte eta zientziaren hizkuntz frankoa da. Ez dakit zergatik euskaldunok gure buruari mugak jarri behar dizkiegun beste hizkuntzetan gertatzen ez bada. Lexikoaren konplexu hori kendu behar dugu, gaizki ulertutako hizkuntza puritanismotik ihes egin eta hizkuntza ezagumendua sortzeko eta transmititzeko erabili. Alde batera utzi eztabaida antzuak, kalte besterik egiten ez dutenak, adibidez -on/-oi guda. Bukaera batek ez ditu hainbeste buruko min sortu “Lost”-ekoak salbu.
Euskaldun bezala asko eskertu eta estimatu egiten dut zientziagintzatik egiten den lana, corpusetarako eta hizkuntzarako sortzen den ondarea ikaragarria da. Agian hiztun komunitate bezala ez gara guztiz jabedun zer nolako lana den zientziagintza eta euskalgintza uztartzea eta zein esker txarreko lana den. Pasadizo pertsonal bat honen inguruan. Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena saria jaso nuenean Katalunian (orduan bertan bizi nintzen) zorion gehiago jaso nituen eta ilusio handiagoarekin jaso zuten hemen baino. Inoiz ez nuen ezta posta elektroniko ziztrin bat jaso ez nire sailetik ezta nire euskara elkartetik.
Euskarazko on-line eskaintza unibertsitatean jardunaldian Erramun Osak esan zuen gero eta zailagoa zela euskarazko tesiak aurkitzea eta saritzea. Kezkatu ninduen baina ez harritu. Berak zioen eskaintzaren faltaren eragina izan daitekeela. Arrazoia du, hori ere da, baina agian aitortza falta hori, gure hiztun komunitatea jakitun ez izatea zer nolako erronka den baina hizkuntzari zein mesede egiten dion, eta, batez ere, lan hori egiten duten komunikabideek dituzten diru-laguntzen murrizketek, uste duguna baino kalte handiagoa egiten digu. Agian horri buelta emateko momentua iritsi da, euskarazko zientziagintzaren aldarrikapena egiteko unea da. Zientzagintzan euskaraz aritzeko garaia da inori baimenik ezta barkamenik eskatu gabe, gure burua behin eta berriro zuritzen ibili gabe.
One comment on “Zientzia jalgi hadi plazara (6): Zientzagintzan euskaraz”