Genetika, genomika ta beste

Zientzia jalgi hadi plazara (7): Kontakizun berria eraikitzen

Aurreko ataletan nire ustez zientziagintzaren helburuak, protagonistak, etika, oztopoak, komunikazioa eta euskararekin harremana zeintzuk diren azaldu ditut. 6 esparru horietan egiten dudan diagnostikoa partekatu dut, nire esperientziatik zein ahulgune eta indargune ikusten ditudan. Gaian dudan ikuspuntua zehazteko, nire pentsamendu sakona partekatzeko eta horrela nire praxia ulertzeko.

DSCN3474

Zientziagintzan kontakizuna (ingelesen narrative hori) aldatu behar dugu. Beti gabiltza ikerkuntza oso garrantzitsua dela esaten, diru gutxiegi inbertitzen dela eta, oro har, kasu gutxi egiten digutela kexaka. Artikulu sorta honetan horietatik ihes egiten saiatu naiz baina, tira, badaude gai batzuk hain iraingarriak direla ostia txarrez jartzen nautela.

Egia da, zorionez, gizartean dagoen ikuspuntua (optics) nahiko positiboa dela zientziagintzaren inguruan: ofizio hau beti oso ondo baloratuta agertzen da. Baina denok jakin badakigu haurrek ez dutela zientzialariak izan nahi esaten, ikuspuntu horrek ere zientzia aspergarria eta ulergaitza dela barneratzen duelako. Beste gauza bat ere esango dizuet, ez dakit zein puntura arte jendartean barneratuta dagoen garrantzia edo inkestetan hori erantzuten den hori delako erantzun behar dena. Azaldu eta konbentzitu behar ditugu zientziagintza positiboa izateaz gain, zientziagintzan murgildu behar direla. Kontakizun berri bat behar dugu, gure ohiko kexa eta hizkuntza barrokotik harago, jendartean ilusioa pizteko eta jendea, batez ere gazteenak, erakartzeko. Gauza oso politak eta interesgarriak egiten ditugu baina oso gutxitan plazaratzen ditugu. Istorio ederrak ditugu kontatzeko baina ilunpean gelditzen dira. Gauza ikargarriak egiten dituzten pertsona arruntak garela plazaratzeko. Bestela galdetu Fermilab 2000an bisitatu zuten haurrei.

Kontakizun berri horren barnean zientziagintzaren onurak aldarrikatzeko eta ikusgai egitea garrantzitsua dela iruditzen zait. Zenbat kale, plaza edo monumentu ezagutzen dituzue zientzia edo zientziari eskainiak? Nik behintzat Bilbon Fleming plaza eta bertan duen eskultura, eta listo. Medikuei hainbat kale bai, baina zientzialariei gauza gutxi, ez bada bertokoak direlako. Balioan jarri behar ditugu, ikusgarritasuna eman, eta lariak eta zaleak plaza publikoa, fisikoki ere, hartu.

Plazaren metaforari balio erantsia aurkitu nion Sarrionandiari bere “Lapur banden etika ala politika” irakurtzerakoan. Kuriosoa da zientzia ez dela inoiz boterearen lehentasun bat izan plazak atontzeko, gerlari eta erlijiosoekin nahikoa baitzuen bidali nahi zuen mezua bidaltzeko. Eta zientziak estropezu egin du beti. Galderak egiten, dena kolokan jartzen. Hori balioan jarri beharko genuke ere, kontakizun berri horretan zientzialariak status quoaren aurka doazen iraultzaileak bezala (Galilei edo Darwin adibidez), epika pixka bat jartzeko. Horrek beti erakartzen du, batez ere nerabeei, eta balio erantsia ematen dio zientziagintzari: inkonformista batzuk gara, ez dugu nahikoa dakigunarekin, gehiago jakin nahi dugu.

Egia da plazaren metafora esparru askotan erabili dela (feminista, euskaltzaleak, etab.) eta halabeharrez beraiekin bertan aurkituko garela. Eta guztiok asko dugula ikasteko, beste balore eta parametro batzuk erdigunean jarri nahi baititugu: elkarlana, onarpena, uztarketa, etab. Inor ez dago soberan plaza publikoan, kontrakoa, denok gara beharrezkoak, eta plazan denontzat dago lekua. Eta ez badago, plaza handituko dugu. Gainera plazan jendearen berotasuna sentitzen duzu, eta hau ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Jendeak zientzia ulertu duela eskertzen dizu, gauza politak idazten dizula esaten dizu, zientzian ere ahaldunduta sentitzen dira pertsonak. Hori ezin daiteke ziurtagiri edo paperen bidez puntuatu baina berotasun hori kristolako erregaia da aurrera jarraitzeko. Halabeharrez zientziaren kontakizun berriak jende ez aditua zientziaren parte ere dela barneratu behar du.

https://twitter.com/SciencePorn/status/747766023638687745

Internet eta sare sozialek, adibidez, aukera eta plaza bikaina eskaintzen dute. Egia da gauza asko ikus/kontsumi daitezkeela, baina zientziagintzak bere lekua izan dezake. Dudarik ez dago leku aproposa dela eta lanabes egokiak eskaintzen dituela zientzia sortzeko, zaintzeko eta transmititzeko. Gainera transmisioa audientzia mota ezberdinentzat egin daiteke eta bakoitzera mezua eta bidea moldatu. Audientziarekin jokatu eta norantz anitzetan egin daiteke komunikazioa. Zer arraio! Internet zientzialariek asmatu zuten datu kopuru handia partekatzeko, nola ez dugu bada erabiliko zientziaren mezuak hedatzeko!

Iruditzen zait euskal zientziagintzak, oztopo guztien gainetik, loraldi bat bizi duela. Elhuyaren eta UEUren lan aitzindariak bere uzta izaten ari dela eta Kultura Zientifikoko Katedra bezalako egitasmoek babesgune bat direla beste egitasmo batzuk aurrera eramateko. Loraldi hau ingelesek window of oportunity deitzen duten hori bat da, aukeren leiho bat, bai orain lari masa kritikoa dagoelako proposamen horiek aurrera eramateko, bai zale masa kritikoa dagoelako horietaz gozatzeko. Unea (ingelesezko timing) aproposa da zientziaren transmisioa eta komunikazioa gorpuzten jarraitzeko eta kontakizun berriei lekua egiteko. Ezin dezakegu aukera hau alferrik galdu, asko dugulako jokoan: zientzia gizartearentzat kontu zentral bat izatea.

Uste duguna baino gehiago egin dugu baina, onena da aurretik asko egiteko dugula. Erronka ederra dugu aurretik komunikazio modu berriekin olgatzeko, zientzia moloia izateaz gain, gure ondare kulturalaren eta gure eguneroko bizitzaren zati garrantzitsu bat dela gizartean barneratzeko. Azken finean, zientziaren kontakizun berria eraikitzeko.

Utzi erantzuna