Orain dela pare bat hilabete tailer batean onartu nuen ez nuela inoiz transgenikoei buruz publikoki hitz egiten. Genetikan polemika gehien sortzen duen gaia izanda ere, nire iritziak izan ditzakeen ondorioak zirela eta nirekin haserretu zitekeenak zirela, ez nuela esaten uste nuena. Baina ehun Nobelen berria niretzat gehiegi izan da eta esan beharrekoak botako ditut. Beroaldia pasata lerrook ez argitaratzea erabaki nuen baina, ze arraio, banoa gustura gelditzera.
Eztabaida mugatzea transgenikoak bai ala ez dikotomiara txorakeri sinplista eta zentzugabea iruditzen zait. Teknika baten edo teknologia baten alde edo kontra egoteak ez du ez bururik ez hankarik. Teknologiak neutroak dira, erabilerak dira onuragarriak ala kaltegarriak. Eztabaidak erabiler(et)an kokatzen dira, erabilera jakin baten aldeko edo kontrako iritziak eta argudioak plazaratuta.
Transgenikoak edozein genetikako laborategietan aurki ditzakezu. Denetarik dago (giza geneak dituzten bakterioak, geneak txertatzen zaizkien giza-zelulak, gene jakin bat kendu zaion sagua eta zerrenda amaigabe bat) eta hamaika kontutarako erabiltzen dira. Transgenikoen “aurka” egotea bigarren mailako ekuazioen “aurka” egotea bezalakoa da. Izatekotan transgenikoen erabilera jakin baten (beren egungo komertzializazioa batipat) aurka egon zaitezke.
Nobel saria izateak ez dizu arrazoirik ematen, ez homeopatia babesteko ezta transgenikoak babesteko
— Koldotxu (@koldotxu) July 2, 2016
Baina ez pentsa aldekoen maila askoz hobea denik. Ze arraio da Nobel saridunak bildu gosetea ekidin nahi ez dela eta transgenikoen aurkakoek gizateriaren aurkako krimenak egiten ari direla adierazteko? Nobela jaso izateak Egiaren jabe egiten dizu eta argudio bezala “Nobel saridun batek dio” erabili daiteke? Orduan homeopatia, misoginia eta arrazakeria ere justifikatuak daude. Demagogiara denok jolas dezakegu. Argudio-lerro hau guztiz zentzugabea da, ad verecundiam falazia bat. Eta uste nuen zientzian eztabaidaren maila igotzeko geundela, pedagogia egiteko, zentzuzko eta zentzudun eztabaida bat izateko, hausnartzeko, ez zabor sasintelektual hori jasateko. “Jainkoak izatera jokatzen duzue”, “zuek jendea gosez hil nahi duzuen azientifiko batzuk zarete“, eta horrela dena. Nire guzti honek lotsa besterik ez dit ematen, guztia ikuskizun bat bilakatu da non hitz potoloak, falaziak eta demagogia besterik ez dagoen. Txutxu-mutxuetako saioen pareko maila. Horregatik ere ez dut honi buruz hitz egiten, lokaztuta bukatzen duzulako.
Kontua kokatzeko Naturek orain dela hiru urte berezi bat atera zuen eta bertan jakin beharreko gakoak aurki ditzakezu. Zera aurreratzen dizut, ez, ez zara mutante bat bilakatuko transgenikoak jateagatik. Izan ere hau tontakeria bat da, jaten ditugun elikagai gehienak barietate ezberdinen hibridoak dira, hautespen artifiziala jasan dute eta organismoen arteko elkartruke genetikoa (transferentzia horizontal bezala izendatzen dena) uste genuena baino ohikoagoa da. Bai, transgenikoen erabilerak belar gaiztoen emendioa ekarri du, erabiltzen diren herbiziden eraginkortasuna murriztuz. Hau eboluzioaren ondorio bat da: presio ebolutibo berri bat sortzen da (transgenikoei eragiten ez dien herbiziden erabilpena), herbizida horietara moldatuta ez dauden belarrak hiltzen dira, baina moldatuta daudenak besteen lekua hartuko dute. Hemen bi argudio daude, bat alde, bestea kontra. Gertaeretan oinarritzen direnak eta eztabaidatu daitezkeenak, baina inoiz halako eztabaidetan ikusiko ez dituzunak.
Nik hemen utziko dizkizut gai honen inguruan ditudan galdera eta dudak, zuk hausnartzeko, zarata eta hitz potoloetatik harago, zeren, aldekoak eta kontrakoak ez bezala, ez daukat iritzi argi bat:
- Serio diogu goseteekin buka dezaketela? Niri hau pentsamendu magikoa iruditzen zait, mirari batetik gertu. Izan ere kontsumitzen dena baino janari gehiago ekoizten da munduan eta, hortaz, goseteekin ez badugu bukatu borondaterik ez dagoelako da, ez produktu bat edo besteren komertzializazioa ekiditen delako. Eta arroza transgeniko hori merkatuan balego ere, aurrekoa jakinda, ez da goseteekin bukatuko. Zientzian ez dago mirarientzat tokirik.
- Errugabetasun-presuntzioa ala ardura-printzipioa? Hau da, teknika baten erabilera kaltegarria dela frogatu behar da hau debekatzeko ala kaltegarria ez dela frogatu behar da baimentzeko? Hau eztabaida orokor bat da, ez bakarrik transgenikoei zuzenduta. Egia da kotxeak eta hegazkinak ez zirela asmatuko ardura-printzipioa erabilita, baina kotxe bat erabiltzeko (IAT-a pasatzea derrigorrezkoa dugu eta ondo ordaintzen dugu pasatzeagatik) edo hegazkin batean joateko hauek seguruak direla frogatu behar da. Ez dut oso argi zein den hemen erabili beharreko irizpidea.
- Zer irakatsi digu eboluzioak? Gai honetan konturik ahaztuena dela iruditzen zait eta biologian ezerk ez du zentzurik ez bada eboluzioaren argipean, Dobzhansky-k esan bezala. Geneak irabazi ala galdu, eta horiek beste organismo batetik lortzea ez da ezer arraroa eboluzioan. Baina egia da gertatu diren aldaketa horiek bere denbora izan dutela moldapen egoki bat direla ziurtatzeko. Ez dakit zein puntura arte dudarik gabe esan dezakegun gene hau ala bestea gehitzeak ez duen konflikto genomikorik sortzen (honi buruz informazioa bilatzen ibili naiz baina ez dut ezer aurkitu) ezta aurresateko ekosistemetan izan dezaketen eragina. Esaten bagabiltza antibiotikoen erabilpen ez kontrolatuak bakterio erresistenteen emendioa (eta mehatxua) eragin duela, zergatik da ideia on bat antibiotikoak erantsita dituzten organismoak landatzea? Gainera konturatzen zara landareez hitz egin dugula transgenikoei dagokiela, eta gutxiago animaliez? Hori ere eboluzioak azaltzen du: landareetan DNA zabor gehiago dagoenez gene bat txertatzea errazagoa da. Suposatzen dut CRISPRari esker gero eta ohikoagoa izango direla animalia transgenikoak.
- Izakiak eta beren geneak patetan daitezke? Niretzat eztabaidaren muina hau da. Guzti honen atzean dagoen galdera saihestezina. Transgenikoen inguruan dauden arazo, iskanbila eta polemika gehienen atzean galdera hori dago. Interes kontrajarriak daudenez ez diogu galdera honi behar bezala heltzen. Enpresa handiek beren inbertsioak babestu nahi dituzte, erabiltzeak ez du nahi enpresa bati lotuta bizi nahi eta erakundeek ez dute inor haserretzerik nahi. Puntu honen inguruan beti galdera bat etortzen zait burura “Eta transgenikoak kode irekikoak balira?”, hau da, nekazariak berak (kooperatiba baten bidez, adibidez) nahieran egin ahalko balitu bere landareak gene hau edo beste gehituta (CRISPR teknikarekin adibidez), arazoen zati handi bat bukatuko litzateke?
Niri lau puntu hauek arduratzen didate auzi honetan. Gutxitan eztabaida lasai, serio eta arrazoizko bat ikusi dut puntu hauen inguruan. Agian ur gutxiagorekin hazi daitezkeen landareak baimendu daitezkeela erabaki dezakegu baina debekatu antibiotikoak, intsektizidak edo herbizidak dituztenak. Kasuz kasuko erabakiak hartzea erabaki dezakegu. Zergatik ez? Baina noski, eztabaida hain latza da, muturrekoa, ñabardura eta dudentzat lekurik ez dagoela. Horregatik ez dut honi buruz idazten eta ez dut berriro gaia jorratuko. Hau da ene ekarpena, ene gogoeta, baina ez naiz horiek defendatzen lokaztuko. Hau beroaldi baten ondorioz egindako parentesi bat besterik ez da eta nire buruari gai honetan jarritako autozentsurari eutsiko diot. Zeren transgenikoen inguruko eztabaida teknologia berri baten erabileren mugei buruzko hausnarketa egiteko aukera galdu bat da. Hitz batez, zientziaren eta bere balioen pedagogia egiteko aukera galdu dugu.