Bidebieta Basaurin dugun auzo bat da. Bertan Bilbotik Urduñara eta Donostiara zihoazen bideak banatzen ziren, edo bat egiten zuten, noranzkoaren arabera. Niri bideen eta ikuspegien metafora hau aproposa eta egokia iruditzen zait, nire ikuspuntua partekatu ostean eta kontakizun berri baten beharra dagoela adierazi ostean, zientziagintzari proposamen hau egiteko eta izendatzeko.
Zientziagintzan arrazoituak eta arrazoizko pertsonak garela pentsatzen dugu. Baina askotan burugogorrak gara eta eztabaida antzuetan tematzen gara. Bata ala bestea. Zientziak ala letrak. Ikerkuntza ala dibulgazioa. Akademia ala plaza publikoa. -oi ala -on. Euskara ala ingelesa. Urduña ala Donostia.
Horregatik hainbeste gustuko dut Kepa Altonagak proposatzen duenean euskaran ingelesezko saxonian way/latin route paradigma erabiltzea. Izan ere, nik hori zientziagintzara orokortuko nuke. Zergatik bide bat ala bestea aukeratu? Zergatik ez buelta eman eta bideak lotzen direla konturatu? Zergatik ez bi bideen aitortza egin eta helmugaren arabera bata edo bestea erabili? Zergatik daude beti aurka egiten duten bi eskola non erdibideak edo ñabardurak posible ez diren? Zergatik ez bilakatu Bidebieta gure alternatibaren plaza?
Ez dakit zein momentutan hasi ginen gehiago besteek txarto egiten dutena azpimarratzen, norberaren hautuen alde onak eta txarrak aitortu beharrean. Horrek min handia egin digu. Bestei zer egin behar duten esaten behin eta berriro, zeintzuk diren besteen akatsak eta gure hautua argiki onena dela saltzen. Horretan tematu gara. Gai askotan, gehiegitan. Bai letrak eta zientziak bereizten, bai akademia eta akademiatik kanpokoa, eta ziur bakoitzak bere esparruan adibideak aurki ditzakeela. Adibidez, nik beti azalpen berdinak eman behar ditut erabiltzen dudan metodo filogenetikoa dela eta, gai horretan eskolen eta gustuen kontua oso nabarmena baita, eta nire proposamena beti berdina da: metodo guztien emaitzak erakustea. Ez dut zertan aukera bat egin behar eta hori justifikatu behar, guztiak antzeko joera dutela azaldu eta kitto. Egia da gauza guztietan ezin dela dena egin baina behintzat bakoitzaren mugak onartzea eta bestearen abantailak aitortzea zintzotasun ariketa gomendagarri bat iruditzen zait.
Gure eguneroko honetan askotan akademia vs dibulgazioa hautua egin behar dugu, denbora eta etekin kontua dela eta. Ba, beno, biak egin daitezke, momentuaren arabera penduluaren alde batean edo bestean zaude, baina guztiz osagarriak dira bi bideak. Posible da biak uztartzea, ez beti nahiko genukeen beste, baina, tira, beti ez duzu zertan protagonista izan behar. Denbora faltagatik ezin baduzu dibulgatu, lasai, joan besteen dibulgazio ekitaldietara edota publizitatea egin! Batzuetan euskarri morala asko eskertzen da! Alternatibak egon badaude, imajinazio pixka bat ipinita.
Baita ere garrantzitsua iruditzen zait beldurra kentzea eta proposamenak egiten saiatzea. Ideia bat bururatu zaizula baina burutazio bat dela pentsatzen duzula? Ba egin lasai, hemen guztiak burutik jota gaude eta erronkak zientzia beste gustuko dugu. Bestela KZJaia, #dazientziat edo Wolfram Deuna bezalako egitasmoak ez genituzke edukiko. Bai, zientziagintzak etorkizuna badu, hori umorez eta burutazioz betea izango da, irudimena eta sormena bultzatzen dituen alternatiba bat izan behar du; zientzian ohikoak diren seriotasuna eta zorroztasuna orekatzeko, eta gero, une eta gunearen arabera erregistroa aukeratu. Baina zientziagintzan ezin dizkiogu gure buruari erregistro horiek mugatu ezta arbuiatu behar: modu guztiak zilegi dira zientzia zentzu eta norabide guztietan hedatzeko.
Hizkuntzarenean ere askotan hautu bat egiteko beharrean egiten dugu gure burua. Ez diot inori ezertan behartuko baina oreka onuragarri bat iruditzen zait lekuan leku esparru bakoitzeko lingua franca erabiltzea, ikerkuntzan ingelesa, jendartean euskara eta akademian zure ikasketak zein hizkuntzan egin dituzun arabera. Hori bai, inoiz ez zuritu zure burua hartzen dituzun erabakiengatik, eta gutxiago euskaraz egiteko hautua egiten baduzu. Askotan “ez du ezertarako balio” horren aurrean kikiltzen gara eta azalpenak eman behar ditugu, erantzuna beste bat izan behar duenean “noski balio duela! Nire hizkuntza indartzeko eta nire hiztun-komunitatea jantziagoa egiteko! Ez izan lotsatia eta batu zaitez gure komunitateetara!“.
Oro har zientziagintzaren alternatiba hau modu positibo, eraikitzaile eta erakargarri batean eman behar da. Zientziagatik grina sentitzen dugu, zientziaz maiteminduta gaude eta, horregatik, poztasuna eta dibertsioa transmititu behar ditugu. Ezin gara marmartiak izan edo gure bulego/laborategietan giltzaperatuak bizi. Bai lan bezala sakrifikatua da eta egun txar asko bizi ditugu. Eta horiek ere plazaratu eta salatu behar dira, gure gabeziak eta arazoak denok jakiteko. Horregatik bi bideko proposamena da hau, ezin delako dena penduluaren alde batean utzi. Baina gurpil zoro batean sartzeko, baizik eta kontrakoa, denon artean aurrera egiteko. Zientziagintza denon ardura da eta plazara doan bidean denok dugu lekua.
Proposamen xume hauekin bukatzen dut zientziagintzari buruko sorta hau. Listo, bukatu da hausnarketa eta lasai utziko zaituztet. Edonola ere, halabeharrez, plaza publikoan aurkitu dugu elkar zientziagintzan modu batean edo bestean jarduten dugunok. Halabeharrez espazio publikoa okupatu eta bereganatu behar dugu egiten dugun lan ikaragarriak ikusgarritasuna izan dezan. Zeren ezkutuan gelditzen den zientzia egiten ez den zientzia bezalakoa da. Hortaz, dudarik gabe eta lehen baino berandu, Zientzia jalgi hadi plazara!