Atzo eta herenegun UEUko egoitzan, Eibarreko Eibarko (Eskerrik asko Luistxo!) Markeskoa jauregi dotorean, bildu ginen zientziaren dibulgazioaz aritzeko, “Zientziaren dibulgazioa: aukerak, baliabideak eta erronkak” izeneko udako ikastaroan. Kronika bat baino (hori profesionalentzat usten dut) harrapatu nituen ideia batzuk ekarri nahiko nituzke.
Lotsatiak gara. Ikertzaileok lotsatiak garela hainbatetan aitortu genuen. Paperean idazten eroso gaude baina ikus-entzunezkoetan urduri jartzen gara. Agian kazetariak bere etxera gonbidatzen gaituztenean hori izan behar dute kontuan: mikrofonoek eta kamerek beldurtzen gaituzte.
Konplizitatea. Willy Roak aipatu zuen bere gonbidatuekin konplizitatea sortu behar duela. Hau aurrekoarekin lotuta dagoela iruditzen zait: komunikazioan profesionala denaren laguntzarekin errazagoa da gure lotsa gainditzea. Konplizitateak konfiantza dakar eta, horrek, epe luzera kazetari eta ikertzaile arteko harremana sendotzen du.
Amamak. Hainbatetan aipatu zen “nire amamari kontatuko banio bezala azaldu” hori lekuz kanpo dagoela. Amamak (jasotzaileen adibide moduan) ez dira tontoak eta, hortaz, ez tratatu tontoak balira bezala. Gauza bat da mezua moldatzea eta bestea jasotzaileari errespetua faltatzea. Nik gauza bat gehituko nuke, guda zibil, gerraoste eta jazarpena biziraun duten pertsonak ezjakinak direla pentsatzea oso elitista da. Guk biziaz gehiago jakingo dugu baina eurak bizitzaz askoz gehiago.
Ez dakigu nola dibulgatu behar den. Eta dibulgatzen ikasten jarraitzen dugula. Norberak bere trukoak eta burutazioak jarri zituen mahaigainean baina argi dagoena da ez dugula errezeta argirik. Pixka bat zientzia bezalakoa dela: esperimentatu formula egokia aurkitu arte.
Denbora. Honetan barkamena eskatu nahi diet bai hizlariei bai parte-hartzaileei denbora ondo kudeatu ez izanagatik. Behin lotsa gainditzen dugula hitz egiten hasten gara eta hamaika kontu interesgarri botatzen hasten gara eta, niri behintzat (Josuri berdin gertatuko zitzaiola iruditzen zait) kriston pena ematen zidan mozteak. Berriro ere barkatu hau ondo ez kudeatzeagatik.
Beharrezkoa zen. Aurrekoarekin lotuta ere, dibulgazioaz hitz egitea beharrezkoa genuen eta horregatik hainbeste gauza kontatu zirela iruditzen zait, ordutegien kalterako. Esperientziak partekatzea, ikusten ditugun indargune eta ahulguneei buruz hitz egin, nola moldatzen joan garen. Norbera bere ikuspuntu eta esperientziatik. Ikuspuntu anitz gai anitzei buruz. Eta jarraipena izatea ere beharrezkoa dela.
Bazkariak. Eta bazkalosteak. Hor zientziaz, dibulgazioaz eta bizitzaz asko hitz egin genuen, euskaldun onak bezala, mahai baten inguruan janariarekin. Giro ezin hobean. Zientzia normaltasunez eta naturaltasunez hartuta, beste edozein gai moduan. Niretzat hau da bidea.
Eskerrak. Lehenak nire partetik Josuri ideia honetan sartzea eskaintzeagatik eta bera guzti honen motorra izateagatik. Bigarrenak hizlariei prestutasun osoa erakusteagatik. Hirugarrenak UEUko jende guztiari, batez ere Iratiri. Laugarrenak ikastarora matrikulatzera animatu ziren guztioi. Eta baita ere, eskerrik asko guri eskerrak emateagatik eta zoriontzeagatik. Lanaren aitortza beti eskertzekoa da.
Beno, hauek dira botoprontoan atera ditudan ideia nagusiak. Zuenak zeintzuk izan ziren?