Genetika, genomika ta beste

Euskal Moby-Dickaren bila

Moby-Dick (Herman Melville, 1851) Estatu Batuetako literaturaren lan ospetsu bat da eta bere hasierako esaldia “Dei nazazue Ismael” ingelesezko literaturaren esaldi ospetsuenetakoa omen da. Moby-Dick metafora bezala erabili ohi da lortzeko ezinezkoa den helburu bat garaiz uzten ez denean. Hain tematuta zaudela balea txuri hori ehizatzeko ez zarela konturatzen zurekin akabatuko duelaz.

moby_dick_p510_illustration

Bestalde Moby-Dick ere beste metafora bat bezala ulertu daiteke: zientzien eta arteen uztarketa bezala. Bi arlo hauek banatu baino lehenago idatzi zenez, zientziari indar eta pisu handia ematen dion fikziozko lan literario bat da. Liburuak dituen 135 kapituluetatik 17tan edozein taxonomia gidaliburutan aurkituko zenituzkeen gaiak, datuak eta deskribapenak jorratzen dira. Hala da, lan asko hartu zuen egileak sinesgarritasuna emateko obrari. Gaur egun “jakintza-alor anitzeko” edo “jakintza-alor arteko” deituko genukeen hori barneratuta zuen, zientzien eta arteen arteko lubakia existitzen ez zelako. Eta uztarketa horrek hizkuntza bati prestigioa, indarra eta ondarea eman zion, hizkuntza horren nahitaezko lan bilakatuta.

Ez da lehen aldia zientzien eta arteen uztarketaz idazten dudala (eta ez da azkenengoa izango). Ezta ere lehen aldia euskarari zientziak egiten dion onuraz. Baina iruditzen zait ez diogula honi duen garrantzia ematen. Honekin zergatik naizen hain txaplata azaltzeko biogeografiako kontzeptu bat hartuko dut: irlen teoria. Izatez sortu zen bizidunek irla bat nola konkistatzen duten eta gero espezieen patua nola moldatzen zen azaltzeko. Baina eredu horiek edonora hedatu ziren, muga geografikoak sortzen diren bakoitzean (naturalak edo artifizialak izan) “irla” berriak sortzen zirelako. Adibidez, mendi-bide berri bat sortzen denean, gurutzatzen duen landa bi “irletan” banatzen ditu. Honek dirudiena baino eragin handiagoa du: azalera txikiagoa denez eta kanpoko eremuetan baldintzak kaltegarriagoak direnez, espezie sentikorrenak, ahulenak, desagertzeko arriskua handitzen da leku gutxiago baitute gustura egoteko, beraien arnasgunea murriztu delako.

Gero eta barneratuagoa dugu hizkuntzekin gauza bera gertatzen dela: hiztunak dituen komunitate handi bat behar dugu eta eremu fisiko handiak behar ditugu hizkuntza horretan aritzeko. Baina ez dakit konturatu garen hizkuntza batean jorratzen ditugun gaien kopurua eta aniztasuna handia izateak duen garrantziaz. Ez dakit konturatzen garen zientziak arteetatik ihes egiteko duen joera hori eta euskal kulturgintzak zientziari dion alergia hori kaltetzen gaituzten mendi-bideak direlaz. Batera handiagoak gara, batera gai gehiago jorra ditzakegu, batera hizkuntzaren eremua zabaltzen dugu.

Horregatik euskal Moby-Dick aurkitu behar dugula diot. Leku bat, plaza bat, erreferentziazko lan bat konplexurik gabe zientziak eta arteak uztartzen dituenak, euskararen arnasgune izango den irla handi bat. Agian ez dugu inoiz bale hori ehizatuko, baina bidean lortutakoak oxigenoa emango dio eta eremua zabalduko dio hizkuntzari.

One comment on “Euskal Moby-Dickaren bila

Utzi erantzuna