Gaur nire urtebetetzea denez, oparia jaso beharrean, egingo dut. Aspalditik dut buruan genetikari buruzko liburutxo bat idaztea. Xumea, txikia, hurbila, asmo handirik gabekoa. Hemen lehen kapituluaren zirriborroa uzten dizuet. Gainontzekoa, tira, dagoenean egongo da. Espero dut zuen gustukoa izatea eta egin nahi beste kritika!
Genetika iruzur handi bat da. Genetikaren alorrean egindako aurkikuntzek hitz eman ziguten gaixotasunak sendatuko zituztela, ehun urtetik gora osasuntsu biziko ginela eta ia nahieran aukeratuko genukeela nolakoak izan. Hitz gutxitan, genetikari esker supergizakiak izango ginela. Baina ez da horrela izan, oraindik hori horrela izango dela saltzen jarraitzen badugu ere. Bai, genetika iruzur handi bat da. Edo hori dirudi behintzat.
Hala ere, genetikaren alorrean lan egin duten 48 ikertzaile Medikuntzako Nobel Sariarekin sarituak izan ziren. Horietako batek gizakiekin lan egin gabe eta guzti. Hortaz, gure osasunean genetikak izan duen eragina ukaezina da. Onerako. Genetikaren alorrean egindako aurkikuntzek gure osasunerako onuragarriak izan dira. Orduan zergatik gelditzen zaigu iruzur kutsu hori? Agian, iruzurra baino, frustrazioa delako. Hainbeste itxaropen jarri ditugu genetikan, hainbeste gauza egingo genituen lanabes genetikoak erabilita, horiek bete ez direnean adarra jo dizuegula dirudiela.
Nire ustez genetikak ez du bere hitza bete bi arrazoi nagusigatik: bizia uste genuena baino konplexuagoa delako eta marketina eskuetatik joan zaigulako. Lehena, aitor dezagun, guztiok gogoko dugu oso argiak garela pentsatzea, baina ez gara. Genetikaren konplexutasuna gutxietsi dugu: egin ditugun aurkikuntzak, handiak badira ere, dena azaltzen zutela uste genuen, baina ez da horrela. Eredu sinpleak erabili ditugu arakatzen hasteko eta, azkenean, eredu sinple horiek erantzuna zirela sinisten bukatu dugu, bidezidor bat besterik ez zirela ahaztuta. Zume horiekin saskitxoa egiten saiatu gara eta, hara, saskia ez da uste genuen bezain sendoa. Ez, ez gara uste genuen bezain argiak eta DNAren hizkuntza deszifratzea uste genuena baino lan gehiago emango digu. Bestea, marketin arazo bat daukagu. Genetikan ikertzea garestia da eta, horrenbeste diru inbertitu ostean, “ba ez dugu oso argi zer den ikusi duguna” esaten badugu ez dizkigute sosak berriro emango. Ondorioz marketina egiten jartzen gara. Baina ez behar bezala, pedagogia egin beharrean zerbait errazagoa eta salgarriagoa egiten dugu: emaitzak puztu egiten dira, dirua bota dela ez iruditzeko eta finantziazioa ziurtatzeko. Benetan zailtasunak eta konplexutasunak modu errazean azaldu beharko genituzke baina gauden gizartean gaude eta kea saltzea eraginkorragoa da zintzoak izatea baino.
Guzti honek titular handi eta hitz potoloak botatzera eraman gaitu. Terapia genetikoekin hasi zirenean, gaixotasun genetikoak sendatuko gai izango zirela esan zuten. Baina bertan behera utzi behar izan ziren. Giza-genoma sekuentziatu zenean gaixotasunak sendatzeari epea jarri genion. Baina oraindik ez dugu erdietsi. Orain genomen edizioaren garaian omen gaude eta geneak nahieran aldatuko ditugu. Ikusiko dugu. Agian pedagogiaren bidea hautatu bagenu ez genukeen horrenbeste frustrazio sortuko. Arduragatik, ez genuke itxaropen faltsurik sortu behar.
Ez, ez gara DNAren hizkuntzan trebeak. Genetikaria izanda DNA sekuentzia bat hartu eta hor zer dioen esateko gai garela saldu beharko nizuke. Baina hau ez da GATTACA filmea eta, esan bezala, ez gara hain arinak. Esaldi sinpleak ulertzen ditugu bai, baina orainaldia ez direnak ihes egiten dizkigute. Gramatika ulertzen dugula uste dugu baina perpaus konplexuetan itxaroten ez genituen osagaiak aurkitzen goaz, DNAren hizkuntzaren gramatika zailduta. Imajina ezazu nolakoa den gure nahastea, biologia molekularreko dogma zentrala (DNAtik abiatuta informazioaren fluxua nolakoa den azaltzen duenak), ez dela ez dogma, ez zentrala, ez benetakoa. Horrenbeste salbuespen ditu, hasieran egiatzat jotzen zirenak hainbeste ñabardura ditu, oso argia eta zehatza zen eredua guztiz irauli dela.
Arazoetako bat izan daiteke zientzian orokortu den gaitz bat: lortzen ditugun emaitzak puzten ditugula, datuek diotena baino gehiago esaten dela. Gizakion genoma deskodetu dugula eta horrek osasunean mugarri bat dela esan ostean ez dago atzera itzultzerik eta esan «Beno, agian gehiegi animatu gara eta ez daukagu hain argi zer dugun eskuartean». Gurpil-zoro honetan sartuta, helburua ez da bilakatzen galderei erantzun bat bilatzea baizik eta zerbait ikusgarria kontatzea. Emaitza negatiboak, hau da, aztertu duzun horrek loturarik ez duela, tiraderan ahaztuta uzten dira salgarriak ez direlako. Edo, zuzenean, porrota bezala hartzen direlako. «Posible izan daiteke» erabilita, hau da, ahaleraren ahalera erabilita, arrisku-salto hirukoitzak egiten dira. Jada ez dugu esaten «da», «ez da» ala «ez dago argi». Orain dena da posible emaitza guztiak interpretagarriak direlako.
Guzti honekin esan nahi dudana zera da, gehiago ikertzen dugun heinean gure ezjakintasuna gero eta ageriagoan gelditzen dela. Ezkutatzen eta hitz dotoreekin saltzen saiatzen bagara ere. Bada garaia, zintzotasunez, ispilu aurrean gure ezintasunak eta gabeziak jartzeko eta agerian uzteko: gauza asko dakizkigu, baina are gehiago dira ez dakizkigunak. Onar dezagun, ez delako ezer gertatzen, eta azal dezagun guztiok jabetzeko genetika ikertzea ez dela hain erraza. Beno, guk biziaren muina aztertzen dugu eta denok dakigu bizitzea ez dela batere erraza.
Hurrengo orrialdeetan, oinak lurrean izanda, genetikak eman diguna, ematen ari dena eta eman dezakeena biltzen eta laburtzen saiatuko naiz, mugak eta tranpak non dauden zehazten. Hurrengo koplak gonbidapen bat dira gure muina aztertzen duen jakintzaren alor hau ezagutzera.
Genetikak ez ditu
gure nahiak bete
begien kolorea
aukeratzerik ezAdarra jo digute
direla genoma,
DNA, proteina
ta hainbeste koplaArgi hitz egin behingoz
zer gabezi dauden
ulertuko dugu ba
lasai egon, motel!Lai, lai, lai
lasai egon, motel!