Badira aste batzuk, Joxeren txio batean inspiratua, Zalldieroak zinta eder hau egin zuen
Eboluzioaren zuhaitza, auzitan (by @joxe & @zaldieroa, v/@berria): https://t.co/I2phXZLlYE
— Ana Galarraga Aiestaran (@AnaGalarraga1) October 11, 2016
Baina, noski, beti marmarti bat etorri behar da festa zapuztera
Sentitzen dut, konbergentzia ebolutiboa ez da nahikoa ahaidetasun filogenetikoa frogatzeko 😛 @AnaGalarraga1 @zaldieroa @joxe @berria
— Koldotxu (@koldotxu) October 11, 2016
Baina zer arraio esan nahi nuen txio horrekin? Hona azalpena.
Bere garaian, taxonomoek bizidunak taldekatzeko hauen ezaugarriak (anatomikoak batik bat) erabiltzen zituzten. Gero genetikaren aroa heldu zen bizidunen arteko harremanak hobeto zehazteko, eta hasieran taxonomoak eszeptikoak baziren ere, izakien arteko ahaidetasunak ezartzen joan dira, datu genetikoetan ere oinarrituta.
Bizidunen taldeak ezartzeko genetika erabiltzen hasterakoan, ordura arte ontzat ematen ziren talde batzuetako partaideen harremana hain estua ez zela ikusi zen. Noizbait kontatu dizuet hausnarkarien kasua. Behiak, ardiak, txerriak eta zaldiak “Ungulatu” izenez ezagutzen zen taldean sailkatzen ziren, oinetan apoak dituztelako. Baina analisi genetikoak egiterakoan hainbat talde ezberdinetakoak direla ebatzi da. Adibidez, apo bikoiti dituztenen (behiak eta ardiak) eta apo bakoiti dituztenen (zaldiak) arteko harremana urrunagoa da, bi apo dituztenen eta bale eta izurdeen artean baino. Izan ere, baleen eta izurdeen hegaletako hezurrak apo bikoitien moldapenak izan daitezke.
Zergatik gertatzen da nahaste-borraste hau? Konbergentzia ebolutiboaren eraginagatik. Hitz ponpoxo horiekin zera esan nahi da, eboluzioaren poderioz, loturarik ez duten bizidunek antzeko ezaugarria lortu dutela. Adibidez intsektuek, hegaztiek eta saguzarrek hegan egin dezakete, baina modu ezberdinean lortu dute gaitasun hori. Edo ugaztunon eta moluskuen begiak, antzekoak direnak baina urruti gelditzen direnak. Eta horrela hamaika ezaugarri.
Zein ezaugarri da garrantzitsua talde bat ezartzerako orduan? Ba, taxonomoek barka nazatela, baina ez dago modu zehatzik jakiteko. Ezaugarri batzuk konbergentzia ebolutiboa izan daitezke, beste batzuk bidean galdu eta horrela ez dago asmatzerik. Genetika gakoa eta oso erabilgarria dela esan nezakeen, genetikari bezala, baina material genetikoa erabiltzeak ere bere mugak eta tranpak ditu. Baina hori beste baterako utziko dut.