Atzo jakin genuen azken bost urteetan diru-laguntzak nabarmenki murriztu egin zaizkiola Elhuyar Aldizkiariari eta Zientzia.eus webguneari. Elhuyar taldea osotzen duten pertsonekin harreman bikaina dudala ez dut ukatuko eta, hortaz, ez itxaron gai honetan objektiboa izatea.
Elhuyar taldeak ikertzaile moduan zientzia hedatzeko hainbatetan aukera eman dit. Oraindik dibulgazioan buru-belarri sartuta ez nengoen Teknopolisen agertu nintzen nire tesia azaltzen. Behin ikertzaile eta dibulgatzaile bezala nire izen ona handitzean, Anarekin #kafepintxo baten inguruan Y kromosomari buruz aritu nintzen, Willyrekin beti kaskoen bestaldean KZJaiari buruz edota CRISPRari buruz aritu izan naiz, Ana eta Alaitzekin 2015ko Wolfram Deunan nire zeregina zehaztea edota Anari eta Egoitzi esker nazioarteko aldizkari batean artikulu bat publikatu nuenean, hurrengo egunera Elhuyar Aldizkariak berria argitaratu zuen. Gainera Zientzia.eus-ek blog honen jarduna jasotzen du eta hainbat bisita bertatik heltzen zaizkit. Esandakoa, ikertzaile batentzat euskarri ezin hobea eta ez daukat inongo dudarik etorkizunean aukera izango dugula batera lan egiteko. Uzten badiete, noski.
Egiten duten lana ez baita debalde. Kalitatezko edukiak egitea garestia da eta, era berean, jendarte jaioago bat eta euskarari arnasa ematea lortzen dute. Egiten dun lan hori onuragarria eta behar-beharrezkoa da. Hori euskaldun, zientziazale eta ikertzaile moduan argi daukat. Nire zergen sosak kudeatzen dutenek hori ez ikustea larria eta arduratzekoa da. Noski gutxi garela halako produktu bat kontsumituko dugunok, asko bagina Elhuyar Aldizkariak ez luke diru-laguntzarik beharko! Horretarako dira diru-laguntzak: bere kabuz finantziazio lortuko ez luketen egitasmo estrategikoak babesteko.
Zeren ez izan dudarik, zientzia bertoko hizkuntzan hedatzea estrategikoa da edozein herrialderentzat. Zientziaren komunikazioa, gizartea egunean edukitzea zientzia kontuetan eta, gainera, bertako hizkuntzan egitea (hizkuntzari hauspo ikaragarria ematen dio), behar-beharrezkoa da. Errentagarritasun soziala eta kulturala aise justifikatzen ditu emandako diru-laguntzak. Oso itsu egon behar da hori ez ikusteko. Oso itsu egon behar da mota honetako komunikabideak galtzea tragedia bat dela. Halako erabakiekin nekez hedatu daiteke zientzia eta hizkuntza indartu. Askotan esan dut, eta errepikatuko dut, zientziaren komunikazioan profesionalak behar-beharrezkoak ditugun zutabeak dira. Beraiek gabe, beren lanik gabe, ez genuke zientzia behar bezala gizarteratuko. Oso inuzentea behar da izan pentsatzeko blog honen antzekoen eta ni bezalako amateurren eskuetan uztearekin nahikoa dela. Geu laguntzeko gaude, baina medioa eta publikoa ezagutzen dutenak profesionalak dira.
Txoko honetatik besarkada handi bat bidaltzen dizuet eta, ez izan dudarik, jarraitzen duzuen bitartean harpide eta bidelagun izango nauzue. Eskerrik asko egiten duzuen lanagatik.