Badakit asteak daramatzadala Edonola elikatu gabe. Dakizuen bezala lanaz aldatu dut eta, gauza batzuk direla, besteak direla, ez dut nahiko nukeen denbora izan zuei bitxikeriak, pasadizoak eta istorioak ekartzeko. Baina tartetxo bat atera dut eta hona lehen egunean erakutsi/irakatsi zidaten kontu bat: Bristol eskala.
Ez, ez da bidai bat zeinak Bristoleko aireportuan eskala bat duen (badakit, txiste oso eskasa), gorotzen forma sailkatzeko eskala bat baizik. Gorotzak 7 forma nagusitan banatzen dira, 1a eta 2a idorrearekin lotzen direnak; 3a eta 4a kolonaren funtzio normalarekin; eta 5tik 7ra beherakoarekin, kolonaren hantura dela eta.
Eskala hau 1997an Bristoleko Unibertsitateko bi ikertzaileek proposatu zuten ia 2000 pertsonen gorotzaren forma aztertu ostean. Bai, lan zikina izan zen (bai, beste txiste txar bat) eta huskeria bat iruditu ahal zaizu; baina eskala hau koloneko iragate-denboraren ez-zuzeneko estimazio gisa erabili daiteke (eskalan gora, iragate-denbora laburragoa), froga astunago eta neketsuago bat saihestuz. Eskala honek ematen duen informazioa dirudiena baino erabilgarriagoa da: kolonaren egoeraren berri ematen du eta beste ezaugarri batzuekin (genetikoak adibidez) uztartuta bestelako ondorioak lor daitezke.
Hortaz, zientzia herritarraren baitan, noizbait medikuren batek edo ikertzaileren batek zure gorotzen forma eskala horren bidez adierazteko eskatzen badizu, ez izan lotsatia eta eman informazio hori: denok ponpari tiratzen diogunean gorotzak gainbegiratzen ditugu 😉
One comment on “Bristol eskala”