Kafepintxo

Katedrala duintasunarekin eta zintzotasunarekin okupatzen

Denboraldia bukatzearekin bat gogoetarako ta hausnarketarako garaia heltzen da. Ikasturte honetan blogari nahiko nukeena baino kasu gutxiago egin diot (ta hori 10. urteurrena izan dela!) eta, hortaz, nahiko baino gutxiago zientziaz idatzi. Behintzat Info7-n entzuteko aukera izan duzue eta Elhuyar aldizkarian irakurtzeko gaixotasun genetikoei buruz eta beren konponbideari buruz.
Honen arrazoia argia da: EHUn azken hilabete (urte t’erdi egia esateko) gogor ta sinesgaitzen ostean lanez aldatu nuen eta, hortaz, ingurune eta lan egiteko modu berrietara ohitu beharra. Hau ez da testuinguru egokia izan zientziaz nahi ta behar beste idazteko. Baina ikasturte honetan bizitako guzti honek gauza batean berretsi nau: ikerketa duina eta zintzoa da bide bakarra.
Artzai Ona, orain lan egiten dudan hiriko Katedrala

Askotan Katedralaren metafora ezagumenduaren, jakintzaren eta hezkuntzaren leku komun eta komunitario bezala erabiltzen da. Joserra Etxebarriak Ikergazte2017an sekulako hitzaldi ederra eman zuen gaiaren inguruan. Baita ere Josu Lopez-Gazpiok 2016ko UEUko udako ikastaroetan antolatu zuen (genuen) ikastaroaren sarrera hitzaldian metafora bera erabili zuen. Jakitun gara balizko euskal Katedral hori eraikitzen (oso) mantso goazela eta, bitartean, beste Katedral batzuen aterpean ibili behar garela. Eskean ibiltze horretan eta arrotzak egiten zaizkidan balore eta jokamoldeei bizirauten sentsazio batekin bukatu dut: dagoen duintasun eta zintzotasun eskasia. Eta hori aldarrikatu nahi dut ikasturteko azkenengo sarreran: gure Katedrala izan arte (eraikitzeko oztopoak jartzen dizkigutelako) beste(en) Katedralak okupatzera behartuta bagaude duintasunarekin eta zintzotasunarekin bete ditzagun. Gauden eta uzten diguten bitartean (beno, dagoenari, hau jada periferiatik idazten dut) duina eta zintzoa izan dadila.
San Mames Zaharra, benetako Katedral bakarra

Duina eta zintzoa edukietan ta gauzatzerakoan

Bada garaia solasaldi serio bat edukitzeko Katedraletan ze arraio egiten ari direnaren inguruan. Edo kanpotik, jendarte eta jendarteak izendatutako ordezkarietatik, sartu eta zipli-zapla zaplaztekoak ematen hasteko ea Katedraleko jakintsuak ernatzen diren. Ezagutzen dudan alorra biomedikuntza da eta nola da posible publikatzen denaren ia %85a kakapiloa izatea? Ziur beste alorretan antzeko gauzak gertatzen direla. Gero eta kaka gehiago ekoizten da Katedralaren barruan, bertoko besaulki eta tronuekin geratzeko. Ezagumenduaren eta zientziaren kaltetan. Denon kaltetan. Ez da bakarrik lotsagatik eta arduragatik halako “ikerketa” erabilgaitzak ez direla publikatu behar… duintasunagatik eta zintzotasunagatik Katedralean daudenei ez litzaieke ezta bururatu behar! Baina azkenean horrela jokatzen da, duintasuna eta zintzotasuna alde batera utzita, besaulki eta prebendak lortzeko, lapur banden etika ala politika jarraituta. Gauzatzeaz esango dudana zera da: iruzurrak ekiditeko lortzen dituzun emaitzekin zintzotasunez jokatu behar duzu, bestela sistema oso pikutara doakigu eta larrutik ordainduko dugu.

Landako gunea, Euskara eta Euskal kulturaren Katedrala

Duina eta zintzoa lan egiten duzun pertsonekin

Agustin Arrietak “Zientziaren argi-itzalak” bikainean zera diosku (19. orrian):
Itsasontzia garrantzitsua bada ere, eskifaia ezin da ahaztu. Azken buruan, eskifaia da garrantzitsuena, eta bidaiak ez du inongo zentzurik eskifaiaren zoriontasuna edo atsegina edo balioesten dugun zer hori bermatzen ez bada. Zenbaitetan, iruditzen zait zientziagintzaren egungo egoeran ahaztu egiten zaigula xehetasun hori, alegia, eskifaiaren garrantzia, eskifaiaren zoriontasunaren garrantzia.
Erabat ahaztu dugu hau: Katedralean lan egiten pertsonak daude, eta duintasunez eta zintzotasunez jokatu behar da. Pasada bat da zein argiak diren harreman hierarkikoak (iruzur piramidalaren itxura hartzen dutenak) eta nola zapaltzen eta mintzen den katebegiko ahulenari, hau da, ikertzaile predoktoralei eta behin behineko egoeran daudenei. Pasada bat da ere zer nolako borroka eta konpetentzia dagoen beraien artean ematen dizkieten apurrak lortzeko. Agian pentsatuta piramidean gora joango dira. Marta Machok Elhuyar Aldizkarian egindako zioten elkarrizketan alderdi ilun hau ausardiaz azaleratzen du. Eta txarrena da berak kontatzen duen hori oraindik ere pasatzen dela. Txarrena da ez diogula behar bezala aurre egin arazo latz honi: askok zientzia-sistema harategi baten moduan ikusten dugu haragia geu garela. Asko kostatzen zait nire inguruan ditudan doktoregai bikainei animatzea, gezurretan ari naizela iruditzen zaidalako eta eskarmentu gutxikoak izango direlako, baina ez ergelak, eta dagoena oso ondo ikusten dute eta pairatzen dute. Benetan Katedralak pertsona baliotsu eta interesgarri askoren sakrifizioarekin mantendu nahi ditugula? Eta gainera beraiei duintasunik gabe eta zintzotasunik gabe tratatuz? Gai honekin oso tematuta eta erreta nago: nire lagunak ez ditu inor mintzen.
Taberna bateko mahaia, birra ta pintxoekin, laguntasunaren Katedrala

Duina eta zintzoa jendartean zabaltzerakoan

Katedrala leku itxi bat bezala imajinatzen badugu non “jakintsuak” ez direnak sartzeko aukerarik ez duten eta sortutako jakinduria ateratzerik ez dagoen, joan gaitezen Katedrala eraistera derrepentean. Soberan dago. Edo jendartean zabaltzen dugu barruan ekoizten dena edo Katedralak ez du zentzurik. Badakizue dibulgazioaren gai honetan taliban hutsa naizela eta ez dut barkamenik eskatuko horregatik: jendartean zabaltzen ez den zientzia egiten ez den zientzia da. Puntopelota. Baina batzuk Katedraletik ateratzen direnean egiten dutena azaltzeko, zera, ea, ez. Jendea aspertzeko, gauzak jendea tontoak baliran bezala azaltzeko edota handikerietan aritzeko, harrikadak merezi dituzte. Jendea duintasunez tratatu, ez baitira ergelak, eta kontatzen duzuna zintzotasunez egin: dagoena dago eta ez dagoena ez dago, itxaropen faltsurik ez sortu. Gauzak ondo azalduta jendeak mezu zuzen eta zehatzak jasotzen ditu, eta behar bezala zabalduko ditu, denon onurako.

Herriko plaza, bizitzaren Katedrala

Idatzi ditudan gauza batzuk probokatzaileak direla? Bai noski! Aizue, ikasturtea oso zaila izan da eta oso neurriduna izan naiz hilabete guzti hauetan! Lagun batek esan zidan bezala “ez dakit nola oraindik ez duzun burua (guztiz) galdu eta ez zaren oihuka eta ostikadak ematen hasi”. Behintzat ikasturteko azkena terapia moduan erabili dut eta, egia esan, eskatzen dudana ez zait hain lekuz kanpokoa iruditzen: zientzian duintasunez eta zintzotasunez aritzea, bizitzako edozein esparrutan bezala. Uda ona pasa, bueltan gaude!

Utzi erantzuna