Guztiok pairatu ditugu sabeleko minak edo ondoezak. Izan gehiegi jan edota edateagatik, birus batengatik edo urduritasunagatik. Baina batzuetan hauek ez dira arrazoi nahikoak gure sabelei gertatzen zaiena ulertzeko eta genetikara jotzen dugu gure barrenak hobeto ezagutzeko.
Digestio aparatuko organoen artean hestea luzeena da eta organo honetan gertatzen diren hainbat gaixotasunen oinarri genetikoei buruz arituko naiz. Hestea bi atal nagusitan banatzen da: heste meharra eta heste lodia. Heste meharra hiru zatitan banatzen da: duodenoa, jejunoa eta ileona; heste lodia ere beste hiru zatitan banatzen da: itsua, kolona (lau atal dituena: goranzkoa, zeharkakoa, beheranzkoa eta sigmoideoa) eta ondestea. Gaixotasun ezberdinek hesteetako atal ezberdinetan eragiten dute eta hauek ageriko sintomak izan ditzakete (hantura adibidez) edota hesteen ohiko funtzionamendua kaltetu.
Heste mehar eta lodiaren atalak. Wikimediatik eskuratua.
Hesteetako hanturazko gaixotasunak Europan 2,5 milioi pertsonei eragiten die eta gainontzeko giza-populazioetan hedatzen ari da. Gaixotasun autoimmune bat da, hau da, immune-sistemak hesteetako zelulak eraso egiten ditu hantura sortuz eta bi gaixotasun nagusitan banatu ohi da: Chron gaitzan eta ultzeradun kolitisean. Bata digestio-hodiko edozein puntutan gerta badaiteke ere ileonean eta kolonean agertu ohi da, bestea kolon eta uzkira mugatu ohi da. Jatorria guztiz ezaguna ez bada ere bakterioen eta genetikaren arteko elkarrekintza proposatu da gaixotasun hauen eragile bezala. Genetikari dagokiola, 200 bat eskualde genomiko erlazionatu dira gaixotasunarekin. Nire nagusiak (Mauro D’Amato Ikerbasque ikertzaileak) parte hartu duen ikerketa berri batek eskualde genomiko hauetako hainbat sakonago aztertu ditu eta eskualde horietan kokatzen diren gaixotasunaren balizko eragileak ebatzi dituzte: Chron gaitzaren kasuan immune-sistemarekin lotutako geneek eragiten dute eta ultzeradun kolitisaren kasuan hesteetako mukosarekin lotutako geneek.
Hesteetako hantura sortzen duen beste eritasun ezagun bat gaixotasun zeliakoa da, heste meharrari eragiten diona. Gainontzeko gaixotasun gastrointestinaletan ez bezala, gaixotasun honen abiarazlea ezaguna da: hainbat zerealetan agertzen den glutena. Aurrejoera genetikoa duten pertsonek garatzen dute beren dietan glutena agertzerakoan eta aurrejoera genetiko honen eragilea ezaguna da, sistema immuneko gene bat, baina ez da nahikoa gaixotasunaren agerpena azaltzeko. Gaixotasunaren agerpena baldintzatzen duten balizko gene horien bilaketari esker beste 62 eskualde genomiko lotu egin dira gaixotasun zeliakoarekin. Aurkitu diren azkenak, nik egindako lan bati esker.
Hantura sortzen duen beste gaitz bat, baina hain hedatua ez dagoena, kolitis mikroskopikoa da, populazioaren %0,2ak pairatzen duen gaitza. Honek bi aldaera ditu (kolagenozko kolitisa eta kolitis linfozitikoa) eta ez dago argi gaixotasun beraren parte diren ala bi eritasun ezberdin. Hala ere, badirudi kolagenozko kolitisean eritasun zeliakoan eragina duen gene berdinak eragin dezakeela, kolitis linfozitikoan eraginik ez duen bitartean (bai, hau ere lankideek aurkitu zuten, pesaus). Hortaz, badirudi genetika lagungarri izan daitekeela kolitis mikroskopikoa bezalako gaitzen ezagumenduan sakontzeko.
Heste minberaren sindromearen (HBSaren) ezaugarriak.
Badira beste gaitz batzuk ondoeza sortzen dutenak baina ageriko arrazoirik (hantura, infekzioa,…) ez dutenak. Horiek nahasmendu funtzional izenez ezagutzen dira eta digestio-aparatuaren funtzioa behar bezalakoa ez izatea eragiten dutenak. Horien artean hedatuena heste minberaren sindromea (HMS) da. Hiru modutara ager daiteke: idorreria nabarmena denean, beherakoa nabarmena denean eta bien agerpena parekoa denean. Bere jatorria eta garapena ezagunak ez badira ere (behin gainontzeko gaixotasun gastrointestinalak baztertuta diagnostikatzen da) dieta, bakterioak eta geneek eragin dezaketela iradoki da. Osagai genetikoari dagokiola hainbat gene lotu dira gaixotasunarekin, esate baterako, azukreen digestioan parte hartzen duten geneak edota hesteetako mugimenduak kontrolatzen dituztenak. Hala ere oraindik ez da genoma osoa aztertu, arestian aipatutako gaixotasunetan bezala, eskualde genomiko jakinak gaitz hauekin lotzeko. Hutsune hori betetzeko asmotan, nire nagusiak koordinatzen duen Bellygenes egitasmoaren baitan, hainbat europar populaziotako milaka pertsonen genomak aztertzen ari gara. Hurrengoko hilabeteetan lan honen emaitzak hona ekartzea espero dut.
Orain arte aipatu besterik ez baditugu ere, bakterioek izan dezaketen eginkizuna ezin dezakegu ahaztu. Giza-zelula beste bakterio ditugu eta bakterioen eginkizuna ezinbestekoa da gure hesteetan digestioa burutzeko. Bakterioak identifikatzeko beren material genetikoa erabiltzen da eta, bakterioen espezie gehienak ezezagunak direnez, material genetikoak dituen ezaugarrietan oinarrituta hesteetako bakterioen talde nagusiak zeintzuk diren ondorioztatzen da, hau da, zein den heste-floraren osaketa. Honi esker taldekideek jakin dute gorotzen maiztasuna eta sabeleko mina heste-floraren osaketarekin lotura dutela.
Arestian aipatutako emaitzak giza-populazio jakinetan egindako ikerketei dagozkie. Halako gaixotasun genetiko konplexuetan populazio artean dagoen aldakortasuna ezin daiteke arbuiatu. Izan ere, halako gaixotasunetan eragiten duten geneak ezberdinak izan daitezke jatorri komuna duten populazioetan. Hori dela eta, populazio jakin batean tratamendu eraginkorrak bilatu nahi badira, populazio jakin hori aztertu behar da, askotan beste populazioetan lortutako emaitzak ezin baitira erabili. Hau are nabarmenago da berezitasun genetikoak dituzten populazioetan, euskal populazioan esate baterako. Populazio hauetan, halako gaixotasunetan, berezkoak diren faktore genetikoek eragin dezakete, beste populazio batzuetan agertzen ez direnak, eta, hortaz, behar-beharrezkoa da populazio hauek ere aztertzea. Eta halako ikerkuntzak erdiesteko ahalik eta pertsona gehienen, izan gaixoen izan osasuntsuen, laguntza eta parte-hartzea ezinbestekoak dira. Sabeleko mina denon artean, auzo-lanean, saihestea lor dezakegu.
One comment on “Geneak, bakterioak eta sabeleko mina”
Comments are closed.