Biga. Interes gehien piztu duen bigarren genea TNF da, tumoreen nekrosi faktorea delakoa, 5435 zita baititu. 80ko hamarkadaren bukaeran piztu zen gene honi buruzko interesa eta ordutik urtez-urte gero eta gehiago ikertu da.
TNF genea 6. kromosoman kokatzen da eta zelula-hazkuntza, zelula-garapenean, zelula-hiltzean, lipidoen prozesamenduan eta koagulazioan garrantzitsua da. Batez ere hezur muinean eta nodulo linfatikoetan aktibo dago. 119 generekin elkarrekiten du eta 124 prozesu biologikoetan parte hartzen du. Guzti honetaz gain, gaixotasun autoimmuneetan, insulinarekiko erresistentzia eta minbiziarekin lotua izan da.
Deja vu pixka bat, ezta? Berriro ere minbiziarekin bueltaka. Ohartu zinen: minbizia gaixotasun genetiko ikertuena eta hedatuena da. Minbizi mota gehienak heredatzen ez badira ere eta, hortaz, teknikoki gaixotasun genetikoak ez badira ere, minbizia sortzeko eta garatzeko geneetan arazoak (mutazioak) sortu behar dira. Arazo hauen iturria ezberdinak izan daitezke: mutazioak sortzen dituzten produktuekin kontaktuan egon edo inguruneetan lan edo bizi (izpi ultramoreak, amiantoa, etab.), asko bizi, mutazio bat zoriz gene garrantzitsu batean izan, etab. Baina arazoa da zure zelulek bere lana behar bezala ez egitea beren errezeta-liburuan (DNAn) akatsak daudelako.
TNFek zelulen heriotza kontrolatua eragiten duenez, ez badu behar bezala funtzionatzen zelulek ez dute jakingo edo ulerteko bere buruaz beste egin behar dutenik eta, hori, arazo handi bat da. Horregatik interesa gene honetan.
Iruzkinak
Erantzun bat “Generik ikertuenak: TNF” bidalketan
[…] TNF du izena eta gene bat da. Geneari erreparatu dio Koldo Garcia genetistak bera baita gene ikertuenen artean bigarrena. Izan ere, badaude arrazoiak bera ikertzeko, Koldok azaltzen digun moduan 6. kromosoman kokatzen den gene hau zelula-hazkuntzan, -garapenean, -amaieran garrantzitsua da eta baita ere, lipidoen prozesamenduan eta koagulazioan. Baina horrez gain, TNF geneak badu ere zeresana gaixotasun autoimmuneetan, intsulinarekiko erresistentzian eta minbizian. Gene honek ez du minbizirik sortzen baina arestian aipatu dugun moduan, eragina du zelulen hazkunde eta garapenean, prozesu anormalak sorrarazteko gai da, hau da, mutazioak eta horiek dira propio minbizia sorrarazi dezaketenak. Agian ez dut behar den argi azaldu, lasai, Koldo Garciak azaltzen digu garbi bere blogean: Generik ikertuenak: TNF. […]