Azken aldian arduratuta nabil. Geneek jazartzen nautela iruditzen zait. Ingelesek diote mailu bat duzunean iltzeak besterik ikusten ez dituzula. Tira, genetikaria izanda agian geneak besterik ez ditut ikusten (teknikoki hala da, bizidun guztiok geneak baititugu; eta bizidunok edonon gaude) baina iragarkietan, berrietan eta enparauetan geneak, DNA eta halakoak erabiltzen dituzte zerbaiten berezkoa den ezaugarri bat adierazteko.
Gazteagoa nintzenean “odolean darama” esaten zen; “geneetan darama” entzutea gero eta ohikoagoa da. Nolabait genetika herri-kulturan sartu da. Genetikari bezala kontzeptu hauek herri-kulturan txertatzearekin pozik egon beharko nintzateke, ez arduratuta. Bada, bai, pozik egon banago, baina. Bai, egoera hau “bai, baina” horietakoa da. Baina, hori, geneei, DNAri edota material genetikoari, nolabaiteko ezaugarri saihestezin bat ematen zaie, patu bat bailiran. Eta hori gaizkia da.
Telesailek ere DNA dute. Metaforak esku artetik ihes egin digu 🤦🏻♂️🤦🏻♂️🤦🏻♂️ pic.twitter.com/w9yFHRu02o
— Koldotxu (@koldotxu) September 5, 2018
Hori, geneak edonon aurki ditzakegu
Albiste, adierazpen edota publizitatean (euren artean ezberdintasunik ote dago?), “gure DNAn dago”, “geneen boterea zure eskura”, “gazte mantentzen da bere geneen ondorioz ala saldu nahi dizudan kosmetiko garesti hau erabiltzen duelako?” eta halako kontuak gero eta gehiago erabiltzen dira. Zer esan nahi dute horrekin? Ideiarik ez, baina hori erabiltzen badute oso moloia izan behar duelako da. Bere produktuari sinesgarritasuna emateko ke saltzaileek zientzia askotan erabiltzen dute, zer egingo diogu, baina horrek esanahiak hustea edo txarto interpretatzea dakar.
Hortik dator nire ardura. Primeran dago genetika kontzeptuak hedatzea, baina jendartea genetikan alfabetatzeko izan dadila, ez gehiago saltzeko trikimailu ziztrin bat. Zeren, azkenean, geneek zerbait betirako ezartzen dutela da gizartean gelditzen den kutsua. Eta hori gaizkia izateaz gain, ez da guztiz horrela (inguruneak zer esana du ere, e?) eta, gainera, gauza oso txungoak justifikatzeko erabili daiteke.
Egia esan, herri-kulturan genetikako kontu oso moloiak txerta daitezke. Adibidez, erderaz “horri irakinaldi bat falta zaio” esan ohi da, norbait berezitxoa denean. Horren ordez “horri generen bat falta zaio” esatea, berez, zuzena izan daiteke. Kaletik generen baten faltan duten pertsonak egon baitaude eta horrek gauza asko azal ditzake. Genetikaren erabilera aldrebesa barne.
Koldotxu naiz, hau Edonola da eta genetika azaltzen dut herri-kulturan egoki txerta dadin. Ongi etorriak denboraldi (seigarrena!!!) berrira.
One comment on “Geneen jazarpena”
Comments are closed.