Kafepintxo

Berrehun metro

Ez dut ospitale batean lan egiten baina ospitale batean dago nire lan-lekua. Ospitalera zuzenean lotuta ez dagoen eraikin bakarra da baina, fisikoki, ospitalean kokatuta dago. Autobus geralekutik laneko atera arte distantzia laburra da. Ez naiz inoiz ona izan distantziak neurtzen baina zer izango dira, berrehun metro? Distantzia labur horretan, jendearen aurpegietan, hamaika bizitza ikusten dira. Negarra, tristura, urduritasuna, poza, nekea, lasaitua, ardura,… istorio anitz metro gutxi batzuetan.

Gertuko pertsonei aipatu izan diet fisikoki ospitale batean lan egiteak nire lanari ertz berri bat gehitu diola. Beti kontuan izan dut genetikak ikertzeak pertsonetan eragina izan dezakela, ertz bioetikoak eta genetikaren inplikazioak buruan izanda. Baina aurpegi horiek ikusteak beste dimentsio bateaz ohartzera eraman dit, pertsona horien egoeran zuzenean eraginik ez badut ere. Ez dakit oso ondo azaltzen, nire lanak dituen inplikazioez jakitun nintzela uste nuen baina ez nintzen. Orain ertz horretaz hobeto ohartzen banaiz ere, ez dakit ertz horretaz guztiz jabetzen naizen. Horiek kontutan hartzen saiatzen naiz, ikertzen dudanari beste ikuspuntu batzuk gehitzeko. Eta horrela hobeto ulertzeko.

Ihes egiten dizkidaten alderdi eta kontu asko daude, baina badira beste batzuk oso esanguratsuak egiten zaizkidanak, bizi ditugun garaien isla. Azken egunetan ikusi ditudan bi pasadizo.

Baga. Ospitaleko ingurutik paseo bat ematen nengoen, hankak luzatzeko. Amara eraikineko atzealdean bada parketxo lasai bat, Amara eraikinaren ezkerrean dagoen parkingera sarbidetako bat duena. Beti txanda egoten da bertan aparkatzeko, beti norbaitek galdetzen dizu ea kotxea aterako ote duzun. Inkluso behin bateriarik gabe gelditu zen gizon baten kotxeari bultza egin nion, kotxea abian jartzeko asmoarekin. Pot. Baina inoiz ikusi ez dudan zerbait gertatu zen orain dela gutxi: pertsona bat beste bati aurre egin eta kontuak eskatu aparkatzeko txanda errespetatu ez eta kolatu zelako. Builaka. Biraoka. Aitzakiak eta purrustadak. Oso tirabiratsua izan zen. 

Biga. Autobusean. Ospitalera heltzeko bi minutu. Telefonoz pertsona bat. Non dagoen azalduz, gertu dagoela. Solaskidea entzun eta hitz egiterako bere txandan tonua igotzen doa. Gertu dagoela errepikatuta. Tentsioa nabari da. Solaskidearen txanda. Berriro bere txanda eta tonua normaltzea lortzen du ospitalera heltzear garela. Momentuko txar ulertze bat edo beroaldia. Baina tentsioa hor egon da.

Ez da atsegina ospitalera joatea. Jaiotzak salbu, ospitalera joatea tentsio inplizitu edo esplizitu puntu bat dauka. Horregatik garrantzitsua egiten zait ospitalean ahalik eta samurren, adikor eta begirunetsu jokatzea. Enpatia eta pazientziarekin jokatzea. Hori galtzen ari gara ere, inon eta inoiz baino beharrezkoa den leku eta une batean. Zaintza eta sendatzea periferian daudenez, komunitatea hiperego batek ordezkatu duenez, talka anker horiek sortzen dira.

Zuekin hau partekatu nahi nuen nahiko gorputz txarra utzi didatelako. Goibel bezala. Nire lanari giza ertza gero eta garrantzia gehiago ematen diodanean, ospitalera datozenek gizatasun hori galtzeak kezkatzen nau. Dena hotz. Dena egoa lehenengo. Eta osasuna gauza garrantzitsuegia da horrela jokatzeko.