Azken asteetan koronabirusa gora koronabirusa behera ibili gara. Alarmismoa nagusi zen baina ni lasai nengoen. Zenbakiak ikusita, hau da, zenbat infekzio zeuden eta zenbat hildako zeuden ikusita, ez zitzaidan ezer espektakularra iruditzen. Egunero gripez jende gehiago hiltzen da. Txinako agintariek 2002-2003ko SARS koronabirusaren kudeaketa kaskarretik ikasi zutela zirudien eta erabaki arinak eta irmoak eta komunikazio zehatza eta zuzena egiten ari ziren. Agian gezurretan ari ziren, e? Baina oso sinesgarria eta eredugarria iruditzen zitzaidan. Egin beharrekoa egiten ari ziren.
Nire inguruan galdetzen zidatenean lasai egoteko erantzuten nuen. Are gehiago, Bordelera lagun handi bati bisita egitera joan nintzaion eta, bertan nengoela koronabirus kasu bat konfirmatu zen. Euskal Herrira koronabirusa eramango zuen lehen pertsona izango nintzealarekin txantxetan ibili ginen. Hori zen ardura maila.
Gaian aditua ez banaiz ere lasai nengoen informazioa interpretatzeko lanabesak eta jakintza banuelako. Birologoa ez banaiz ere, tesia genometan dauden birusei buruz egin nuen. Epidemiologoa ez banaiz ere, osasungintzan diharduen biologoa naiz. Hortaz, lasai egoteko arrazoiak nituen. Akaso ardura uler dezaket txertorik ez dugulako eta, birusaren garapenaren arabera, babes hori ez edukitzeak ezinegona sor dezake. Baina ez dirudi arduratzeko zantzuak dagoenik.
Munduko beste puntara begira geundela AP8 autopistaren erdian lur-jauzi bat gertatu zela jakin genuen, Zaldibar parean. Gero jakin genuen zabor-jauzi bat izan zela eta bi pertsona zaborraren azpian zeudela. Gero jakin genuen bilaketa lanak eten zituztela amiantoa zegoelako eta zabor-jauzia ezegonkorra zelako, AP8a irekitzea lortu bazuten ere. Gero jakin genuen sute bat piztu zela zabortegian baina zabor-jauzia ezegonkorra zelako ezin zela itzali, baina lasai egoteko airearen kalitatea normala zela. Gero jakin genuen amiantoa ez dela arriskutsutzat jotzen behar bezala paketatzen bada. Gero jakin genuen zabortegiak irregulartasunak zituela. Gero jakin genuen zaborperatutako langiletako batek egunak zeramatzala esaten zeozer larria gertatuko zela. Gero jakin genuen ez dakizkigun beste material batzuk egon daitezkela. Gero jakin genuen aireko furano eta dioxina mailak oso altuak direla. Auskalo oraindik zer jakin behar dugun.
Koronabirusa aitzaki, Bartzelonan egiten den kongresu erraldoi bat bertan behera gelditu da. Baina niri koronabirusak ez dit ardurarik sortzen, Zaldibarrekoak bai. Distantzia kontu bat izan daiteke, azken finean koronabirusa urrun gelditzen da; eta astean zehar zortzi aldiz pasatzen naiz zabor-jauzitik, inguruko herrietan hainbat txiolagun ditut eta UEUko egoitza akademikoa Eibarren dugu. Hortaz, niretzat pertsonala denez, gertukoa denez, nire ardura eta ezinegona hortik datozela pentsa dezaket. Baina nire kezka beste zerbait da. Ezjakintasuna da. Informazio falta da. Gertaera hori behar bezala ulertzeko lanabes falta da. Ez naiz geologoa edo fisikaria, ezin dezaket jakin zabortegiaren kokapena segurua al den eta zabor-jauzia zergatik ezin den arinago egonkortu, Alberto eta Joaquin aurkitzeko eta sua itzaltzeko. Ez naiz fisikaria, ez dakit zeintzu aire korronte dauden inguruan herri batzuei abisuak emateko eta inguruko beste batzuei ez. Ez naiz epidemiologoa, ez dakit furano eta dioxina horiek osasunean sortzen dituzten ondorioak (informazio hori bila dezaket, baina beranduago landuko dut puntu hau). Ezjakintasuna inpotentzia erraldoia bat da.
Guzti horrek ondorio batera eta beste galdera askotara eraman nau.
Ondorioa da ze lasaitasun ematen duen konfiantzazko erreferenteak dituzunean. Orain ulertzen dut zergatik jendeak galdetzen didan pil-pilean dauden gaiengatik edo gertutik ukitzen dituzten gaiengatik. Askotan aipatu izan dut ez zaidala batere gustatzen genetika nirekin identifikatzea. Orain ulertzen dut ez dela hori, baizik eta gaiei heltzeko dudan estiloak (informazio ulergarria, zintzotasuna eta zuhurtzia) pertsona horiek lasaitzen dituztela. Konfiantzazko geologo, fisikari eta epidemiologoak behar ditut.
Sortzen zaizkidan galderak (Ramon Solak Garan egiten dituenez gain):
- Benetan EAEn ez dago geologiaz eta fisikaz dakienik Herbehereetatik adituak ekartzeko? Zeren lurra mugitzeaz asko dakite, baina mendi asko ez dituzte…
- Ezagunak izango dira inguruko aire-korronteak, ezta? Modelizatuak egongo dira jakiteko ke toxiko hori noraino heltzen den, ezta? Eta ez badaude, informazio hori arin lortzeko gaitasuna dugu, ezta?
- Uler dezaket bost egun behar direla furanoen eta dioxinen probak egiteko (zientzia esperimentaletakoa naiz), baina, benetan, ez dago EAEn laborategirik arinago egin dezakeena edo, behintzat, proba horiek arinago egiteko ikertzen ari den talderik? Orduan Zubietan dioxinak moniturizatuko direla esaten denean, denbora erreala + 5 egun esan nahi da? Eta ez gabiltza hori arinago egiteko inbertitzen? Eta Zabalgarbin zer egiten da? Petronorren?
- Eskuragarri al daude neurketen datuak? Datu gordinak, estazioetatik zuzenean ateratzen direnak. Gai gara datu horiek azaltzeko edo airearen kalitatea nolakoa den abisuak ematen dituen app bat garatzeko?
- Furano eta dioxinen esposizio akutuari buruz informazioa bila dezaket. Egin dut. Gutxi dago; eta dagoena bakarrik da lasaigarria esposizioa bukatzen bada. Baina irauten duen bitartean, birikitako edo gibeleko arazoak banitu, lasai, lasai esaten dena, ez nintzateke egongo. Zergatik hain gutxi ikertu da gai hau oro har? EAEn lehen aipatutako dioxina-guneak egonda, ez al da lehentasunezkoa guretzat gai hau ikertzea?
Zeren aurreko guztiei erantzuna ezezkoa edo dudazkoa bada… Ze arraio egiten gabiltza euskal ikerkuntza sisteman? Ze ikaragarria eta onartezina iruditzen zait gauza sinple horiek erantzuteko eta egiteko gai ez bagara. Horrela bada, ikertzaile bezala porrot izugarria iruditzen zait, gizarteari huts egin diogu eta kontuak eman beharko genituzke.
Saihets zitekeen tragedia honek ertz asko ditu. Niretzat gehienak prepolitikoak dira eta horregatik ere asaldatuta nago. Onartezinak dira desagertutako bi pertsonen senideekin egin dutena eta inguruko herritarrei egin zaien iruzurra. Erakundeek sinesgarritasuna eta zilegitasuna galdu dute. Utzikeriagatik eta harrokeriagatik gauza gehiegik huts egin dute. Eta ez dirudi konpontzeko borondaterik dagoenik. Arrakala erraldoiak sortu dituzte. Koronobirusa katarro bat besterik ez da guzti horren aldean.
One comment on “Furanoak eta dioxinak ez dira koronabirusa”
Comments are closed.