Ikusiko zenuten azken orduetan SARS-CoV-2aren jatorriari buruzko lan bat argitaratu berri dela. Txio askotan ikusiko zenuten lan hori erabili dela koronabirus horren jatorri artifiziala eta konspiranoikoa gutxiesteko. Baina ez gelditu soilik “aditu talde batek artifiziala ez dela esaten duenez, ba sinistu eta kitto”, aukera hau erabili dezakegu zergatik ez den artifiziala ulertzeko. Eta artikuluak uzten dituen beste datu interesgarri batzuk lantzeko.
Lan honetan egin dutena da SARS-CoV-2aren genoma aztertu eta beste koronabirus batzuekin erkatu. Espreski, punta (ingelesez “Spike” deitzen da eta horrela euskaratu dut) proteina aztertu dute, zelulak infektatzeko erabiltzen dutena hain zuzen ere. Horrela, bere helburua izan da SARS-CoV-2aren berezko ezaugarriak ezagutzea eta ezaugarri horien jatorria zein den ulertzea.
Koronabirus mota ezberdinekin erkatu ostean SARS-CoV-2aren proteina horrek dituen bi ezaugarri nabarmentzen dituzte: SARS-CoV-2a giza ACE2 hartzaileari lotzeko duen gaitasun handia; eta lotura hori burutzeko erabil ditzakeen bitartekarien heina zabalagoa izan dezakela 12 baseko insertzio bati esker. Hartzaileari lotzeko gaitasuna dela eta, afinitate altua badu ere, adituek diote ez dela optimoena, ez dela lotura ideal bat. Oso eraginkorra bai, baina ez eraginkorrena. Bitartekarien kasuan, azpimarratzen dute gaitasun hori balizkoa dela, gene-sekuentzian dagoela baina oraindik jakin behar dagoela zein den bere benetako eragina; eta gaitasun hori beste leinu batekoa den giza-koronabirus batean ere ikusi dela.
Hortaz, kontuan hartuta hartzailearekiko lotura ez dela onena; koronabirusak manipulatzeko erabil daitezkeen tekniken zantzurik ez duenez; eta ezagutzen diren birus-txantiloitik ez denez eratorri (bai, birus-txantiloiak daude, adibidez, tratamendu berriak asmatzeko)… laborategian sortu denik ez da probablea. Hori dela eta, hiru agertoki eztabaidatzen dituzte birus honen sorrera azaltzeko, datu nahikorik ez baitago bakarra proposatzeko:
Baga. Hautespen naturala jatorrizko animalian gizakira salto egin baino lehenago. Alde: Wuhaneko merkatuan hasi zenez, pentsatzekoa da hor saltzen diren animalietan egon daitezkeen koronabirusetik salto egin izana. Zalantza: ezagutzen den koronabirusik antzekoenak (saguzar espezie bateko RaTG13 birusak) ez da modu oso efizientean giza ACE2 hartzailera lotzen. Kontuan izatekoa: Pangolinek dituzten hainbat koronabirusek badute ACE2 hartzailera lotzeko gaitasuna. Hortaz, gaitasun hori koronabirusetan ohikoa dela dirudi. Baina bitartekarien kontuan, koronabirus horietan ez da ikusi. Koronabirusen dibertsitatea ez dugunez benetan ezagutzen, laginketa kontua izan daiteke ahaiderik gertukoena aurkitzea.
Biga. Hautespen naturala gizakian jatorrizko animaliatik salto egin ostean. Alde: SARS-CoV-2a gizakiotan ezaugarri berdinak ditu, hortaz, gure espeziera adaptatu dela dirudi; eta bitartekarien kontua SARS-CoV-2ko proteinan bakarrik gertatzea gizakien arteko transmisioan agertu izana iradoki dezake. Zalantza: SARS-CoV-2aren aitzindaria azaro bukaerakoa / abendu hasierakoa denez, kasuen agerpenen datarekin bateragarria dena; hortaz iraupen ezezaguna duen denbora tarte batez gaixotasunik sortzen ez zuen koronabirus aitzindaria transmititu da gizakien artean SARS-CoV-2ak bere gaitasun guztiak lortu arte. Horretarako hainbat salto gertatu beharko lirateke, aukera nahikoak izateko hori horrela geratzeko. Egia da MERS-CoV koronabirusaren kasuan (2012an Saudi Arabian gertatutakoa) dromedariotatik gizakietara salto egin zuela hainbat aldiz, baina birusa ez zen gizakira adaptatu eta ez zen gizakien arteko transmisiorik egon.
Higa. Laborategian hautespena gertatzea eta nahi gabe askatzea. Egia esan agertoki honek dena kontra du: zelula-hazkuntzekin edo animaliekin lan egiterakoan SARS-CoV-2ak berezkoak dituen ezaugarri guztiak sortzea oso zaila da. Gainera, hori horrela izateko, SARS-CoV-2aren oso antzekoa den aitzindaria bat beharrezkoa da, eta lehenago aipatu bezala, ez dago horrelako birusik. Hortaz, ez nahita, ez nahigabe: ez dago datu nahikorik SARS-CoV-2a laborategi batean sortu denik esateko.
Laburbilduz: SARS-CoV-2a, ezagutzen ditugun koronabirus infekzioso guztiak bezala, beste animalia baten eta gizakien arteko transmisioaren ondorioz gertatu izana da agertokirik probableena.
Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
One comment on “Itxialdirako genetika (4): SARS-CoV-2aren jatorria”
Comments are closed.