Orain dela bi aste, norberak egiteko gene-test baten iragarkia agertu zitzaidan Twitterren. Kasu horretan nutrizio gene-test bat zen nire gene-profila ezagutzeko eta horrela jaso dieta eta bizi-estilo gomendio pertsonalizatuak pisua galtzeko, mantentzeko eta horrela ekidin gainpisua eta obesitatearekin lotutako gaixotasunak. Imajina dezakezue nire erreakzioa.
Zera, aste honetan Zientzia Kaieran gene-testei buruz aritu naiz, ea prest ote gauden gene-testak erabiltzeko azaltzeko. Zin dagit bi gaiak denboran gurutzatu direla baina biez aritzea kasualitatea dela. Baina oso aproposa dena, zeren badirudi guri ere gene-test hauek eskaintzen hasiko direla. Eta zergatik txioan nion gauza oker asko daudela? Ba, zera, oraindik ez nintzelako beren webgunera joan eta ematen duten informazioa ikusi. Kontua askoz zentzugabeagoa zen.
Ez dute bakarrik nutrizio gene-testak eskaintzen, baita ere arrisku kardiobaskularrak izateko, hiperkolesterolemia edo tronbofilia duzun aztertzeko eta aipatutako nutriziokoa. Horretan zentratuko naiz, zeren nire BZO mailarekin ez dut gehiegi jokatu nahi.
Ematen diguten lehen datua, zure genetikak zure pisuan %50eko eragina du. Hortaz garrantzitsua da zure gene-profila zein den jakitea zure dieta eta bizi-estiloa hori kontuan hartuta ezartzeko. Baita ere kontuan izan behar duzula, beste %50 zure dieta eta bizi-estiloaren eraginez denez, genetika mesedegarri bat bizi-estilo kaltegarri batek pikutara bidali dezake; edo genetika kaltegarri bat leundu daitekela bizi-estilo onuragarri batekin. Txalo bero bat. Baina, benetan genetikak %50eko eragina al du pisuan? Ba, zera, hori zehaztu zuen lehen lanean genetikaren eragina %80 ingurukoa zela zioten; eta beranduago egin ziren beste lan batzuek behintzat %40koa dela diote. Hortaz, nondik atera duten %50 hori? Auskalo. Agian lanen bat dago hori diona, e? Zeren badirudi oso aldakorra den zifra dela.
Ematen diguten zehaztasun bat: 175 gene-aldaera aztertzen dituzte. Argitalpen esanguratsuetatik aterata. Beherago horietako 3 aipatzen dituzte, 2004, 2005 eta 2013koak hain zuzen ere, dena oso eguneratua. Gene-aldaera horiek aztertuta jakin dezakezu obesitatea, diabetesa edota kolesterol maila altuak izateko duzun aukera, gose asko izateko duzun joera, zure energia-gastua edota ariketa fisikoari eta dieta hipokalorikoei zure erantzuna. 175 gene-aldaerekin hori guztia jakin dezakezu… eskutatik kentzen didatela, lagunok!
Amarrua kontutako dizuet: alde batetik diote genetika pisuaren %50a erantzulea dela; beste batetik 175 gene-aldaera aztertzen dituztela. Buruan ze lotura inkontziente egiten dugu? 175 gene-aldaera horiek %50 horren erantzule direla. Bada, gauzak ez dute horrela funtzionatzen. Jakin dezakegu ezaugarri batean genetikak zein eragina duen baina, gehienetan, hori horrela izateak eragiten duten gene-osagai guztiak ez ditugu ezagutzen. Adibidez FTO geneak eragin handia du obesitatea garatzeko orduan, (ziur gene horren aldaerak aztertzen dituztela) baina badira beste gene askok eragina dutenak ere. Baina obesitatea eragiten duten aldaera guztiak ez dira ezagunak. Noizbait pisuan eragina duten gene-osagai guztiak ezagutuko ditugu (genetikaria naiz, hori esan behar dut), baina hori horrela izateko genetika askoz hobeto ulertu behar dugu.
Gene-test hori medikuaren bidez eros daiteke eta medikuarekin batera emaitzak eztabaidatu. Kuriosoa egin zitzaidan prozedura hau, baina hasieran aipatu dizuedan artikulua prestatzen ohartu nintzen modu horretara gene-testek arrakasta handiago dutela. Kontua da, orokorrean, medikuek genetikaz nahiko gutxi dakitela eta gene-kontseilariak ez daudela arautuak. Nire kezkak ditut gene-informazioa interpretatzeko eta ulertzeko baliabideak ditugun.
Albo-kontu bat: pisua galtzeko metodo magikoetan “dieta orekatua eta bizitza osasungarria egin” esaten dute letra txikian. Nahikoa agerikoa da dieta orekatu bat baduzu eta bizitza osasungarria baduzu pisua kontrolpean izango duzula. Azkenean mezua hori bada, zertarako saldu metodo magiko bat edo gene-test bat? Egin dieta orekatu bat eta eraman bizitza osasungarri bat eta kitto!
Zera, gene-marketina hemen dago, termino zientifikoekin nahastu nahiko gaituzte baina beste edozein produkturekin gertatzen den bezala bakarrik saltzeko da dena. Ez fidatu inoiz kutsa-beltzez. Are gutxiago genetikaren zerikusia badute.
Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
2 Comments on “Itxialdirako genetika (6): Gene-marketina”
Comments are closed.