Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Itxialdirako genetika (7): Zoroa eta patxadaz, mesedez

COVID-19aren inguruan gauza asko gertatzen ari dira. Niri dagozkidan ertzetatik, gauza asko kezkatzen naute. Horien artean dago zein arin dabiltzan SARS-CoV-2aren eta COVID-19aren inguruan zientzia-argitalpenak ateratzen. Batzuk hori dabiltza goraipatzen, zein ondo dagoen zientziak abiadura handia hartzea halako egoeran, elkarlanaren isla dela eta, gainera, datuak irekiak direla. Ni ez naiz hain baikorra.

COVID-19a kezkagarria zenean baina ez larria, txio batzuk bota nituen biomedikuntzako erreferentziazko datu-basean (Pubmed-en) zenbat zientzia-argitalpen zeuden esanez. Niri zenbakiak barregarriki edo etsigarriki altuak iruditzen zitzaizkidan.

Gero begiratzeari utzi nion. Gaur begiratu dut eta ia 1200 artikulu daude, horietatik 70 inguru errebisioak.

Kontua da prozedurak asko bizkortu nahi badira ere, arintasun horrek mugak dituela. Hain denbora gutxian hipotesi pertinenteak egin daitezke, horiek onartzeko edo ezeztatzeko esperimentu egokiak planteatu eta burutu, esperimentu horiek egiteko materiala lortu, esperimentuen emaitzak modu egokian interpretatu, guzti hori ganoraz azaltzen duen artikulu bat idatzi, artikulu hori beste aditu batzuk aztertzea egon daitezkeen hutsuneak seinalatzeko eta, badaude, beharrezkoa dena aldatzeko? Horietako pausuren batean lasterbideren bat hartu bada, malo. Horietako pausuren batean, arintasunaren mesedetan, zuhurtziaz jokatu ez bada, malo. Artikuluaren izenburuan “apparent” jartzen badu, malo. Ze, ondorio okerretara hel gaitezke, gero beste artikulu batek zuzentzen duena, eta denbora galdu dugu denok eta informazio okerrak zabaldu dira. Eta guztiok ikusten ari gara hori gertatzen ari dela.

Bestalde artikulu guztiak ez dira esperimentalak. 

Batzuk dira kasuen azalpena. Hainbat paziente artatu direla eta zeintzuk diren beren ezaugarriak. Horrelako hiru kasu hemendik, hamazazpi bestelako handik, ez dakit zerren lehen kasua. Etab. Txosten epidemiologikoak artikulu bilakatuta.  

Beste batzuk dira sortu diren artikuluen bilduma, egoera laburbiltzen dutenak, errebisio izenez ezagutzen ditugunak. Hauen inflazioa demasa da. Hiru hilabete dituen gaixotasun bati buruz ezin daitezke hainbeste errebisio egon, ez da egon denborarik lan zientifiko nahikoa horiek mamitzeko eta errebisioak ganoraz idazteko.

Niri aurreko guzti horrek argi uzten dit CVak eta egoak puzteko estrategiaren ondorio direla. Horietatik artikulu esanguratsuak gutxi batzuk izango dira, gehienak ikerkuntza eta zientzia-argitalpen sistemak elikatzen jarraitzeko zarata. Metrikak, bisitak, zitak. Hori besterik ez. Datu gutxi batzuk argitaratu, gero datuak “ireki” eta horrela zitak jasotzea bermatu. Business as usual, aldizkari entzutetsuetan publikatu ahal izateko modako gaia baita COVID-19a. Baina oinarrizko galdera asko erantzunik gabe jarraitzen dute… ez delako egon denborarik patxadaz horiek aztertzeko.

Hori argitaratu diren zientzia-lanen inguruan. Zeren berrikusi aurreko lanak ere egon badaude, adibidez bioRxiv-en edo medRxiv-en. Horietan ia 700 artikulu daude COVID-19-aren inguruan. Euren webguneetan oso argi adierazten duten bezala, horiek behin behineko lanak dira, adituek berrikusi gabeak. Zerbitzu horiek sortu ziren zientzia-aldizkarietara artikuluak bidali baino lehenago emaitzak zientzia-komuniatearekin elkarbanatzeko eta feedbacka lortzeko, egon daitezkeen hutsunez ohartzeko edota lanak hobetzeko. Zientzia-artikuluen prototipoak dira, oraindik lanketa bat behar dutenak. Inkluso zerbitzu horietan argi esaten dute: komunikabideetan ez dira jaso behar ziurtzat bezala. Baina gero twitterren halako berrikusi aurreko lanak zabaltzen dira… inkluso ikertzaileak direnek ere! Horrek nola funtzionatzen duen jakin beharko luketen pertsonek lan horiek zabaltzen? Ba bai.

Beste ertz kezkagarri bat. Estatu Espainolean diru-funts bat jarri da. Herenegun martxan jarri zen eta egitasmoak heltzen diren heinean, baloratu eta dirua ematen zaie. Europar Batasunetik etzirako deiak bidaltzeko eskatu da. Benetan norbaitek uste al du honi brainstorming arin batekin aurre egiten zaiola? Hemen jendeak betikoa egitea proposatuko du, beste proiektuen kopiatu-itsatsi egin, denbora gehiago dutenak (zaintzara dedikatu behar ez direnak, adibidez) eta izen handia dutenek eramango dituzte baliabideak. Ezer berririk ez egiteko. Mendebaldeko gizon txuri burges hizkuntz hegemonikodunen ikerkuntza egiten jarraitzeko. Gutxi batzuei funtzionatzen dien eredua baina guztion beharrei aurre egiten ez dien eredua, hain zuzen ere.

Guzti honek ondorio kaltegarriak ditu, ikerkuntza-sistemaren aje guztiak biluzten ditu momenturik txarrenean gai garrantzitsuegi batekin. Pertinenteak, esanguratsuak eta interesgarriak diren zientzia-artikuluak oharkabean pasa daitezke hainbeste zaratarekin; beharrezkoak diren ideia zoroek ez dute lekurik izango izen handia ez dutenek proposatzen dituztelako. Eta orain, inoiz baino gehiago, zientzia oso zoroen garaia da, oso ezberdin pentsatzeko garaia da. Eskerrak Etzi.pm daukagun, bertan zientzia eroaz aritzeko lekua baitaukagu. Eta orain, inoiz baino gehiago, zientziak patxadaz egiteko garaia da. Eskerrak Ikergazten norbaitek proposatu zuela. 

Bai, ikertzaile euskaldunok, periferikoak garenok, aurreratuak gara; gure agintariak talentua kanpotik erakartzen tematzen badira ere.

Presa dugunez, denbora galdu baino lehenago ondo pentsatu behar dugu zer egin behar dugun. Zientziak deus ex machina bat direla pentsatzeak frustrazioa eta okerrak bakarrik dakartza. Zientziek ez dute miraririk egiten, zientziek zorotasuna eta patxada behar dute.

P.S. Txertoa? Gauza bera.

Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina