COVID-19 gaixotasunaren inguruan SARS-CoV-2a da lerroburu guztiak eramaten dituen parte-hartzailea. Baina bada beste parte-hartzaile garrantzitsu bat pixka bat oharkabean pasatzen ari dena: SARS-CoV-2a zeluletan sartzeko erabiltzen duen ACE2 hartzailea. Ikas dezagun pixka bat berari buruz!
Lehenik eta behin, zer dira hartzaileak? Hartzaile bezala ezagutzen dira zelulen gainazalean dauden molekula batzuk, zelularen sentsore moduan funtzionatzen dutenak. Horiei esker zelulak jakin dezake bere inguruan zer gertatzen ari den eta, horren arabera, bere metabolismoa moldatu kanpotik jasotzen dituen seinaleen arabera. Sentsore asko, ezberdin eta mota ugari daude une oro kontrolatzen zer gertatzen ari den. Adibidez, hormonak, neurotrasmisoreak, nutrienteak edo beste molekula batzuk ezagutzeko espezializatuak daude. Ah! Eta zelula-mota guztiek ez dute zertan hartzaile katalogo osoa erabiltzen, hartzaile batzuk zelula-motaren arabera espezifikoak baitira.
Birusek hartzaile horiek erabili ditzakete zelulan sartzeko. Sentsore horiek birusentzat zirrikituak dira. SARS-CoV-2aren kasuan ACE2 hartzailea da zirrikitu hori. Gene hori ezaguna zen basodilatadore moduan funtzionatzen zuelako eta uste zelako bihotzaren funtzioaren erregulatzaile garrantzitsua izan litekela. Izan ere, gene hau hainbat ezaugarri eta gaixotasun kardiobaskularrekin lotu da, hala nola, hipertentsioarekin, ezkerreko bentrikuluren hipertrofia edo arterietako odol-presioarekin. Baita ere giltzurrunetako funtzioan, emankortasunean eta arnas-aparatuan eragin dezakela behatu da. Kuriositate txiki bat: gene hau animalia bilateral guztietan agertzen da eta bere funtzioa nahiko kontserbatua dagoela dirudi.
Hurrengoko datua zein giza-ehunetan aktibo (hitz teknikoa hori esateko: adierazi edo espresatu) dagoen jakitea da. Hau da, zein zelula-motek erabiltzen dute asko gene honek sortzen duen proteina? Eta hemen #plottwist bat gertatzen da.
Jakina, birikietako albeoloetan adierazten da, guztiok dakigu SARS-CoV-2ak arnas-aparatuan eragiten duela; baita ere arterietan, bihotzean, testikuluetan (bere funtzioa horiekin lotua dago) eta… sistema gastrointestinalean, espreski heste mehean. Eta heste mehean bere espresioa ikaragarri altua da, baina demasa, gainontzeko ehunetan baino aaaaaaaskoz gehiago. Itxoin, norbait ezagutzen dugu genetika gastrointestinala ikertzen duenak… mmmmmm… hara! Nik! #plottwist hau ez nuen espero. Horrek zerbaitetarako balio du eta ekarpenik egin dezaket birusaren aurrean? Ez, baina nahiko Baina Ze Arraio momentua izan da 😂 😂 😂
Hortaz, ACE2 hartzaileak, bere hartzaile funtzioaz gain, odoleko presioa kontrolatzen du eta hainbat ehunen funtzioa bermatzeko beharrezkoa dela dirudi. Imajinatzen dut, honen ostean, horiek zentzuk diren hobeto ikertzen hasiko direla.
Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez
One comment on “Itxialdirako genetika (8): ACE2 hartzailea”
Comments are closed.