SARS-CoV-2 birusa RNA birusa dela entzuteaz/irakurtzeaz aspertuko zinen. Itxialdirako genetika sorta honetan ere aipatu izan dugu hori! Agian institutu garaietan azken aldiz aurkitu zinen molekula honekin, hortaz, goazen berau aztertzera, baina saltseo pixka batekin.
Irakasten digutenean azido erribonukleikoa beti bigarren mailan kokatzen da, DNA baita “garrantzitsua” edo “eredu”. Adibidez, “RNA harizpi bakarrekoa da, ez DNA bezala, harizpi bikoitza duela”, harizpi bikoitza duten RNA birusak badaude ere; “RNA DNAtik kopiatzen da, DNAren mezulari lana egiten du”, RNA DNAn kopiatu badaiteke ere eta bere buruaren mezulari izan; “Hiru RNA mota daude: mezularia, erribosomikoa eta transferentziazkoa”, eeeee horiez gain RNA hizki-zopa oso bat dugu eta oraindik ziur ez ditugula RNA mota guztiak ezagutzen.
Gure zeluletan DNA gene-informazioaren gordailua da eta bertan funtzio guztiak jasota daude. RNAk informazio hori jaso eta diona burutzen du, proteinen bitartez. Baina irudiaren zati bat besterik ez da, orain gutxi arte bakarrik hori ikusteko gai ginelako. Hortaz, imajinatzen dut horregatik RNAri paper pasibo hori ematen zitzaiola, menpekoa edo bigarren mailakoa balitz bezala. Baina gero eta argiago dago RNAk funtzio aktiboa duela gene-informazioaren kontrolean, transmisioan eta interpretazioan. Onar dezagun, RNAren egitura DNAarena baino sinpleagoa eta iragankorragoa bada ere, funtzio anitzak burutzen ditu, gene-informazioaren suitzar labana da.
Bai RNAren mundua urte luzeez uste genuena baino askoz konplexuagoa da. Urteetan gutxiespena jaso duela esan genezake. Baina nola gutxietsi dezakegu mundua jakean jarri duen molekula bat? Biologian inoiz ezer ez da dirudien bezain sinplea!
Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
One comment on “Itxialdirako genetika (12): RNA”
Comments are closed.