Itxialdirako genetika (13): Endorfinen genetika

Etxean sartuta gaudenez eta kanpotik datozen berriak momentuz pozgarriak ez badira ere, bizipoza mantendu behar dugu. Ongizate sentsazioa eta euforia endorfinek eman ahal dizkigute, plazerra sortzen dizkiguten jarduera batzuetan (esaterako, txokolatea jaterakoan edo orgasmoan) askatzen baitira gure nerbio sistemara. 

Hiru endorfina mota daude: α-endorfina, β-endorfina eta γ-endorfina. Hiruetatik garrantzitsuena (eta luzeena) β-endorfina da eta endorfina mota guzti hauek POMC genearen produktutik sortzen dira. Gizakiotan POMC genea 2. kromosoman kokatzen da eta batez ere, nabarmenki eta espektakularki hipofisian adierazten da. POMC genearen produktua zati txikiagotan zatitzen da: melanozitoak estimulatzen dituen hormona mota batean, hormona adrenokortikotropikoan, metenkefalina opioazeoan eta endorfinetan, opioazeaok direnak ere. Gene honen mutazioak lotu izan dira obesitatearekin, gutxitasun adrenalarekin eta ilegorrien pigmentazioarekin.

POMC gene hau adibide bezala balio digu ulertzeko zergatik giza-genoma sekuentziatu baino lehen, 50.000-140.000 giza-gene zeudela uste zen eta orain, jakin badakigu, 20.000 gene inguru direla. Zergatik ezberdintasun hori? Alde batetik gure gorputzean funtzio asko daude martxan, eta uste zen gene bakoitzak funtzio bat betetzen zuela. Gero ikasi genuen hori ez dela horrela eta biologian dena konplexuagoa dela. POMC genean ikusi dugun bezala, genetik sortzen den produktua modu ezberdinetan mozten bada funtzio ezberdinak dituzten molekulak sortzen dira. Kasu honetan gene batek 4 funtzio ezberdin betetzen ditu. Beste gene batzuekin gauza bera gertatzen da eta beste batzuetan bestelako prozesuak gertatzen dira funtzio-aniztasun hori gauzatzeko. Beste prozesu horiek beste egun baterako utziko ditugu 😉.

Etxean gaudenez, ez dugu ahaztu behar gure endorfinak martxan jartzeaz, gure poztasun maila igotzeko. Hori lor dezakegu kirol pixka bat egiten eta txokolate asko jaten.

Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez 
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA

Iruzkinak

2 erantzun “Itxialdirako genetika (13): Endorfinen genetika” bidalketan

  1. […] maitatzen hasi gara. Asteon, beste bildumatxo bat ekarri digu. Gai ugari jarri ditu mahai gainean. Hasteko, endorfinak ditugu. Zer dira? Orain beharrezkoak ditugu etxean, konfinamendu egoera honetan, bizipoza mantentzeko: […]

  2. […] geneak10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA13) Endorfinen genetika14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)15) Birusei aurre egiten16) Tuskegee deitutako […]