Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Itxialdirako genetika (15): Birusei aurre egiten

Esan nuen modu “ofizialean” ez dudala COVID-19az hitz egiten, baina bai idazten dudala zeharkako gaiez edota nire izenean, pixka bat dakien herritar modura alegia. Eta ziberezagun batek galdetzen badu, lege onez erantzun beharko zaio. Ane Urkiolak galdetu zigun ea birusak nola hiltzen diren eta erantzuten saiatu nintzen sei txiotan. Beranduago nire aitak galdera berdina egin didanez ere, eta Gorka Juliok dioen bezala, txiotan jartzen dena euskarri egonkorragotara pasa, txio horietan jasotakoa, txukundu eta hedatu dut.

https://twitter.com/koldotxu/status/1242475377542361088?s=20

Birusak “Hiltzeko” modu eraginkor bakarra antigorputzak sortzea da, hau da, gure immunitate-sistemak birusari aurre egiten “ikastea”. Hori lortzen da infektatu baino lehenago txertoa erabilita. Txertoen bidez, normalean birus desaktibatu bat dena edo bere azaleko proteinak, gure immune-sistemak entrenatzen dira. Horrela, infekzioa heltzen denean, gure immune-sistemak badaki zer egin. Baina SARS-CoV-2aren kasuan ez dugu txertorik, egoera bestelakoa da, txertoen aurkakoek nahi duten egoera, hain zuzen ere. Ez dirudi berriro bizi nahi dugun egoera denik.

Orduan, zer gertatzen da txertorik ez dagoenean? Ba infektatuak garenean gure immunitate-sistemak ikasi behar diola aurre egiten. Hau da,  gure B-zelula txuriek, birusarekin topo egiterakoan, zerbait arraro delaz konturatzen dira eta antigorputzak sortzen hasten dira. Horregatik denbora tarte bat behar da birusari aurre egiten ikasteko, antigorputzak zoriz sortzen direlako, birusari aurre egiten diona lortu arte. Azken finean proba eta akats prozesu bat denez, denbora behar da. Dirudienez, pertsona gehienoi hori egiten dugu arazo larririk gabe (sintoma apalak, sukarra etab.), ikasketa-denbora horretan birusak ez digulako kalte larririk sortzen. Kezkatu behar gaituztenak prozesu hori egiteko arazoak dituztenak dira: immunodepremituak, arnas-aparatuko arazoak dituztenak, etab. denbora edota lan gehiago beharko dute birusari aurre egiten “ikasteko” (proba eta akats prozesu hori motelagoa delako) edo aurretik dituzten sintomak areagotu daitezkelako.

Badakigu halako kasuak egongo direla, hortaz zer egin? Denbora irabazi. Hau erlojuaren aurkako ikasketa bat. Bi zentzutan irabazten da denbora: 

– Baga: infektatu-tasa apaltzen badugu (kurba famatua), larriak izango diren kasu-kopurua txikiagoa izango da egun bakoitzean eta, hortaz, lekua eta baliabideak egongo dira horiei zaintzak eskaintzeko. Birusari aurre egiten ikasten duten denboran, behar duten zaintza izatea bere sintomak kontrolpean izateko. Horrelako jende-kopurua mugatzen bada, osasun-sistemak gaitasuna izango du guztiak artatzeko.

– Biga: behin infektatuta, birusaren hedapena moteltzen duten tratamenduak aurkitzea, horrela denbora irabazten da pertsona horiek immunitatea lortzeko. Beren immunitate-sistema motelago doanez, denbora estra ematea birusari aurre egiten ikasteko. Badirudi tratamendu eraginkor batzuk aurkitzen ari direla estrategia honen baitan, ea konfirmatzen diren. Beste aukera bat da jada sendatu diren pertsonen plasma gaixo batean erabiltzea, plasma horretan antigorputz horiek baitaude. Horrela, birusaren karga jaisten da eta denbora irabazi gaixoaren immunitate-sistemak ikasi arte.

Edonola ere, norberak sortutako antigorputzak dira modurik eraginkorrenak birusei aurre egiteko. Baina antigorputz batzuk ez dira betirako, iraungitze data dute. Horregatik helduak garenean “gogoratzeko” txertoak jasotzen ditugu, antigorputz horiek aktibo mantentzeko. Oraindik ez dakigu, goiz baita, SARS-CoV-2aren aurka sortzen ditugun antigorputzek zenbat irauten duten. 

Hortaz, gure immune sistemak ikastea eta denbora irabaztea. Horiek dira gakoak birusen aurrean.

Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez 
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)