Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Itxialdirako genetika (16): Tuskegee deitutako amesgaiztoa

Aliatuek kontzentrazio-esparruak askatu zituztenean bertan naziek egindako esperimentu zitalak agerian geratu ziten. Nurenbergeko epaiketetan, Mengele doktoreak eta enparauek egindakoa aztertu eta epaitu zen. Horiek ez errepikatzeko 1947.an Nurenbergeko kodea onartu zen, giza-esperimentazioa egiteko gida-lerroa. Onarpen nahikorik jaso ez zuenez, bere puntuak garatzen zituen Helsinkiko adierazpena onartu zen 1964.an, giza-ikerkuntza egiteko mugarri bilakatu zen dokumentua. Hala ere, Tuskegeek oraindik han jarraitzen zuen.

Tuskegee, Alabama, Estatu Batuak. 1932. urtea zen eta, Tuskegee Unibertsitatearen bitartez, osasun zerbitzu publikoak  “odol gaiztoa” gaitzaz tratatzeko hasitako ikerketa batean 600 beltz txirok izena eman zuten. “Odol gaiztoa” hizkera arruntean erabiltzen zen hainbat gaitzen multzoa adierazteko, hala nola, sifilisa, anemia edota nekea; AEBko hegoaldeko afro-amerikar komunitatean hilkortasun kausa nagusia izanik. Parte-hartzaileei esan zieten sei hilabetez “odol gaiztoa” gaitzaz tratatuak izango zirela eta, parte hartzeagatik, eman zitzaien dohaineko osasun-arreta, janaria eta ehorzketa asegurua.

Hala ere, esan ez zitzaiena izan zen sifilisaren garapena aztertzeko ikerketa zela. Ikertzaileek jakin bazekiten 600 pertsona horietatik 299 pertsonek sifilisa zutela, baina ez zitzaien diagnosia eman eta inoiz ez zitzaien esan ez zirela tratuak izango. Sei hilabete baino askoz gehiago iraun zuen ikerketa tamalgarri honek.

Gainera, ikertzaileek eragotzi zieten bertako biztanleentzat eskuragarri zeuden tratamendu programak jasotzea. Adibidez, II. Mundu Gudan parte hartu behar zuten gizonei zentro militarrek sifilisa diagnostikatu bazien ere, eta militarrek tratatu behar zirela esan bazuten ere, ikertzaileak hori saihesten saiatu ziren. 

1947. urterako jada penizilina sifilisa tratatzeko estandarra bazen ere, ikerketa honetako arduradunek ez ziten parte-hartzaileei ezer aipatu eta informazioa ezkutatu zitzaien. Hortaz, behin tratamendu eraginkor bat zegoela jakinda, ikerketa bukatu eta gaixoak tratatu ordez, sifilisaren garapena “ikertzen” jarraitu zuten. Nurenberg urrun zegoen.

Ikerketa horrek bere horretan jarraitu zuen hainbat osasun-arduradunek ikuskatuz. 1972. urtean Peter Buxtunek prentsara filtratu zuen Tuskegeen gertatzen ari zena: Washington Star egunkariak jaso zuen lehenengo eta hurrengo egunean New York Timesek azalean eraman zuen. Urte horretan bertan behera gelditu zen “ikerketa”. 40 urte beranduegi. Ondorioak latzak izan ziren: parte-hartzailetako asko sifilisaz hil ziren, 40 emakumek sifilisaz kutsatu ziren eta 19 haur sortzetiko sifilisarekin jaio ziren. Amesgaizto honek AEBtako legedian aldaketak eragin zituen, Helsinkiko adierazpenetik 8 urte pasa eta gero. 1997. Urtean Bill Clintonek AEBen izenean barkamena eskatu zien biktimei.

Ez izan dudarik ikerketa hau zuzendu eta gauzatu zuten ikertzaileek uste zutela gizateriaren onurako ari zirela esperimentua burutzen. Momentu konkretu batean ardura sortzen zuen gaixotasun bat ikertzen jarri ziren berau hobeto ulertzeko, eta lasterbide batzuk hartu bazituzten ere eta tranpa batzuk egin ere, justifikatuta zeuden salbatuko ziren bizitzen mesedetan. 

Horregatik gizakiotan ikerketak egiteko kode etiko bat dugu, Helsinkiko adierazpenean laburbiltzen dena. Hotzean, zerbait ikertzeko presarik ez dagoenean, gure buruei jarri diegun etika-arau minimoak; hau da, egin dezakeguna eta egin ez dezakeguna argi utzi, beroaldietan eta presa dagoenean gurutza ezin ditzakegun marra-gorriak ezartzea, horiek ez erlatibizatzeko eta horiei jaramonik ez egiyeko. Zeren gizateriaren onuraren eta bizitzak salbatzearen aitzakiarekin edozer justifika dezakegu.

Izan daitela Tuskegeeko esperimentua gogorapen bat giza-ikerketetan denak ez duela balio, izan infekzio bat hobeto ulertzeko, izan txerto bat lortzeko.

Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez 
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten