Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Itxialdirako genetika (18): Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0

COVID-19 gaixotasunaren kudeaketaren inguruan badaude kezkatzen nauten ertz batzuk. Buruan nuen horiei buruz idaztea eta Xabier Landabideak ere proposatu zidanez horri buruz idaztea, gaurko pilula genetikaren eta eboluzioaren erabilera maltzurrez izango da. Hau da, eugenesiaz eta darwinismo sozialaz.

https://twitter.com/txerren/status/1242752919184838657?s=20

Egun hauetan, SARS-CoV-2ari aurre egiteko estrategien artean badira batzuk guztiz lazgarriak direnak. Taldeko immunitatea lortzearen aitzakia erabilita, proposatu da neurririk ez hartzea denok birusa hartzeko eta immunizatzen joateko, bidean pertsona asko hil badaitezke ere; onargarria dela pertsonarik ahulenak sakrifikatzea denon onurarako. Erresuma Batuak estrategia hori hasi zuen baina bertan behera utzi behar izan zuen hildakoen kopurua hazi zenean; Suediak eta Herbeheerek oraindik martxan dute estrategia hori. Estrategia honetaz gain, gertuago, badugu beste estrategia bat: aktibitate ekonomikoa mantentzea, aktibitate hori funtsezkoa ez bada ere. Zeren funtsezkoak ez diren aktibitate guztiak gelditzen badira, etorkizunean hildako gehiago egon daitezke COVID-19 gaixotasunak sortzen dituenak baino. Onargarria dela orain langileak hiltegira bidaltzea etorkizuneko balizko hildakoak ekiditeko.

Eugenesiak beti ardura sortu du eta bi distopia genetiko famatuenek lantzen dute: Bai mundu berria eleberriak eta Gattaca filmeak. Ez da lehen aldia eugenesiaz hitz egin behar dugula eta Teknopoliseko Atariko Frogan zientziaren hanka-sartzerik handiena bezala hautatu nuen. Badirudi orain dela ehun urte gertatutakoaz ez dugula ikasi eta, berriro ere, beste forma batekin bada ere, berriro hemen gaudela. 

Orduan aitzakia zen giza-espeziea hobetzeko gene-ondaretik ezaugarririk ahulenak ezabatu behar zirela. Horretarako “ahul” bezala definitzen ziren pertsonak (adimen-atzeratasuna zuten pertsonak, adibidez) antzutu egiten ziren, ondorengorik ez izateko. Hau da, guztion onurako ahulenak sakrifikatzea. Bide batez, tesi horrek arrakasta handi izan zuen herrialde anglosaxoietan eta Suedian. Historia errepikatzen da. XX. Mendean eugenesia baztertu zen nazien esperimentuak ezagutu ostean. XXI. Mendeko nazien sarraskietara itxaron beharko al dugu eugenesia berriro baztertzeko?

Darwinismo soziala ideia horren garapen bat da, esparru guztietara zabaltzen dena: giza-egitura eta giza-maila guztietan indartsuak eta ahulak daude, eta naturala da indartsuenak aurrera egitea eta ahulak bide bazterrean uztea. Gizateriaren onurako dagoen ordena naturala da: ahulak sakrifikatzea indartsuenen, barkatu, denon onurako. Izan ere, beren diskurtsoetan, enpresari batzuek iradokitzen dute aberatsak genetikoki hobeak direla eta horregatik aberatsen seme-alabek aberatsak izaten jarraitzen duten eta pobreen seme-alabak, pobreak. Naturala dela, geneetan daramagu. Langile-familia bateko genetikako doktorea izanda imajina dezakezue nire erreakzioa halakoak irakurtzen edo entzuten ditudanean. Funtsean, darwinismo soziala klasismoa mozorrotzeko eta justifikatzeko beste zabor sasiintelektual bat da. Zeren, azkenean, bai eugenesia, bai darwinismo soziala, bai pairatzen gabiltzan estrategia batzuk hori dira: termino zientifikoen erabilera gaiztoa klasismoa justifikatzeko eta gutxi batzuen interesak lehenesteko, denon onurako direlakoan.

Eboluzioaz hitz egitean “indartsu” eta “ahula” terminoak erabiltzea interpretazio alderdikoia da. Berez, ingurunera hobeto moldatzen direnak dira aurrera egiten dutenak. Baina hobeto moldatua ez du zertan indartsua esan nahi. Agian espezie bat ingurune jakin batera ez dago guztiz moldatua baina bai moldatzeko malgutasun handiagoa du; eta ingurunea aldatzen denean, “indartsuenak”, “handiagoak”, “arinagoak”, “aberatsagoak” zirenak desagertzen dira eta malguagoak diren horiek aurrera egiten dute. Galdetu dinosaurioei eta ugaztunoi. Bide batez, gero eta gene-aniztasun handiagoa izan espezie batek, inguruneko aldaketei aurre egiteko gaitasun handiagoa du. Ingurune batean ahulak izan daitezkeen gene-aldaerak beste ingurune batean beharrezkoak izan daitezke. Galdetu Afrikan anemia faltziformea dutenei, malariari aurre egiten laguntzen baitie. Gene-ezaugarri “ahulak” gene-ondaretik ezabatzea kukuak oker jotzea izan daiteke. “Ahulak” sakrifikatzea egungo ogia, biharko gosea izan daiteke.

Edonola ere, hautu ideologikoak zientziarekin edo naturarekin justifikatu nahi izatea argudio ezaren isla da, ez nagusitasun intelektuala. Zientziarekin edota naturarekin edozer justifika daiteke, sarraskiak, bortxaketak eta nekrofilia barne. Baina horrek ez du ezer esan nahi. Eta gainera zientzia-kontzeptuak modu okerrean eta gaiztoan erabiltzen direnean, justifikazio horrek zentzu guztia galtzen du, premisa faltsua delako.

Nik ideologia bat dut, inoiz ez dut ukatu edo izkutatu, eta ez dut adituaren falazia erabiltzen nire hautu ideologikoak genetikaren bidez justifikatzeko.

Inoiz ez diot inori ziria sartu honekin, beti norbanako bezala uste dudana esaten dut, herritar moduan nire ekarpena egin. Nik bezala pentsatzen ez dutenei gauza bera eskatzen diet: ziririk ez sartzea eta zintzotasun intelektuala izatea. Eta eugenesia eta darwinismo soziala ez dira zintzoak. Horien kutsua duen edozer zintzoa ez den bezala.

Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez 
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika