Pilula hau Irati Romerok idatzi du.
Azken asteetan egoera arraro batean bizitzea egokitu zaigu. Aste zailak izaten ari dira oraingoak, baina argi izpi bat ere ageri da iluntasunean: maite ditugunon ongizatean inoiz baino gehiago pentsatzen dugu, elkarrengandik isolatuta bagaude ere inoiz baino gertuago gaude, eta intentziorik onenarekin abiatutako egitasmoak ikusten ditugu besteak beste.
COVID-19 gaixotasunaren aurrean jende asko dago bere onena ematen, batzuk etxean, isolatuta gaitza zabaldu ez dadin, eta beste batzuk jo ta ke lanean, beraien osasuna arriskuan jartzen. Guztien esfortzua eskertzen da. Guztiok jakin badakigu, ordea, koronabirusari aurre egiten kolektibo batzuk ikusezin gelditzen direla. Nik ondo ezagutzen dudan bat argira ekarri nahi dut: ikertzaile prekarioak.
Entzun edo irakurriko zenuten SARS-CoV-2aren infekzioa baieztatzeko PCR (Polimerasaren kate-erreakzioa) bidezko testak egiten direla. PCR teknika material genetikoaren zati batetik abiatuta, material genetiko horren milioika kopia egiten dituen teknika da. Teknika honek giza laginean, listuan adibidez, patogenoaren gene-materialaren fragmentu bat identifikatzeko aukera ematen du. Horrela, birusaren fragmentua identifikatuz gero, COVID-19rako emaitza positiboa izango genuke, eta identifikatuko ez balitz, negatiboa. Baina PCRak ez dira bakarrik egiten, laborategietako langileek egiten dituzte.
Hainbat unibertsitatek eta ikerketa-zentrok bere laguntza eskaini dute testak egin ahal izateko. Euren materiala eta adituak osasun sistemaren eskuetan jarri dituzte. Ikerkuntza-taldeek beren baliabide materialak eta pertsonalak COVID-19ari aurre egiteko bideratu dituzte, baliabide horiek lortzea asko kostatzen bazaie ere. Goraipatzeakoa da batez ere talde txikiek duten apurra denon onerako ematea, jakinda beraien etorkizuna arriskuan jartzen dutela. Adituei dagokienez, asko bolondres moduan ari dira lanean. Hortaz, test horiek gauzatuko dituztenak ahaztuta gelditzen dira, hauen lana goraipatzen diren beste lan batzuk bezain garrantzitsua bada ere. Hau pasatzen denean ez ditzagun ahaztu, mesedez.
Txertoarekin gauza bera gertatzen da, txertoa eskatzen da baina ez ikertzaileez (pertsonez) hitz egiten. Mundu osoko laborategietan lasterketan ari dira txertoa nork lehenago sortu. Talde osoa dabil lanean: ikerketa-burutik buztaneraino. COVID-19aren krisia dela eta, zenbait herrialde dirutza inbertitzen ari da txertoa ahalik eta azkarren sortzeko. Ikerkuntza epe luzeko inbertsioa da, ordea. Ikerkuntzaren garapena ez da bat-batekoa. Ikerkuntza patxadaz kozinatu behar da, janari goxoenak bezala; eta ikertzaileak denbora luzez goxatu behar dira, menurik onenak bezala.
Hortaz, izkutuan gelditzen diren pertsona guztiei, inor guztiei, eskerrik asko bihotzez. Zuek gabe hau ezingo genuke aurrera atera.
Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0