Itxialdiaren inguruan termino belikoak ugaldu dira. Leku ezberdinetatik kritikatu dira, lekuz kanpo baitaude. Garrantzitsua iruditzen zait ahal den guztietan hau azpimarratzea: krisi hau ezin daiteke termino militarretan ulertu, zeren sendatzea ez da guda bat eta gu ez gara soldaduak.
Pandemia bati aurre egitea, edo edozein gaixotasunari aurre egitea, guda bat bezala irudikatzea metafora antzua eta okerra da. Kontzeptuak azaltzeko erabiltzen diren metaforak kontuz hautatu behar dira. Askotan zientzia-gaiak azaltzeko metaforak erabiltzen ditugu, batzuetan asmatzen dugu, bestetan ez. Adibidez, badakit Willy Roari ez zaiola batere gustatzen genoma = liburu metafora, eta Norteko Ferrokarrilean egon naizenetan buruan izan dut hori. Zeren metafora sinpleegiak edo antzuak erabiltzea mezua nahasten du, ez komunikazioa erraztu. Edo are gaiztoagoa: hori da nahi dena, nahastu, beste interes batzuen mesedetan. Metafora oker horrekin markoa eta mezua beste bat izatea. Eta horrela ez ditugu lortuko behar ditugun irtenbideak. Ezin diegu utzi. Hau osasun-krisi bat da eta denon bizitzak arriskuan daude.
Gainera, gaixotasun bati guda deklaratzea, nahiko zentzugabea izateaz gain, ideia eta kontzeptu moduan ez du funtzionatu. 1971. urtean Richard Nixonek “National Cancer Act” sinatu zuen, minbiziaren aurkako guda bezala ezagutzen den legea eta ahalegina, legea bertan guda berba erabiltzen ez bazen ere. Ia 50 urte pasa dira eta, argi dago, guda hori ez dela irabazi. Imajina dezakazuen bezala, urteen poderioz estrategia hori berpentsatu behar izan da. Zeren minbiziari aurre egitea, edozein gaixotasun bezala, ezin da guden parametroetan egin.
Bizia konplexuegia da auzi militar batera murrizteko. Biziak ertz asko ditu, ilogika militaristak bere gain hartzeko. Sistema bizidunak anabasak dira, ez armada bat. Gaur Jone Uriak Berrian ederki azaltzen duen bezala, sistema kaotikoek, deterministak badira ere, emaitza ezberdinak ematen dituzte oso gertuko puntutatik hasten baza ere. Sistema bizidunetan kontuan hartu beharreko aldagai guztiak ez dira ezagutzen edo ezin dira neurtu. Eta ez dago argi sistema deterministak diren, askotan zientziaren filosofian eztabaidatua izan den gaia. Oraindik ebatzi ez dena. Hortaz, kontraintuitiboa den zerbait gertatzen da biologiarekin: hasierako baldintzak eta parametroak (inputak) berdinak badira ere, sistema biologikoaren ondorioak (outputak) ezberdinak izan daitezke. Zergatik birusa berdina bada pertsona guztiek ez dute berdin erantzuten? Zergatik txarto pasatzen duten pertsona batzuentzat tratamendu batzuk funtzionatzen dute eta beste batzuentzat ez? Zergatik leku batzuetan hain arin hedatu da eta beste batzuetan motelagoa izan da? Eta horrelako hainbeste galdera egin genitzake… eta erantzun bakarra da denentzat: sistema biologikoak konplexuak direlako eta biologiak ez duelako dena azaltzen. Halako auziek, krisiaren hastapenetan Irati ta biok aipatu bezala, jakintza-arlo eta ikuspuntu anitzak behar ditu, bestela ez dira bere osotasunean ulertuko. Horregatik krisi honi ezin zaio optika militarrekin aurre egin, ez baitute guzti hori ulertzeko eta barneratzeko gaitasunik. Hau ez da agindu eta manatu. Hau entzun, pentsatu eta elkarrekin erabakitzea da.
New Amsterdam mediku-telesail ederrean, bigarren denboraldiko 17. atalean gaixotasunen aurkako borrokan bi gai gako lantzen dituzte: ez dira borroka bat eta jendeak ez du duintasuna galdu behar bere tratamendua lortzeko. Ikusi mesedez, hausnarketarako gako asko ematen dituzte 40 minututan. Izan ere, bere atal guztiak ederrak dira, beste sentsibilitate eta ikuspuntu batekin jorratzen dituzte gaiak. Ez dakit zergatik ez duen merezi duen oihartzuna, guztiok asko irabaziko genuke serie hau ikusita eta Maxek, zuzendari medikuak, egiten duen galdera egingo bagenu “Nola lagun zaitzaket?”
Mailu bat baduzu bakarrik iltzeak ikusten dituzu. Optika militarra erabiltzen baduzu, bakarrik etsaia, soldaduak eta testosterona ikusten dituzu. Horren horrez, optika zaintzan eta zientzian oinarritzen bada, bakoitzak bere koskor alea jarrita, beren bizipenetatik eta ezagumendutatik lagun dezakeen komunitate oso bat izango duzu. Mailua bakarra izatetik, lanabes sorta ikaragarria izatera pasatzen gara. Azken finean birus edo gaixotasun bati aurre egitea ez delako guda bat, auzolana baizik.
Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0
19) Laborategietako langileei, eskerrak
One comment on “Itxialdirako genetika (20): Ez da guda bat, auzolana da”
Comments are closed.