Uxune Martinezek bi proposamen egin zizkidan pilula hauetan lantzeko. Lehena urtaroko gripearen birusaren ingurukoa izan zen eta orain bigarrena jorratuko dugu: XX. mendeko pandemiak sortu zituen gripeen genetikaren ingurukoa, hain zuzen ere.
Gripearen pandemiarik ezagunena 1918an gertatu zena izan zen, espainiar gripea bezala ezagutzen dena (H1N1 anduia). Gripearen birusak 1930ko hamarkadan hasi ziren isolatzen eta laborategietan hazten, hortaz, pandemia hasi zenean ez zegoen hori ikertzerik. Garai hartako gripearen lehen gene-sekuentziak 1997. urtean lortu ziren, izoztuta edo formaldehidoan gordeta zeuden birikien-laginetatik abiatuta.
Gripearen pandemia nagusien hemogglutina geneak (birusak zeluletara sartzea ahalbiden duen geneak) konparatuta, ikusten dena da 1918.eko gripearen gene hori txerrien birusetik antzekoagoa dela hegaztien gripena baino. Hortaz, susma daiteke txerria izatea 1918.eko bitartekaria (egun pangolina izan daitekena), baina ez dago argi (egun pangolinarekin gertatzen dena ere). 1957.eko (H2N2 anduia, Asiako gripea) eta 1968.eko (H3N2 anduia, Hong Kongeko gripea) gripeen birusaren hemogglutina genea, aldiz, hegaztien birusen gripeen antzekoagoa da, bereziki Europan aurki daitezkeen hegaztien birusekin. Hortaz, susmoa da giza-gripearen eta hegazti-gripearen arteko gene-elkartrukearen ondorioz sortu zirela bi pandemia horiek. Gogoratu, gripe-birusaren genomaren izaera modularragatik, birus horretan hau gertatzea errazagoa dela beste birus batzuetan baino.
Genomeen egiturei erreparatuta, egitura aldetik aurrekoan aipatzen genituen 8 segmentuetan gene kopuru berdina dute. Hortaz, gene-kopuruaren aldetik badirudi berdinak direla 3 anduiak. Gakoa gene horiek duten informazioan dago, horrek azaltzen baitu bakoitzaren infekzio-gaitasuna. Eta beste gakoa gugan dago: immunitatea badugu eta zenbat denbora behar dugun immunitatea lortzeko. Orain bezala.
Hortaz, izan gripea, izan koronabirusa, birusen geneek hein handi batean bere eragina baldintzatuko dute; baina bere aurrean immunitaterik ez badugu, askoz okerragoa izango da. Horrelakoa da txertorik gabeko mundu bat.
Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0
19) Laborategietako langileei, eskerrak
20) Ez da guda bat, auzolana da
21) COVID-19ari gene-sentikortasuna