Pilula hauetan zeri buruz idatz nezakeen galdetu nizuenean, Ion Olanok filmetan genetikarekin lotutako kontzeptuak oinarria ote zuten aztertzea proposatu zidan. Bere garaian (ia sei urte!!! 😱) telesailei buruzko halako bi sarrera egin nituen, zeren, onartzen dut, aspalditik seriezalea naiz.
Ionek aipatzen duen filmetako bat, Gattaca, modu formalean Elhuyar Aldizkarian gene-distopiei buruz aritzerakoan azaldu nuen; eta modu jator batean Etzi.pm-n Irati ta biok solasaldi bat izan genuen Gattacaren gene-oinarriei buruz. Hortaz, Ionek aipatzen duen beste filmea aztertzeari ekingo diogu: Jurassic Park.
Aitortzen dut txikitako filma kuttun horietakoa dela. Garai hartan dinosaurioek flipatzen baldin banuten, filma horren ostean flipatu ber bi egiten nuen. Eta ez, ez nintzen biologo egin ez dinosaurioengatik, ez Jurassic Parkengatik. Berez, Michael Chichtonek idatzi zuenak bere garaian nahiko ezinezkoa irudi zezakeen, baina gaur gauzak aldatu dira. Bi puntu garrantzitsu daude dinosaurioak gure artean berriro ibiltzeko: bere DNA lortu eta DNA hori haziko den ama-zelula batera transferitu.
Lehena anbarrean gordetako eltxo batetik lortzen dute, zera, dinosaurioen bilduma osoa horrela lortzea… egia da, txiripaz, dinosaurio baten DNA zatiren bat aurki dezaketela, baina hainbeste dinosaurioren genoma osoak? Ez dakit… oso behartua ikusten dut.
Beste puntua erostea are zailagoa da. Klonazioarekin ikusi dugu, espezie berean halako zerbait eginda ere, arazoak daudela. Mamuta berpizteko elefanteak erabiltzea proposatu da noizbait, ez dakit zertan gelditu den burutazio hori. Orain dela 70 milioi urteko espezie baten DNA gaur egungo espezie baten zelulan/arraultzean sartzea eta hori ondo ateratzea, ba txiripaz izango da, besterik ez. Agian zelulen birprogramazioan sakontzen badugu, posibleagoa izango litzateke. Edo behin betiko ideia baztertu.
Hemen gaudela filmetan ikusten den beste hanka-sartze bat. Ahal dudan guztietan esaten dudana, izan telesailei buruz hitz egiten nuenean, izan Teknopoliseko Atariko Frogan: gizaki – estralurtar hibridoak. Adibidez Spock Jauna. Edo iradokitzen ari zara gizakiok estralurtar horien ondorengoak garela edo estralurtar horiek gizakion ondorengoak; eta gure arteko gene-fluxua ez dela eten 🤷🏻♂️; edo ez du zentzurik. Nola izango dira bateragarrik ba gure genomak? Izan ere, estralurtarren gene-informazioa gurea bezalako DNA da edo beste molekula mota bat? Hori ez dago nondik hartzerik. Beno, deus ex machina bat baldin badago bai, baina, horrela, zuzenean, ba oso gogorra da hori ikusten dudan bakoitzean.
Hortaz, hotzean aztertzen badira filmak, ba hori, lizentzia asko hartzen dituztela. Baina fikzioa da, batzuk entretenitzeko, beste batzuk pentsarazteko. Hortaz, goza ditzagun berdin-berdin!!!
Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0
19) Laborategietako langileei, eskerrak
20) Ez da guda bat, auzolana da
21) COVID-19ari gene-sentikortasuna
22) Gripe-pandemien genetika