Asteak daramatzagu birusei hitz egiten. Izan ere, sorta honetan hizpide izan ditut SARS-CoV-2a edota gripea; eta pasaden astean birus, bakteria, patogeno, epidemia eta izurriteen astea ospatu nuen. Berez birusekin dena nahiko “baina ze arraio” bada ere, badago oraindik are zoroagoa dena: birus erraldoiak bezala ezagutzen ditugun gauza horiek.
Birus erraldoien tamaina birus arruntena baino 10 aldiz handiagoa da, lehena 2003. urtean aurkitu zen eta amebak eta fitoplanktona infektatzen dituzte. Birus erraldoiek harizpi bikoitzeko DNA dute eta, izenak dioen bezala, oso handiak dira. Beren genoma 300 eta 1,5 kilobaseko luzeera izan dezake eta 1000 genetik gora eraman dezakete. Gainera, gene horietako batzuk beste izakietan ez dira ezagutzen, berezkoak dituzte. Birusei buruz hitz egiterakoan, beti gene gutxi batzuz hitz egiten nizuen, herpesbirus bat izanik handiena. Aipatutako genoma eta gene-kopuru hori bakterioen parekoa da. Baina beti ikasi dugu birusak bakterioak baino askoz txikiagoak dira. Ez ahaztu hau biologia dela eta bizia konplexua izateaz gain, ez ditugula ezartzen ditugun arauak, printzipioak eta orokortasunak betetzen. Biologoak zientzietako punkiak gara.
Gainera, egoera nahasgarriagoa egiteko, gene horietako hainbaten funtzioa da RNAren informazioa proteinetara itzultzea, organismo zelularren ezaugarrietako bat. Horrek birus hauen inguruko misterioa handitzen du. Izan ere, ezaugarri berezi horiek direla eta eztabaida dago beraien jatorriaren inguruan: ostalarietatik geneak biltzen joan diren birusak dira (eta eskuetatik joan zaie geneak lapurtzearena) edo geneak galdu dituzten konplexuagoak ziren bizidunak dira (eta eskuetatik joan zaie geneez libratzea)?
Datu friki bat: beren DNA zelula-ostalarira pasatzeko izar itxurako egitura bat eratzen dute, hori dela eta Stargate izendatu zuten egitura hori.
Guzti hau zoroagoa eta arraroagoa egiteko, orain dela gutxi -bi aste- argitaratu da birus hautako batzuk metabolismoarekin lotutako geneak dituztela. Hau da, janaria energia bihurtzeko prozesuak kontrolatzen dituzten geneak dituztela. Baina, birusek ez dute hori behar, bere helburu bakarra da beren buruak kopiatzea, ez dute “jan” behar. Eta, gainera, gene horiek aspalditik dituztela ikusi dute. Beste misterio bat, berez, oso xelebreak diren izakien inguruan.
Laburbilduz, bizia oso arraroa da eta bertan aurkitu ditzakegun izakiak, oso arraroak. Noizbait jakingo dugu zer diren birus erraldoi hauek, zer egiten duten edo nondik datozen? Idearik ez, baina ez esan itxialdian zehar saltseorako gairik ez dizuedala ekarri.
Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0
19) Laborategietako langileei, eskerrak
20) Ez da guda bat, auzolana da
21) COVID-19ari gene-sentikortasuna
22) Gripe-pandemien genetika
23) Genetika zientzia-fikzioko filmetan
24) Beldurraren genetika
25) Parte-hartzearen garrantzia
26) Erratuta nengoen eta erratuko naiz
27) (gene-)datuen gobernantza
28) Genomak berdefinitzen
29) Minbizien gene-bilduma erraldoia
30) Gaixotasunak sailkatzen
31) Pangolinak
32) Saguzarrak
33) Zitokinen ekaitza
34) Gainontzeko epidemiak (I) – GIB
35) Gainontzeko epidemiak (II) – Ebola
36) Gainontzeko epidemiak (III) – Kolera
37) Gainontzeko epidemiak (IV) – Herpesbirusak eta H. pylori
38) Gainontzeko epidemiak (V) – Patogenoak ez direnak
39) Gainontzeko epidemiak (VI) – Etortzear dauden epidemiak aurreikusten
40) Bizi-urteak kentzen dituzten mutazioak