Normaltasuna estatistikan erabiltzen da balioen banaketa bat izendatzeko. Ez naizenez matematikaria (euskaldunen artean matematikari dibulgatzaile apartak ditugu) ez naiz hori azaltzen saiatuko; bakarrik biologo moduan askotan erabiltzen dugun kontzeptua dela azaldu nahi dut, aztertzen ditugun ezaugarri askok banaketa hori baitute.
Ezaugarri batzuetan, adibidez altueran, pisuan edo kolesterol-mailan, indibiduo askok balio zentrala dute; eta balio horretatik gora eta behera dauden balioak dituzten indibiduoak gero eta gutxiago dira, kanpaia itxurako forma bat hartuz. Hori dela eta Gaussen kanpaia bezala ezagutzen da banaketa hau. Azken finean ezaugarri batzuk jarraitzen duten patroi bat besterik ez da, patroi hori deskribatzeko modu bat. Adibidez, banaketa horretan oinarrituta altueraren eta pisuaren kuartilak edota dezilak kalkulatzen dira, haurrak dituztenak ezagunak egingo zaizkien berbak.
Biologian zerbait (ezaugarri bat, parametro bat) neurtzen denean zein motatako banaketa jarraitzen duen ikusten da eta banaketa hori normala ote den begiratzen da, erabiltzen ditugun test estatistiko asko oinarritzen baitira horrelako banaketan. Izan ere, genetika kuantitatiboan ezaugarri normal horien gene-oinarria aztertu da, adibidez, altueraren gene-oinarria, pisuarena edo kolesterol-mailarena. Formulek funtziona dezaten banaketa normala izatea beharrezkoa da.
Noski, kontua da bere erabilera arruntean azkenean normaltasun berba, deskripziorako erabili beharrean, balorazioak egiteko erabiltzen dela, egokia dena eta egokia ez dena bereizteko. Baina normaltasunak banaketa jakin batean ohikoak diren balioak deskribatzen du, horrek ez du ezer esaten bere egokitasunaren inguruan. Esate baterako, gerraoste batean pisuak behera egingo du eta pisurik normalena, populazioaren gehienak izango duen hori, egokia den pisutik behera geldituko da. Edo kontrakoa, orain bizi dugun obesitate pandemia hartuta, ziurrenik pisu normala egokia dena baino handiagoa dela. Kolesterolarekin gauza bera gertatzen da, gauza bat da populazioren gehiengoa zein balioetan mugitzen den eta beste gauza bat horiek osasungarriak diren. Hori dela eta azken hamarkadetan (analitikak egin dituzuenak konturatuko zineten) kolesterol-maila onargarriak jaisten joan da, pixkanaka kanpaia balio txikiagotara mugitzen joateko. Kolesterolaren kasuan, normaltasunaren banaketan aldaketa bat eragin nahi da osasungarriagoak diren balioak lortzeko.
Hortaz, normaltasunaz hitz egiten dugunean kontuz ibili behar gara deskripzio bat izan behar duena epaiketa batean ez bilakatzeko. Eta, gainera, normaltasunak aldatzen doaz deskribatzen duten ezaugarria aldatzen den heinean.
Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0
19) Laborategietako langileei, eskerrak
20) Ez da guda bat, auzolana da
21) COVID-19ari gene-sentikortasuna
22) Gripe-pandemien genetika
23) Genetika zientzia-fikzioko filmetan
24) Beldurraren genetika
25) Parte-hartzearen garrantzia
26) Erratuta nengoen eta erratuko naiz
27) (gene-)datuen gobernantza
28) Genomak berdefinitzen
29) Minbizien gene-bilduma erraldoia
30) Gaixotasunak sailkatzen
31) Pangolinak
32) Saguzarrak
33) Zitokinen ekaitza
34) Gainontzeko epidemiak (I) – GIB
35) Gainontzeko epidemiak (II) – Ebola
36) Gainontzeko epidemiak (III) – Kolera
37) Gainontzeko epidemiak (IV) – Herpesbirusak eta H. pylori
38) Gainontzeko epidemiak (V) – Patogenoak ez direnak
39) Gainontzeko epidemiak (VI) – Etortzear dauden epidemiak aurreikusten
40) Bizi-urteak kentzen dituzten mutazioak
41) Birus erraldoiak
42) Jirafen lepoa
43) Hesteak minberak direnean
44) Eboluzioa bueltan da
45) Zama diren onurak
46) COVID-19a eta tripak
47) Gene-dibertsitatea
48) Bigarren olatuak
49) Sexu-kromosomak eta bizi-luzera
50) Gene-aholkulariak
51) Adituaren falazia
52) Bio zuk zeuk egin
53) Koronabirusen erretratua
54) Bizi(tz)a konplexua da
55) Etxabereak eta gu
56) Genometako guda-hotza
57) Kontserbazioa eta gene-aldaerak