Ezaugarri eta gaixotasun askok gene-oinarria dute. Idatzi ditudan berrehun testuetan zehar horietako batzuk azaldu ditut, azken finean, genetikaren bidez hori delako ulertu nahi duguna: lau aukeren konbinazio ezberdinek nola sortzen duten bizian ikusten ditugun funtzio biologiko guztiak. Eta horrek dituen elkarrekintza eta inplikazioak. Baina ikertzen den ezaugarriaren arabera tentuz ibili behar da zer eta nola ikertzen diren eta nola komunikatzen diren emaitzak, adibidez jokabideen edo nahasmenduen kasuan. Emaitza horien interpretazio gaiztoak ez egoteko eta eugenesiari atea ez irekitzeko.
Alkoholismoaren genea, obesitatearena, inteligentziarena… askotan irakurri ditugu halakoak. Eta arriskutsua izan daiteke, gene-aldaera jakinak dituzten pertsonak estigmatizatzea gerta daitekelako. Esate baterako, sorta honetan gene-datuak hobeto gobernatzeaz aritu nintzenean, jatorria izan zen talde indigenek gene-datuekin izan dituzten arazoak. Arazo horien artean talde horiek estigmatizatzea edota zokoratzea egon ziren. Zer ikertzen den eta nola ikertzen den estigma eta zokoratze horiek indartu ditzakete eta. Sorta honetan azaldu dudan Tuskegeeko esperimentua horren adibide argi bat da ere.
Alde batetik, orain dela gutxi ikertzaile talde bat kritiko agertu da autismoaren espektroko nahasmenduen gene-oinarrian egindako azken ikerketekin. Ikerketa horietan maiztasun oso txikitan agertzen diren gene-aldaerak aztertu zituzten eta ikertzaile hauek oso argi dute lan horietan lortutako emaitzak ez direla esanguratsuak. Hau da, ez dagoela ebidentzia nahikorik “autismoaren geneak” daudela esateko. Aztertu dituzten lanen emaitzak beste ikuspuntu batetik interpretatu dituzte eta horiek dituzten mugak eta arazoak azaldu dituzte ere. Adibidez, aipatzen dute ez dela autismoaren espektroko nahasmenduen espezifikoa den generik aurkitu, aurkitu diren mutazioak ere garapen neurologikoko nahasmendu batzuetan agertzen direlako. Izan ere, azpimarratzen dute egindako ikerketa batzuetan ez dagoela berdin bermatua nahasmendu ezberdinen diagnosia; ezta diagnosiak homogenoak direla; edota ez direla behar bezala kontuan izan diagnosian eragin dezaketen bestelako faktore batzuk. Hortaz, ikerketen mugetaz jakitun izan behar da eta informazio behar bezala azaldu.
Beste batetik, badira ikerketa batzuk izan ditzakeen ondorioez jakitun direla eta, interpretazio gaiztoak ekiditeko, beste modu batera jokatu dutenak. Horien artean dago jokabide ez heterosexualek gene-oinarririk duten aztertzen duen ikerketa bat. Ez zuten emaitza sendorik lortu eta, hortaz, jokabide sexualekin lotutako generik aurkitu. Zera, honetan lan egiten dugunontzat ez zen harrigarria izan, e? Las horretan oso ondo zaindu zuten bai ikerketaren planteamendua, baita emaitzak nola zabaldu ere eta beren ikerketak zituen mugak argu utzi ere. Webgune batean informazio guztia eskuragarri jarri zuten; eta LGBTQ komunitateko kideekin eta taldeekin harreman estua izan zuten emaitzak nola zabaldu erabakitzeko. Hau da, ikerketaren eragina gehien paita zezakeen komunitatearen feedbacka jaso zen eta kontuan hartu zen interpretazio gaiztoak eta mingarriak saihesteko.
Jakinminak gida gaitzake hainbat ezaugarriren gene-oinarria ikertzera. Baina argi izan behar da testuinguru batean egiten direla. Hemen ezer ez da aseptikoa ezta neutrala. Zer ikertzen den eta nola zabaltzen diren ikerketen emaitzak kalteak sor ditzake pertsona, talde edo komunitateetan. Interpretazio okerrek eta maltzurrek min handia sor dezakete. Eta norberak dituen gene-aldaeraren arabera estigmak sortu. Hori dela eta, ezin gaitezke mugatu pentsatzera pertsonak ikerketen objektu pasiboak direnik, guztiz kontrakoa, ikerketen subjektu aktiboak dira eta bere feedbacka ikerkuntzak aberasten dituzte.
Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0
19) Laborategietako langileei, eskerrak
20) Ez da guda bat, auzolana da
21) COVID-19ari gene-sentikortasuna
22) Gripe-pandemien genetika
23) Genetika zientzia-fikzioko filmetan
24) Beldurraren genetika
25) Parte-hartzearen garrantzia
26) Erratuta nengoen eta erratuko naiz
27) (gene-)datuen gobernantza
28) Genomak berdefinitzen
29) Minbizien gene-bilduma erraldoia
30) Gaixotasunak sailkatzen
31) Pangolinak
32) Saguzarrak
33) Zitokinen ekaitza
34) Gainontzeko epidemiak (I) – GIB
35) Gainontzeko epidemiak (II) – Ebola
36) Gainontzeko epidemiak (III) – Kolera
37) Gainontzeko epidemiak (IV) – Herpesbirusak eta H. pylori
38) Gainontzeko epidemiak (V) – Patogenoak ez direnak
39) Gainontzeko epidemiak (VI) – Etortzear dauden epidemiak aurreikusten
40) Bizi-urteak kentzen dituzten mutazioak
41) Birus erraldoiak
42) Jirafen lepoa
43) Hesteak minberak direnean
44) Eboluzioa bueltan da
45) Zama diren onurak
46) COVID-19a eta tripak
47) Gene-dibertsitatea
48) Bigarren olatuak
49) Sexu-kromosomak eta bizi-luzera
50) Gene-aholkulariak
51) Adituaren falazia
52) Bio zuk zeuk egin
53) Koronabirusen erretratua
54) Bizi(tz)a konplexua da
55) Etxabereak eta gu
56) Genometako guda-hotza
57) Kontserbazioa eta gene-aldaerak
58) Normaltasuna
59) Gaixotasunak eta sexua
60) Gene-dosia orekatzen
61) Gizakion adaptazio lokalak