COVID-19aren krisiak zientziari begira jarri gaitu. Gertatzen ari zena ulertzeko zientzialari, ikertzaile eta adituak jarri dira kamera, mikrofono eta komunikabideen aurrean. Baina galdera guztientzat ez zegoen erantzunik edo erantzun horiek aldatuz joan dira, zehaztasun eta ñabardurak gehituz. Hori dela eta iradoki da agian jendeak zientzian konfiantza gal dezakela eta gizartean zuen ospe ona murriztea.
Egia esan zientziagintzan aritzen garenontzat ez da ezer arrarorik gertatu. Agian fokuetatik urrun geunden eta horrek ekidin du gure ahulguneak ez ikustea. Beno, egia esan erantzunik ez izatea edo horiek zehaztu beharra ez da txarra, ez genuke zientzian konfiantza galdu behar horregatik, bere bertutetako bat baita. Horrek konfiantza indartu beharko luke, errealitatea onartzen duelako, ez ukatu aitzakiak jarrita. Baina badira arduratzeko eta kezkatzeko gauzak. Hortaz, nire jakintza arloan (genetikan) krisi honetan ondo eta gaizki egin dena laburtzen saiatuko naiz.
Ondo egindakoak:
- SARS-CoV-2aren genoma arin sekuentziatu eta eskuragarri jarri zen. Beno, gaur egun hau egitea ia automatikoa da genetikan, urte askotan zehar ezarri eta findu den prozesua baita.
- SARS-CoV-2aren jatorria aztertu da. Oraindik bere ahaiderik hurbilena ez da aurkitu baina lan sendoa egin da jatorri posiblea mugatzeko. Eta giza jatorririk ez duela ziurtatzeko, oraindik batzuk honetan kaka sartzen jarraitu nahi badute ere.
- ACE2 hartzailearen nondik norakoak aztertzea.
Gaizki egindakoak:
- COVID-19a pertsona bakoitzean modu hain ezberdinean garatzerakoan, iradoki da agian pertsona bakoitzaren gene-materialak moduren batean horretan eragina duela. Jakinda infekzio baten aurreko erantzuna konplexua dela eta gene-osagai askok parte har dezaketela, hori aztertzeko egin diren iradokizunak eta egitasmoak ausartegiak izan dira. Batetik jakin badakigulako halako ezaugarri konplexuak aztertzeak muga asko dituela; bestetik oraindik goiz delako datu nahikoa edukitzeko eta datuak behar bezala aztertzeko. Kontu honetan patxada handiagoa egon behar zuen.
- Hutsalak diren artikuluak argitaratu izana.
- Kasu batzuetan egin den komunikazio kaxkarra.
Egia esan, nire ustez, ondo egindakoak normalean ondo egiten diren gauzak besterik ez dira. Eta gaizki egin direnak, normalean gaizki egiten diren gauzak besterik ez dira. Hau da, krisi honen aurrean gure indarguneak eta ahulguneak agerian gelditu dira, onerako eta txarrerako.
Baikorra izan nahi dut eta pentsatu nahi dut akatsetatik ikasiko dugula lan sendoagoa egiteko eta, horrela, gizartearen eta pertsonen konfiantza izaten jarraitzeko. Baita ere pentsatzen dut zientzia ez dagoela lasaitasun faltsu bat emateko, baizik eta kontuak nolakoak diren azaltzeko, oso gordinak badira ere, edo ideiarik ez dugula onartzeko. Horrek ez luke konfiantza jaitsi behar, guztiz kontrakoa baizik. Zintzotasunez, apaltasunez eta zuhurtziaz jokatzea da konfiantza sortu beharko lukeena.
Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0
19) Laborategietako langileei, eskerrak
20) Ez da guda bat, auzolana da
21) COVID-19ari gene-sentikortasuna
22) Gripe-pandemien genetika
23) Genetika zientzia-fikzioko filmetan
24) Beldurraren genetika
25) Parte-hartzearen garrantzia
26) Erratuta nengoen eta erratuko naiz
27) (gene-)datuen gobernantza
28) Genomak berdefinitzen
29) Minbizien gene-bilduma erraldoia
30) Gaixotasunak sailkatzen
31) Pangolinak
32) Saguzarrak
33) Zitokinen ekaitza
34) Gainontzeko epidemiak (I) – GIB
35) Gainontzeko epidemiak (II) – Ebola
36) Gainontzeko epidemiak (III) – Kolera
37) Gainontzeko epidemiak (IV) – Herpesbirusak eta H. pylori
38) Gainontzeko epidemiak (V) – Patogenoak ez direnak
39) Gainontzeko epidemiak (VI) – Etortzear dauden epidemiak aurreikusten
40) Bizi-urteak kentzen dituzten mutazioak
41) Birus erraldoiak
42) Jirafen lepoa
43) Hesteak minberak direnean
44) Eboluzioa bueltan da
45) Zama diren onurak
46) COVID-19a eta tripak
47) Gene-dibertsitatea
48) Bigarren olatuak
49) Sexu-kromosomak eta bizi-luzera
50) Gene-aholkulariak
51) Adituaren falazia
52) Bio zuk zeuk egin
53) Koronabirusen erretratua
54) Bizi(tz)a konplexua da
55) Etxabereak eta gu
56) Genometako guda-hotza
57) Kontserbazioa eta gene-aldaerak
58) Normaltasuna
59) Gaixotasunak eta sexua
60) Gene-dosia orekatzen
61) Gizakion adaptazio lokalak
62) Estigmak diren geneak
63) Zientzia-artikuluetan itota