Tesia defendatu nuenetik hamar urte betetzen dira gaur. Birus batzuei buruz egindako tesiaren urteurrenean birus baten ondorioz hasitako sorta amaitzea poetikoa iruditzen zitzaidan. Gainera, dibulgazio-denboraldia egun honetan bukatu ohi dut. Eta Euskal Herri penintsularrean alarma egoera bukatzear da. Hortaz gaurko eguna zen momenturik egokiena zikloak ixteko.
Orain dela hamar urte ez nekien zenbat iraungo nuen ikerketa munduan. Oraindik ez dakit oso ondo nola iraun dudan denbora guzti hau ofizio honetan. Beno, bai, denboraldi honen hasieran kontatu nizuen bezala, elementu guztien kontra. Baina orain dela hamar urte zerbait argi banuen zera zen: bizitza oso bat aurretik nuela ikasten jarraitzeko. Genetikaz edo dena delakoaz.
Bizi dugun krisiak zientziak erdigunean jarri ditu, fokoak eta mikrofonoak hartu dituzte eta bere gordintasunean beren ahuleziak eta indarrak agerian gelditu dira. Normalean begiradetatik kanpo gelditzen den ofizio honen muina agerian gelditu da: zalantza etengabean bizi gara, azken finean gure helburua ez dakiguna jakitea delako, hori jakitea posible bada.
Agian pertsona asko harritu dira zientzietan dugun ziurgabetasunarekin. Gure egoera arrunta ahalera dela, ez garela irmoak, erantzunak ez ditugula. Dena hankaz gora jarri den garai batean, gutaz gogoratu da gizartea eta emateko genuena ez zen askok nahi zutena. Ez, ez dugu planik pandemia bati aurre egiteko. Ez, ezin dugu jakin behar den guztia egun gutxi batzuetan ikertu. Gogoratu SARS-CoV-2 birusak izen hori otsailaren 11an jaso zuela, askotxo egin da hain denbora gutxian, nahiko ez dela badirudi ere. Mirarien negozioa beste batzuk daramate, bide batez, zientziak asko estimatzen ez dituzten batzuk. Eta presaka aritzea ez da ideia ona izan, atzerapenak sortu direlako. Jada asko ematen duen ofizio bati, jada oso estresatuta bizi garen ofizio batekoei, gehiago eta arin ematea eskatu zaie. Baina pandemia batek hainbeste ertz ditu ezin direla guztiak hain denbora gutxian ikertu eta ondorio argiak atera. Ez, hemen ez dago ziurtasunik; ez, hemen ez dago clickbaitik; ez, hemen iritzi guztiek ez dute balio. Egiak axola ez duen garai batean gertaerek eta datuek gogor jo dute, errealitatea burugogorra delako. Oraindik asko ukapenean daude eta gertaerak eta datuak ukatzen jarraitu nahi dute, harrokeria eta kaskarkeria patologikoak erakutsita. Eurek jakingo dute zein lupetzan mantendu nahi duten. Nik behintzat argi daukat: krisi hau oso latza izan da, ezinegona eta beldurra pasa ditut, baina zientziek lasaitasuna eman didate, errealitate gordinari aurre egiteko heldulekua izan dira. Eta, zorionez, bizitza oso bat dudala aurretik ikasten jarraitzeko. Pandemiez edo dena delakoaz.
Krisiaren hasieratik argi nuen ezin nuela publikoki COVID-19az hitz egin, gaian aditua eta aritua ez naizelako. Osasun-publikoko gai oso sentikorra da eta ezin gaitezke amen-omenka ibili. Puntu. Iruditzen zitzaidan eta zait ez dela nire lekua, trebakuntza gehiago duten pertsonei dagokiola hori egitea. Iruditzen zait ere euskarazko dibulgazioak, beste arlo batzuk huts egin dutenean edota beste hizkuntza batzuetan huts egin duenean, maila ematen jakin duela. Urte askotan egin dugun lanari esker, gizarteak behar izan duenean, sareak, moduak eta gaitasunak prest genituela.
Hala ere, era berean, banekien zerbait egin behar nuela, erantzukizun bat badudala komunitatearekiko. Tira, guztiok ezagutzen nauzue eta, urte askotan zientziarekin matraka eman ostean, badakit serio idazten ditudanak aintzat hartzen direla. Hortaz, banekien ekarpen positiboa egin nezakela, modu pertsonalean bazen ere, behar bat egongo zelako. Horrela, itxialdia hasiko zela argi zegoenea;, inoiz baino gehiago zientziak argi azaltzea beharrezkoa zenean; eta zientziei mistizismoa kendu beharko zitzaiela, pilula hauek jaio ziren. Ez nekien non sartzen nintzen, ez nekien zenbat iraungo zuen. Baina sentitzen nuen genetikatik eta nekienetik ekarpen bat egin behar nuela. Zeren ez jakitea jakitea baino beldurgarriagoa da, dakigun horrek ezinegona sortzen badu ere. Eta, horrela ere, nire burua entretenitua mantentzen nuen.
86 pilula hauetan zuekin batera gauza asko ikasi ditut eta nekien hori erabilita ulergaitza egiten zitzaigun errealitate bati aurre egiteko gakoak ematen saiatu naiz. Baita ere saiatu naiz pixka bat entretenitzen, genetika eguneroko kontuekin lotuta edo genetikako berriak komentatuta. Espero dut erabilgarria suertatu izana hiru hilabete hauetan idatzitako sorta hau. Horrela izan bada, lan guzti honek merezi izan du. Eskerrik asko bisitan etorri zaretenoi, galderak egin dituzuenoi eta Iratiri idazteagatik.
Baina gauza bat onartuko dizuet, nik ez dut dibulgazioa egiten. Nik zientzien Agitprop egiten dut. Gakoak eman, jakinmina piztu, gaiekin zirikatu, formekin jolastu eta mugak itxuragabetu. Horregatik pilula sorta honekin egin dudanak formalki ez du konputatuko, baina balio handia du, inoiz baino beharrezkoagoa izan denean zientziak gertukoak egin ditudalako. Ez dut ezer irakatsi nahi izan, ez dut esan zer interpretatu behar zen, horiek norberak egin behar dituen ariketak baitira; bakarrik mundua ulertzeko lanabes bat ematen saiatu naiz. Grinaz, apaltasunez, zintzotasunez eta zuhurtziaz. Beti egin dudana. Eta egiten jarraituko dudana, zeren ez dut erremediorik. Honek ez duela ezertarako balio badakit ere, balio handia du niretzat. Bizitza oso bat aurretik dut ikasten jarraitzeko. Zientziez edo dena delakoaz.
Gaurkoarekin Edonolan dibulgazio-denboraldia bukatzen dut. Baina egiten ditudan ekarpenak zientziari, euskarari eta jendarteari ez dute etenik. Zientzia Kaieratik hurbilduko naiz; bihartik aurrera UEUn Zientziak eta euskara jardunaldi birtualean murgilduko naiz; eta txioerrian, gif eta geroratze artean, gakoren bat edo beste ematen jarraituko dut; den dena bidelagun ezin hobeekin. Irailaren ekinokzio inguruan ikusiko dugu elkar berriro ere blog honetan. Bitartean, ondo eta asko zaindu, gutxi gastau eta bueltak amari.
Ai hauxe da despedidia
ai despedidi honen tristea
ai ai agur aite ta ama
eta ene pilula maitiak
Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0
19) Laborategietako langileei, eskerrak
20) Ez da guda bat, auzolana da
21) COVID-19ari gene-sentikortasuna
22) Gripe-pandemien genetika
23) Genetika zientzia-fikzioko filmetan
24) Beldurraren genetika
25) Parte-hartzearen garrantzia
26) Erratuta nengoen eta erratuko naiz
27) (gene-)datuen gobernantza
28) Genomak berdefinitzen
29) Minbizien gene-bilduma erraldoia
30) Gaixotasunak sailkatzen
31) Pangolinak
32) Saguzarrak
33) Zitokinen ekaitza
34) Gainontzeko epidemiak (I) – GIB
35) Gainontzeko epidemiak (II) – Ebola
36) Gainontzeko epidemiak (III) – Kolera
37) Gainontzeko epidemiak (IV) – Herpesbirusak eta H. pylori
38) Gainontzeko epidemiak (V) – Patogenoak ez direnak
39) Gainontzeko epidemiak (VI) – Etortzear dauden epidemiak aurreikusten
40) Bizi-urteak kentzen dituzten mutazioak
41) Birus erraldoiak
42) Jirafen lepoa
43) Hesteak minberak direnean
44) Eboluzioa bueltan da
45) Zama diren onurak
46) COVID-19a eta tripak
47) Gene-dibertsitatea
48) Bigarren olatuak
49) Sexu-kromosomak eta bizi-luzera
50) Gene-aholkulariak
51) Adituaren falazia
52) Bio zuk zeuk egin
53) Koronabirusen erretratua
54) Bizi(tz)a konplexua da
55) Etxabereak eta gu
56) Genometako guda-hotza
57) Kontserbazioa eta gene-aldaerak
58) Normaltasuna
59) Gaixotasunak eta sexua
60) Gene-dosia orekatzen
61) Gizakion adaptazio lokalak
62) Estigmak diren geneak
63) Zientzia-artikuluetan itota
64) Zientzian konfiantza
65) Gene-informazioaren balioa
66) Mikrobiomaren eragina immune-sisteman
67) Immune-sistema eraginkorrak SARS-CoV-2a antzematen
68) Zabor-posta zientzian
69) COVID-19ari buruz datuak partekatzen
70) Espezieen mugak
71) Genomaren zaindaria, gene-ediziorako oztopo
72) Gene-informazioa lagatzea
73) Birusak minbizien aurka
74) Egitasmo handien datuak erabiltzen
75) Gene biziak arrazakeriaren kontra
76) Sormena
77) Gene-lengoaia (I) – Hizkiak
78) Gene-lengoaia (II) – Patroiak ta egiturak
79) Gene-lengoaia (III) – Interpretazioa
80) Gene-lengoaia (IV) – Eboluzioa
81) Gene-lengoaia (eta V) – Etorkizuna
82) Omikak gaixotasun infekziosoak ikertzeko
83) Gene-arriskua erabiltzen
84) Geneen aktibitatea aurreikusten
85) Ezer ez da dirudiena