The Goodfather filme-sagaren hirugarren zati lisergikoan, Michael Corleonek eszena batean dio kanpoan zegoela uste zuenean berriro sartzera behartzen dutela. The Sopranos handian esaldi horrekin askotan parodia egin zuten. Ba hemen naiz berriro, kanpoan nengoela uste nuenean, itzuli behar izan naiz. Uste nuena baino hilabete bat baino lehenago. Dibulgazio-denboraldia iraileko ekinokzioarekin batera hasi ohi dut baina aurten dena da ezberdina. Buruan neukan, beharrezkoa bazen, pilula hauekin arinago itzuliko nintzela. Ez nuen espero hain arin izatea, baina oporretara joan nintzenetik, tamalez, egoera guztiz eskutatik joan zaigu. Eta ertz ezberdinetan, gainera.
Uda aurretik zientzia-pilulekin bukatu nuenean, ez nuen argi formatu horrekin itzuliko ote nintzen. Denbora eta lan eskerga izan zen hiru hilabetez egunero zientziaz idaztea. Gertatzen ari zenari buruzko gakoak ematea. Baina behar bat zegoen, lagungarri izan nintekeen, eta pertsonaletik ekarpen bat egin nuen. Beti diot oro har zientzien, eta batik bat genetikaren, agitpropa egiten dudala, baina erabilgarria izan behar du hainbeste pertsonek gustuko badute. Hortaz, erabaki dut formatu horrekin itzultzea (eta zenbakitzea mantentzea); egunero izan beharrean astelehen eta ostiegunetan eguerdi aldera argitaratzea (eta extraren bat beharrezkoa bada, ba egin); eta egoeraren arabera larrialdi, itxialdi edo etxeratzealdi deitzea (berez maskaraldirako genetika deituko nuen, baina egoera egun batetik bestera aldatzen denez, ba hori).
Oporretan egon naizen tarte honetan bi gauza nabarmenduko nituzke: Kororen hedapena eta zientzien aurkako oldarraldia. Gure agintarien kaskartasunaren ondorioz, eta denok egiten ditugun iruzurren ondorioz, Koro hedatu da. Agintarien ezintasun hori batzuek zientzien aurka dituzten obsesioak azaleratzeko erabili dituzte. Gainera jende nahiko oldarkorra da, oso zatarrak hitzekin eta jazarpenetik gertu dabiltza. Eta oso astunak. Gailu baten aurrean jarri aurretik ezki-ura hartzea ondo etorriko litzaieke. Noski, horrelako formetara ohitu gara txutxu-mutxuei buruz hitz egiterakoan (salvamekeria); kirolaz, batez ere futbolaz, hitz egiterakoan (testosteronakeria); edota gero eta gehiago politikaz hitz egitean (bannonkeria). Kontua okertzeko obsesionatuta bizi gara nork esan duenearekin, zer esan duenarekin baino. Zerbait ergelkeria bat bada, berdin dio artzapezpiku batek esan, sailburu batek esan, dekano batek esan edo konspiraziozale batek esan, ergelkeria bat izaten jarraitzen du; eta, kontrakoa, esaten dena zentzuduna bada, berdin dio etxekoandre batek esatea, jubilatu batek esatea, prekario batek esatea edo bizardun batek esatea, zentzuduna da eta kito. Eta, gainera, lubakien zale den herri honetan are zailagoa da patxadazko solasaldi bat izatea; oinaztar vs ganboatarren edo agaramontar vs beaumontarren garaietatik ez gara aldatu, bakarrik bandoaren izena aldatu dugu. Baina zientzia-gaiek beste patxada, erregistro eta erretorika dituzte, hooligankeri horrekin talka egiten duena, plano guztiz ezberdinak dira. Niri norbaitek kontuak eske etortzen zaidanean edo zerbait izkutatzen dudala leporatzen didanean, behiak trenei bezala begira gelditzen naiz eta nire gauzekin jarraitzen dut, jaramonik egin gabe. Ez dizuet ukatuko gorputz txarra geratzen ez zaidanik, e? Baina hainbeste zarete idazten eta txiokatzen ditudanak gustura hartzen duzuenok, hainbeste toxizitate aurretan arnasgune zaretela.
Pandemiaren lehenengo zatiko txarrenean, beldurtuta geundenean, hainbat zientziazaleok aurpegia eman genuen eta ahalik eta gako gehien eman gure komunitateari. Ez genuen ziurtasunik eman, zientzietan ez delako horrelakorik existitzen, baina hor egon ginen errealitateari aurre egiteko lanabesak ematen. Ez dizuet ukatuko pertsonalki oso zaila izan zitzaidala uztartzea nuen beldurrari aurre egitea, lan egitea eta egunero dibulgazioa egitea. Kostu emozional handia izan zuen eta oporrak oso gustura hartu nituen, askok esan zenidaten bezala, ondo merezitako oporrak. Eta, imajinatzen dut, momentu latz horietan zekiten guztia azaltzen eman zuten pertsona bikain guzti horiek ere merezitako eta beharrezkoa atsedena hartzen zeudela olatu antizientifiko honek gora egin duenean. Zeren egoera lasaiago batera itxaron dute, zientzia-gaiak jada azaletan ez zeudenean eta zientziazaleok oporretan geundenean beren obsesioekin sareak eta bazterrak nahasteko. Gainera, askotan, jada azaldu diren kontuekin bueltaka ibiltzeko eta kakazteko. Agerikoa da pedagogia egitearen alde nagoela, bestela ez nuke dibulgatuko, baina ez zait ez zintzoa ezta bidezkoa iruditzen behin eta berriz argitutako kontuekin itzultzea. Martxoan argituta utzi bagenuen Koro ez dela laborategi batetik atera, zergatik bost hilabete beranduago ateratzen dute gaia, azaldutako hori saihestuta? Eta horrela hamaika kontuekin. Manipulazio hutsa eta oso nekagarria. Eta ni hona ondo pasatzera etorri naiz, jakitearen bizipoza, jakinpoza, aldarrikatzera; eta giza-eskubideen gauzatzean laguntzera. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak, bere 27. atalean zera dio (beltzez azpimarratu nahi dudana):
1. Pertsona orok du eskubidea elkarteko kultur ekitaldietan aske parte hartzeko, artelanez gozatzeko, eta zientzi aurrerakuntzan eta horri darizkion irabazietan parte hartzeko.
Dibulgazioa egiten dugunok, gure ikerkuntzen berri ematen dugunok, Korori buruz dakiguna azaltzen dugunok zure giza eskubideen alde egiten dugu. Nahastea, gezurrak eta ganorarik gabeko ergelkeriak esaten dituztenak, ordea, ez, zientzien aurrerakuntzan parte hartzea ekiditen dizute.
Zientziek beren prozedurak dituzte, jakintza-arloaren arabera moldapenak eta ñabardurak dituztenak, ezagumenduan sakontzeko. Zientziak artefaktu batzuk dira bermatzeko ezagumenduaren koherentzia, sendotasuna eta kongruentzia. Ezagumendu hori jakintasunez erabiltzea, gizarte osoari hel egiten dion beste kontu bat da. Zientziak ez dira perfektuak, arazoak dituzte, baina ditugun lanabesik boteretsuenak dira, beren inperfekzioek gure ezjakintasunen isla besterik ez direnez, inperfekzio horiek gainditzea gure ezjakintasuna gainditzea baita. Ez izan dudarik, zientzien alde, beti.
Gaur Edonolan hasten den hau zortzigarren dibulgazio-denboraldia da. Denboraldi horeitan zehar gauza piloa kontatuko ditut (noizbait gairik gabe geldituko naizela iruditzen zait), baina argi dago oraindik asko dugula ikasteko. Ongi etorriak izan eta eroso jar zaitezte kafepintxoen artean zientzien aldeko agitpropaz gozatzeko eta jakinpozan sakontzeko. Biba Peiot, biba zientzia!
Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0
19) Laborategietako langileei, eskerrak
20) Ez da guda bat, auzolana da
21) COVID-19ari gene-sentikortasuna
22) Gripe-pandemien genetika
23) Genetika zientzia-fikzioko filmetan
24) Beldurraren genetika
25) Parte-hartzearen garrantzia
26) Erratuta nengoen eta erratuko naiz
27) (gene-)datuen gobernantza
28) Genomak berdefinitzen
29) Minbizien gene-bilduma erraldoia
30) Gaixotasunak sailkatzen
31) Pangolinak
32) Saguzarrak
33) Zitokinen ekaitza
34) Gainontzeko epidemiak (I) – GIB
35) Gainontzeko epidemiak (II) – Ebola
36) Gainontzeko epidemiak (III) – Kolera
37) Gainontzeko epidemiak (IV) – Herpesbirusak eta H. pylori
38) Gainontzeko epidemiak (V) – Patogenoak ez direnak
39) Gainontzeko epidemiak (VI) – Etortzear dauden epidemiak aurreikusten
40) Bizi-urteak kentzen dituzten mutazioak
41) Birus erraldoiak
42) Jirafen lepoa
43) Hesteak minberak direnean
44) Eboluzioa bueltan da
45) Zama diren onurak
46) COVID-19a eta tripak
47) Gene-dibertsitatea
48) Bigarren olatuak
49) Sexu-kromosomak eta bizi-luzera
50) Gene-aholkulariak
51) Adituaren falazia
52) Bio zuk zeuk egin
53) Koronabirusen erretratua
54) Bizi(tz)a konplexua da
55) Etxabereak eta gu
56) Genometako guda-hotza
57) Kontserbazioa eta gene-aldaerak
58) Normaltasuna
59) Gaixotasunak eta sexua
60) Gene-dosia orekatzen
61) Gizakion adaptazio lokalak
62) Estigmak diren geneak
63) Zientzia-artikuluetan itota
64) Zientzian konfiantza
65) Gene-informazioaren balioa
66) Mikrobiomaren eragina immune-sisteman
67) Immune-sistema eraginkorrak SARS-CoV-2a antzematen
68) Zabor-posta zientzian
69) COVID-19ari buruz datuak partekatzen
70) Espezieen mugak
71) Genomaren zaindaria, gene-ediziorako oztopo
72) Gene-informazioa lagatzea
73) Birusak minbizien aurka
74) Egitasmo handien datuak erabiltzen
75) Gene biziak arrazakeriaren kontra
76) Sormena
77) Gene-lengoaia (I) – Hizkiak
78) Gene-lengoaia (II) – Patroiak ta egiturak
79) Gene-lengoaia (III) – Interpretazioa
80) Gene-lengoaia (IV) – Eboluzioa
81) Gene-lengoaia (eta V) – Etorkizuna
82) Omikak gaixotasun infekziosoak ikertzeko
83) Gene-arriskua erabiltzen
84) Geneen aktibitatea aurreikusten
85) Ezer ez da dirudiena
eta 86) Bizitza oso bat aurretik ikasten jarraitzeko