Azken boladan bada hitz bat edo kontzeptu bat askotan irakurri dudana: pedagogia egin behar dugula. Zera, agerikoa da pedagogia egitearen alde nagoela, bestela ez nintzateke 100 zientzia-piluletara helduko (sei hilabetetan!), ez aurretik egin ditudan hamarnaka ekarpen egingo formatu eta leku ezberdinetan. Baina, zera, pedagogia egin behar dugula esatea, orain arte zer egin dugu ba? Niretzat zuzenagoa litzateke esatea pedagogia egiten jarraitu behar dugula, orain arte egin duguna oso baliagarria izan baita! Edo hori esan didazue behintzat 😜.
Egia da pedagogia egiten jarraitu behar dugula argi dagoela, zeren, batetik, Korori buruz dakiguna aldatzen doa (normala den zerbait zientziak zuzenean gauzatzen ikusten ditugunean); bestetik, burugogor eta gezurtero gehiegi dagoelako leku gehiegitan (normala ez dena kontuan hartuta zeinen egoera larria bizi dugun). Lehena ondo ulertzeko eta bestea saihesteko txertorik onena zientzien pedagogia da, hots, dibulgazioa egitea da.
Pedagogia ere da esatea gure agintarien maila zientifikoa osoa eskasa dela, eskuzabala izateagatik. Ez nabil euren ezagumenduei buruz ari, baizik eta ez dituztela zientzien azpian dauden filosofia, logika eta prozedurak ulertzen, kultura zientifikoa deitzen dugun hori, alegia. Agian fisikari batek ez ditu biologiak dituen ñabardurak ezagutzen, baina behintzat ezagunak egiten zaizkio datuak lortzeko prozedurak eta horietatik ondorioak lortzeko logika. Bai, Angela Merkelen pentsatzen ari naiz. Eta, kontuz, iruditzen zait honek ez duela zer ikusirik titulu hau edo bestea edukitzearekin, gertu ditugun gobernuetan tituludun asko daude eta beren kudeaketa oso kaskarra izan da. Iruditzen zait komunitate bezala helburua izan behar duela derrigorrezko hezkuntza behin bukatuta zientzien kultura barneratua izatea; eta arlo guztietan presente egon behar duela. Ez nabil esaten backgammonera jolasten dugun bitartean Schopenhauerri buruz hitz egin behar dugunik (hau Homer Simpsoni erreferentzia bat da, pop-kultura eta zientzia-kultura eskutik joan daitezke!), baina bai ulertzea zer den hipotesia, teoria edota ziurgabetasuna. Hau da, zientzietan ahaldundu behar garela norbanakoak eta gizartea.
Pedagogia ere da esatea oso arriskutsua eta tranpatia dela datuekin gezurretan eta iruzurretan aritzea. Ez da bakarrik Dunning-Kruger efektuaren (orojakileei buruz aritu nintzenean aipatu nuen ere), Brandoloniren legearen, erabiltzen diren falazien edo bestelako isuri-kognitiboen eragina. Baita ere da kontakizun bat gorpuzteko, kontakizun hori indartzen dituen datuak erabiltzea eta “ahaztea” kontakizun horren aurka egiten dituzten datuak. Horri ingelesek gerezi-hartzea deitzen diote, gustuko dituzun gereziak (datuak) hartzen dituzulako eta gainontzekoak arbuiatu. Horrek aitak kontatu zidan pasadizo bat gogora ekartzen dit: bazuen ezagun bat zeinak ez zituen aurkariaren golak aintzat hartzen, horrela, bere futbol taldeak beti irabazi edo zerora berdintzen zuen. Gereziak hartzea zientzia-praktika oso kaskarra denez, zientzia-kultura izanda oso errez detektatzen dira halakoak eta begiak odoletan jartzen zaizkizun bitartean sekulako ostia txarra sartzen zaizu, azken finean manipulazio hutsa delako. Eta egoera ez dago gezurretan aritzeko.
Pedagogia ere da esatea zientzietan gauzak nola esaten diren oso garrantzitsua dela. Zientzien hizkuntza unibokoa da, hau da, esaten dena hori esan nahi du eta soilik hori, ez dago gaizki-ulertuetarako ezta interpretaziotarako tartetik. Horregatik zientzien hizkuntza ahaleran egiten da eta ñabarduraz beterik dago, esaten denaren formulazioa zehatza izan behar duelako. Esate baterako, “Ez naiz PCRaz fidatzen” esaten denean zer esan nahi da, PCR teknikaz ez zarela fidatzen edo SARS-CoV-2aren presentzia detektatzeko erabiltzen den PCR probaz ez zarela fidatzen? Zeren ez da gauza bera, ondorioz oso ezberdinak dituzte eta horri aurre egiteko argudioak ezberdinak dira. Eta, gainera, formulazio lauso horrekin, okerra dela frogatuta, beti aukera dago esatea “ez nuen hori esan nahi”, ez onartzeko erratuta dagoela. Eta hori tranpa egitea eta arrakeroa da. Bide batez, lehenengoko zentzuarekin esaten bada, benetan? Ia 40 urte dituen teknika bat, milaka pertsonek erabili dutena, genetika modernoaren oinarria dena, ez du egiten esaten duguna egiten duela, hau da, DNA sekuentzia jakinen kopiak nahieran egitea? Ba genetikari buruz dakigun guztia zakarrontzira bota dezagun eta DNA probetan oinarritutako epai guztiak baliogabetzen joan gaitezke… Bigarren zentzuarekin esaten bada, halako probak diseinatzen dira espezifikoak izateko, hau da, SARS-CoV-2 birusak eta soilik birus horrek dituen sekuentziak detektatzeko. Eta PCR proba horiek egiteko errezetak irekiak dira edonork ikuska ditzan. Orduan dator lehen aipatu dudan tranpa “ez nuen hori esan nahi, eske faltsu positiboak daude”. Eta faltsu negatiboak. Kultura zientifikoa barneratuta bagenu, probek hanka sartzea ez litzateke arazo izango, hanka sartzeen ehunekoa baizik. Eta PCR probetan oso txikia da. Askotan norbait agurtu dugu ezagun bat dela pentsatuta eta erratuta geunden (faltsu positiboa); edo, kontrakoa, norbait ez agurtu ez dugulako antzeman, ta ezagun bat zen (faltsu negatiboa); baina hori dela eta ez dugu kolokan jartzen jendea antzemateko dugun gaitasuna.
Pedagogia ere da esatea zientziak behin-behinekoak direla. Hau askotan errepikatu dugu eta errepikatu beharko dugu: zientzietan ziurtasun gutxi daude eta dauden gutxi horiek ez dira ziurrak. Zientziek gure isuri kognitiboei desafio egiten die, pentsatzea beti da deserosoa, neketsua eta energia behar du. Euren behin-behinekotasuna zientzien indargune bat dira, ez ahalgunea, zeren, horrela ez duzu sinisten uste duzuna eta akatsak errezago onartzen dituzu. Zientzietan gauzak modu honetara edo bestera funtzionatzen dutela uste dugu, eta horrela azaltzen ditugu, datuek kontrakoa esaten duten arte. Momentu horretan uste zen hori ebaluatu behar da eta datu berri horiek barneratuko dituen azalpen berriak eraiki. Zientziek etengabe bere burua probatzen dute, errealitatea ulertzeko egiten duten saiakera horien sendotasuna kolokan etengabe jarrita. Gaur dakiguna bihar okerra izan daiteke. Eta ez da ezer gertatzen, etengabe hobetzen ari diren behin-behineko lanabesak baitira zientziak.
Pedagogia ere da esatea ez garela gelditu behar entzun nahi duguna esaten duenarekin edo ezdakit zein titulu, kargu edo ospea duenarekin, baizik eta zintzotasunez aritu denarekin. Istorio bat kontatuko dizuet. Gutxi barru bost urte beteko dira CRISPR teknikak gene-edizioari eman zion bultzadatik. Orduan sekulako iraultza izango zela saldu zen eta ia gene-gaixotasunak sendatuko genituela. Ni askoz zuhurragoa nintzen kontu horrekin eta 2016ko martxoan Bilboko Alondegiko Bastida gela ia bete batean jarri nintzen itxaropenak apaltzera eta zuhurtzia eskatzera. Hitzaldia laburra izan zen eta publikoarekin solasaldi mamitsua. Nirekin gertu ohi dena, nire estiloak hori baimentzen baitu: solasaldi zintzo bat gakoak ondo ulertzeko. Behin bukatuta Uxune Martinezek (espero dut berari axola ez izatea hau kontatzea) esan zidan CRISPRen inguruan zegoen triunfalismoa kontuan izanda, ikertzaileen artean ere, ikertzaileen artean batez ere, deigarria zela nire zuhurtzia eta nola plazaratu nuen gaia, itxaropen faltsurik ez sortzeko. Nire susmoa beti izan da berak bazekiela hori egingo nuela eta horregatik hitzaldi hori egiteko proposamena luzatu zidala, bazekielako zintzotasunez arituko nintzela. Eta denborak arrazoia eman digu. Kontua da nire estiloa dudala, nire estiloa hori dela, eta beti saiatzen naizela jendea genetikan ahalduntzen eta, hedapenez, zientzietan ahalduntzen. Umorearekin, gertukoa izanda eta atsegina izanda erantzuten dut beti, galdera edo komentarioa egin duena zakarra edota zatarra izan bada ere. Horregatik jaso ditudan txio desatsegin gutxi batzuk hain bidegabeak eta bortitzak iruditzen zaizkit, naizenaren eta egiten dudanaren muinaren aurka egiten dutelako. Halako garaiak bizitzea egokitu zaigu, zer egingo diogu, baina jada eskola eta institutu garaiak, non arinak eta argiak diren pertsonak bazterketa eta jazarpena jasaten duten (jasan dugun), gaindituak zeudela uste nuen. Badirudi batzuk oraindik bertan jarraitzen dutela eta ez dutela aurrera egin nahi; eskerrak gehienak aurrera egin dugun eta ganoraz zabaldutako ezagumendua eskertzen eta estimatzen dugun.
Pedagogia ere da esatea gai hau giza eskubide kontu bat dela. Hainbatetan esan dut, eta behar den guztietan esango dut: zientzien aurkikuntzetan parte hartzea eta horien onurak jasotzea giza eskubide bat da. Gezurrak eta amen-omenak zabaltzen dituztenak zure giza eskubideak urratzen dizkizute. Zientziek emandakoa zabaltzen dituztenak eta gezurteroak agerian uzten dituztenak jazartzea denon giza eskubideak ukatzea da. Zientzietan ahalduntzea oztopatzea komunitatea kaltetzea da.
Niretzat gaurkoa ez da ospakizun egun bat 100 piluletara heltzeagatik, kontrakoa da. Ez ginen inoiz heldu behar zenbaki honetara eta, are gutxiago, egoera honetan. Baina bada ondo egindako lana aintzat hartzea eta, hortaz, indarra ematen dit behar beste pilula gehiago idazteko. Zaindu zaitezte, zaindu gaitezen, eta horiek gauzatzeko zientziak heda ditzagun ere.
Itxialdirako genetika sorta
Lehenengo txandaren hasiera
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0
19) Laborategietako langileei, eskerrak
20) Ez da guda bat, auzolana da
21) COVID-19ari gene-sentikortasuna
22) Gripe-pandemien genetika
23) Genetika zientzia-fikzioko filmetan
24) Beldurraren genetika
25) Parte-hartzearen garrantzia
26) Erratuta nengoen eta erratuko naiz
27) (gene-)datuen gobernantza
28) Genomak berdefinitzen
29) Minbizien gene-bilduma erraldoia
30) Gaixotasunak sailkatzen
31) Pangolinak
32) Saguzarrak
33) Zitokinen ekaitza
34) Gainontzeko epidemiak (I) – GIB
35) Gainontzeko epidemiak (II) – Ebola
36) Gainontzeko epidemiak (III) – Kolera
37) Gainontzeko epidemiak (IV) – Herpesbirusak eta H. pylori
38) Gainontzeko epidemiak (V) – Patogenoak ez direnak
39) Gainontzeko epidemiak (VI) – Etortzear dauden epidemiak aurreikusten
40) Bizi-urteak kentzen dituzten mutazioak
41) Birus erraldoiak
42) Jirafen lepoa
43) Hesteak minberak direnean
44) Eboluzioa bueltan da
45) Zama diren onurak
46) COVID-19a eta tripak
47) Gene-dibertsitatea
48) Bigarren olatuak
49) Sexu-kromosomak eta bizi-luzera
50) Gene-aholkulariak
51) Adituaren falazia
52) Bio zuk zeuk egin
53) Koronabirusen erretratua
54) Bizi(tz)a konplexua da
55) Etxabereak eta gu
56) Genometako guda-hotza
57) Kontserbazioa eta gene-aldaerak
58) Normaltasuna
59) Gaixotasunak eta sexua
60) Gene-dosia orekatzen
61) Gizakion adaptazio lokalak
62) Estigmak diren geneak
63) Zientzia-artikuluetan itota
64) Zientzian konfiantza
65) Gene-informazioaren balioa
66) Mikrobiomaren eragina immune-sisteman
67) Immune-sistema eraginkorrak SARS-CoV-2a antzematen
68) Zabor-posta zientzian
69) COVID-19ari buruz datuak partekatzen
70) Espezieen mugak
71) Genomaren zaindaria, gene-ediziorako oztopo
72) Gene-informazioa lagatzea
73) Birusak minbizien aurka
74) Egitasmo handien datuak erabiltzen
75) Gene biziak arrazakeriaren kontra
76) Sormena
77) Gene-lengoaia (I) – Hizkiak
78) Gene-lengoaia (II) – Patroiak ta egiturak
79) Gene-lengoaia (III) – Interpretazioa
80) Gene-lengoaia (IV) – Eboluzioa
81) Gene-lengoaia (eta V) – Etorkizuna
82) Omikak gaixotasun infekziosoak ikertzeko
83) Gene-arriskua erabiltzen
84) Geneen aktibitatea aurreikusten
85) Ezer ez da dirudiena
eta 86) Bizitza oso bat aurretik ikasten jarraitzeko
Lehenengo txandaren bukaera
Bigarren txandaren hasiera
87) Jakinpozaren alde, beti
88) Korodatuak
89) #Koropilulak
90) Dengea
91) Korodatuak (2)
92) #Koropilulak (2)
93) PCR
94) Korodatuak (3)
95) Genetikaren etorkizuna (1)
96) Koropilulak (3)
97) Gripearen zain
98) Genetikaren etorkizuna (2)
99) Koropilulak (4)