Ez naiz batere kirolaria. Ezta kirolzalea ere ez. Baina estropadek liluratzen naute. Kirol puska bat iruditzen zait: esker txarrekoa askotan, sufrimendu handikoa, baina oso ikusgarria. Eta oso erreza eta atsegina jarraitzeko.
Urtero bezala, niretzat uda lehen arraunkadekin hasi zen eta gaur bukatuko da azken traineruaren txopak helmuga zeharkatuko duenean. Uda osoan zehar arraunlariek arrauna hartu eta itsasoari aurre egin diote lemazainaren argibideei jarraituta. Itsasadarrean edo itsaso zabalean, itsaso barean, bagatxoekin edo olatu erraldoien artean, gainontzeko traineruak baino lehenago helmugara heltzeko helburuarekin lehertu egin dira. Orain arraunak jaso eta atseden hartuko dute.
Guk, aldiz, arraunari tinko heltzen jarraituko diogu udazken bero eta zail honetan zehar nabigatzeko. Gure lemazainak fidatzekoak ez badira ere. Boga, boga, marinela…