Jada aurkeztu dute EiTB maratoiaren edizio berria. Aurten, sorpresa, COVID-19ari buruzko ikerketari limosna emateko izango da. Oraindik iazko dirua banatu gabe dagoenean –aste honetan jakin da laster diru hori eskatzeko epea zabalduko dela, noiz banatuko duten, auskalo– edizio berriarekin mehatxatu gaituzte. Iaz Lau Teilaturekin torturatu ostean, aurten ekitaldirako prestatutako bertsoa abestea izango da gure buruak zuritzeko proposatu digutena.
Noski, jendeak bere borondaterik onenarekin parte hartzen du, ez daukat inolako dudarik, baina desira-gogoeta besterik ez da. Ikerkuntza ezin da dohaintzetan oinarritu eta, are gutxiago, momentuan bolo-bolo dabilen gaien menpean egon ze ikerkuntzari ematen zaion dirua. Errepideak eta metroak egin arte behar duten diru guztia jasotzen duten bezala, ikerkuntzek egin arte behar duten dirua jaso beharko lukete, ez norbanakoen borondatearen arabera. Pentsamendu aldaketa hori bai dela maratoi luze bat.