Domeketako gosaria - Kafepintxo

Bartzeloneta

Orain dela hamar urte Bartzelonara bizitzera joan nintzen bi urtez. Bartzeloneta auzoan pisu txiki baina itxuroso bat hartu nuen, lanetik gertu. Merkatua alboan nuen eta kalearen bukaeran hondartza ikusten zen.

Auzoaz maitemindu nintzen. Gentrifikazio prozesua hasita bazegoen ere eta turismoa mehatxu bat bazen ere, oraindik bere xarma mantentzen zuen. Bartzelona den jolas-parkearen baitan bazegoen ere, oraindik bere izaera mantentzeko gai zen. Denbora oso gutxian bertokoa banintz bezala sentitu nintzen, nire izaerarekin bat egiten zuen auzoa baitzen. Auzoaren ezizena “L’Ostia” da eta bertoko auzoko elkarteak izen hori darama. Imajina dezakezue euskaldun batekin, batez ere Bilbo ondokoa izanda, zenbat joko ematen zuen horrek.

Euskal Herrira itzuli nintzenetik, Bartzelonara bueltatzen naizen bakoitzean nire bigarren etxetzat jotzen dudan auzora itzultzen naiz, jada zena ez bada ere.