Idoloen fenomenoa eta sortzen dituen pasioak eta fanen legioak behiak trenei begira bezala uzten naute. Hotz, oso hotz. Batzuetan iruditzen zait dela ulertzen ez dudalako edo, agian, nire estandarretarako, zerbait irrigarria dela pertsona bat edo dena delakoa gurtzea. Baina ez da hori, gertatzen ari dena ulertzen dut, eta ez du nigan inolako erreakziorik sortzen, ezta barregura ere; asko jota sinesgaitza iruditzen zaidala. Iruditzen zait gakoa dela konektatzen ez dudala. Esandakoa, hotz uzten naula. Edo sekulako nagitasuna ematen didala. Hor nonbait egongo da.
Ez dut ukatuko hainbat pertsonek egiten dutenaren oso zalea naizela; hainbat pertsona miresten ditudala eta noizbait autograforen bat eskatu dudala. Baina gurtu? Ufa… Agian pertsona hotza naizelako ezin ditut pasio horiek sentitu, buruan edo ariman konexioren bat falta balitz bezala. Edo nerabezaroa orain dela asko atzean utzi nuela.