Domeketako gosaria - Kafepintxo

Txokolatea

Bere hortan. Esnearekin. %70a arte. Almendrekin. Egindakoa. Turroia. Bonboiak. Txurroekin. Bizkotxoekin. Ogiarekin. Gailetekin. Palmeran. Hostopilean. Pantxinetan. Baina ez txuria. Ezta lore eta gauza arraroekin. Ontza bat. Edo bi. Edo tableta osoa.

Txokolatearen inguruan liturgia oso bat jaso dut etxean: Eguberriko gosaria egindako txokolatea da, Josu haurtxoaren gosaria, hain zuzen ere (amamak amari irakatsitako tradizioa; ta amak neuri); Urte Berrian beste hainbeste; eta urtebetetze bat ez da urtebetze bat txokolaterik ez badago.

Zeren txokolatea mundu honetako plazer handienetako bat da. Agian nutrizioaren ikuspuntutik pozoia da baina norberak aukeratzen ditu bere pozoiak. Agian garauak ateratzen zaizkit, baina gustora daramatzadan garauak dira. Plazerrak ez baitu kalterik egiten, ta ondorioak ondorio, plazerraz gozatu behar da. Inoiz ez baitakizu noiz geldituko zaren plazerrak dastatzeko aukerarik gabe.