Orain dela urtebete itxialdirako zientzia-pilulak hasi nituen. Orduan ez nekien zenbat iraungo zuten, ezta bi txanda izango zutenik edo zein harrera izango zuten. Nire asmo bakarra izan zen zientziak gehien behar genituen momentuan lagungarria izatea, heltzen zitzaizkigun berriak interpretatzen laguntzea. Zientzietaz zeozer dakien lagun bat bezala. Adituak eta arituak beste batzuk ziren eta izan behar zuten momentu horretan. Pertsonaletik egin nuen, ezjakintasunean lagun izateko. Urtebete geroago hemen jarraitzen dugu.
Gogorra izan zen, gogorra izaten jarraitzen du. Pandemiara eta bere ondorioetara ohitu gara baina horrek ez ditu leuntzen. Oraindik egunero Hegoaldean 9 pertsona hiltzen dira COVID-19aren ondorioz. Oraindik ezer gertatu ez balitz bezala aritzen diren pertsonak (eta agintariak) daude. Oraindik bizi izan dugun guztia ukatzen edo garrantzia kentzen dien pertsonak daude. Baina bizi dugun honek behintzat bi min sortu dizkigu, bata norbanako moduan, bestea gizarte moduan. Eta horiei buruz hitz egiten ez badugu, horiei aurre egiten ez badiegu, ez gara osatuko, ezingo dugu aurrera egin eta, gainera, berriro ez gertatzeko neurriak ez ditugu hartuko. Urtebete ostean ez dugu dolua pasa eta min hori enkistatzeko arriskua dugu, horrek sortzen duen erresuminduarekin.
SARS-CoV-2 birusak egiturazkoak diren arazoak baliatu ditu bere hedapena errazteko eta, horregatik, COVID-19 sindemia dela esaten dugu. Birusaren mutazioei asko erreparatzen badiegu ere, bizi duguna ulertzeko baldintza, faktore eta arrakala sozioekonomikoek pisu gehiago dute birusaren biologiak baino. Zahar-etxeetan hildakoen kopurua tragedia erraldoi bat izatea ezin zaio bakarrik birusaren biologiari egotzi. Baliabide ekonomikoak izanda, errazagoa da koarentena eta isolamendu neurriak betetzea. Burokraziaren zurruntasunek eta agintarien epeltasunak neurri eraginkorrak hartzea atzeratu dute edo ez hartzea eragin dute. Ez badugu horietatik ikasten, motelago aterako gara honetatik eta nekez egingo diegu etorkizunean etor daitezkeneei.
Bizi dugun egoera honetatik ez digute txertoek aterako. Egoera asko arinduko dute, hildakoak, ospitaleratzeak eta ondorio larrienak ekidingo baitituzte. Baina horrekin dena konpontzen dela pentsatzea errealitatea ukatzea da, zaborra alfonbra azpian ezkutatzea. COVID-19aren pandemia bizi garen sistemaren arazo totxoen sintoma oso larria da, baina sintoma, ez eragilea. Behin COVID-19aren dimentsio biologikoa kontrolpean izanda dena konponduta dagoela pentsatzea, edo oso inozoa da, edo oso maltzurra da. Norberak bere arlotik, eta maila ezberdinetatik, zer dagoen gaizki kontatzeko eta konponbideak proposatzeko garaia da. Agian horrek erraztuko digu doluari aurre egitea.
Plano pertsonalean beldurra pasa nuen. Eta izaten jarraitzen dut. Orain dela urtebete zera pentsatu nuen “gertatzen ari dena ulertzeko lanabesak izanda beldurra pasatzen ari banaiz, lanabes horiek ez dituena nola egongo da? Zer egin dezaket?” Horregatik bururatu zitzaidan pilulen kontua egitea, pertsonaletik, lagun bezala, gertatzen ari zena ulertzeko gakoak ematen saiatzeko. Informazioa edukitzeak egoeraren neurria hartzen laguntzen gaitu, egoera hori oso terriblea bada ere. Ez jakitea terribleagoa da, lanabesik eta perspektibarik gabe uzten gaitu. Beldurra izaten jarraitzen dut zeren ez dakit ikasi behar genituen ikasgai guztiak ikasi ditugun eta joera eta jarrera oso kezkagarriak ikusi eta jasan ditut urte honetan zehar. Hobeagoak aterako ginen, doilortasuna nagusi da.
Dibulgatzaile eta zientziazale bezala urte oso zaila baina aberasgarria izan da. Zientziak erdigunean jarri diren urte honetan zientzien indar eta ahulezia guztiak gelditu dira agerian. Eta denbora oso laburrean gauza asko ikasi behar izan ditugu. Gogorra eta nekagarria izan da ikustea hainbat jendek (agintariek batez ere) zientziak arbuiatu dituztela; eta momentu batzuetan twitterren jasotako mezu desatseginek mindu naute. Baina hain handia izan da gehienek izan duzuen esker ona, hain gustura hartu dituzue idatzitakoak, txiokatutakoak eta esandakoak, horrekin gelditzen naizela. Zuen gertutasunak aurrera egiteko indarra eman dit, nekearen eta gogaikarrien aurrean, eskerrik asko bihotzez.
Ikertzaile bezala, pixka bat behiak trenei begira bezala gelditu naiz askotan. Iruditzen zitzaidan nire gaitasunak erabilgarriagoak zirela pandemiari aurre egiteko laguntza ematen (komunikazioan edo datuen analisian laguntzen) ohiko jarduerak egiten baino. Normalean ikertzen duguna hilabete batzuk atzeratzeagatik ez zen ezer gertatzen, momentu horretan pandemiari aurre egiteko esku eta buru gehiago jartzea zentzu gehiago zuela iruditzen zitzaidan. Baina, tira, ofizio hau eta auzolana ez dugu denok modu berdinean ulertzen.
Nire eremutik egin dezakedan ekarpenik garrantzitsuena zientziak sendotzea eta zientziak zabaltzea da. Ezagutzen nautenek badakite egungo ikerkuntza-sistemarekin nire zalantzak ditudala (suabe esateagatik) eta, askotan esan dudan bezala, ez dut dibulgazioa egiten, zientzien agitprop-a egiten dut. Kultura zientifiko osasuntsu eta sendo bat garatzen laguntzea eta hori gizartean hedatzea da sindemiari aurre egiteko bururatzen zaidan ideiarik onena. Zintzotasunez, apaltasunez eta gertutasunez entzun, solas egin eta partekatu. Gure kezkak, zalantzak eta interesak plazaratu, jakintza eta ezagumendua horiek ebazteko erabilita. Gertatu zaiguna, gertatzen ari zaiguna, landu behar dugu, bestela, kaskarragoak egingo gaituen min bat geldituko zaigu.
Eta zuk, nola bizi izan duzu urte hau? Kafepintxo batekin gogoetak partekatzen ditugu? Zaindu gaitezen eta mundu hobeago bat irudikatu dezagun, ez dugu beste irtenbiderik.