Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Beharrezkoa al da DNAren eguna?

Niri ezdakitzerren egunena eskutatik joan zaigula iruditzen zait. Egia da badaudela halako aitormena merezi duten gertaerak, borrokak eta eskubideak, baina hiperinflazio honekin indarra gal dezakete. Gaur DNAren eguna ospatzen da, beharrezkoa al da?

DNAren eguna lehen aldiz AEBtan ospatu zen gaurko egunez orain dela 18 urte. 1953ko Apirilaren 25an DNAren egitura azaltzen zuen zientzia-artikulua argitaratu zen. Gertaera horren 50. urteurrena ospatzeko gertaera puntual bat bezala plazaratu bazen ere, ordutik gaurko eguna DNAren nazioarteko eguna, DNAren munduko eguna edo DNA eguna bezala ospatzen da. Batez ere DNA testak egiteko konpainiak eta genetikan aritzen diren aldizkariek bultzatuta. Egun honen helburua da ospatzea DNAren aurkikuntzak eta ezagumendua, eta ezagumendu hori posible egin dituzten zientzia-aurrerakuntzak.

Noski, ni genetikaria naiz eta ez dut ukatuko DNAren garrantzia eta, hedapenez, genetikaren garrantzia. Badakizue blog honetan zientziaren, batik bat genetikaren, agitpropa egiten dudala gizartea genetikan ahalduntzeko. Zientzia Kaieran landu ditut genetikaren historia (DNAren egituraren aurkikuntza barne) eta hilero ekartzen ditut genetikari buruzko pasadizoak, bitxikeriak eta gai totxoak. Elhuyarreko lagunak beti prest daude genetika-gaiak lantzeko. Inkluso Etzi.pm-n Iratirekin batera landu dugu etorkizunak eman dezakeena. Zera, eskatzen didaten leku guztietan DNA/genetika binomioaz matraka ematen dudala. Zeren, gene-informazioaren molekula DNA denez, biziaren oinarria bertan dago. Eboluzioaren tira-bira guztiak DNAn hasi egiten dira. DNArik gabe, ez ginateke hemen hau ospatzen egongo. DNAren garrantzia ospatzea, bizitza bera ospatzea da. Baina egun bat merezi al du?

COVID-19aren pandemiaren aurretik argi ta garbi ezetz esango nuke. Orain bai, behar-beharrezkoa dela iruditzen zait. DNA eta DNAren inguruan egiten diren ikerkuntzak, teknologiak eta aurrerakuntzak  ospatu behar ditugu. Horiei esker mundua hankaz gora jarri duen birus baten sekuentzia arin eskuratu dugu, bere detekzioa modu arinean egin eta bere aurkako txertoa garatu. Guzti hori ahalbidetu duen guztia ospatzeak merezi du, nola ez. Gainera beharrezkoa dugu egun hau ospatzea ere DNAren ezaugarrietan oinarritutako PCR eta mRNA teknologiak gezurteroen aurrean defendatzeko. Ez duzue imajinatzen niretzat zeinen haserregarriak, nekagarriak eta nazkagarriak diren “PCRan ez dut sinisten” edo “mRNA txertoak terapia genetikoa dira” bezalako ergelkeriak. DNAren egunak horien aurka borrokatu behar dugula gogoratzen digu ere.

Baita ere egun hau ospatu behar dugu iraganean egindako mesprezuak, kalteak eta bazterketak onartzeko eta zuzentzeko. Egun honen jatorria, DNAren egiturari buruzko zientzia-argitalpena, bidegabekeria, misoginia eta harrokeria istorio bat da. Genetikaren historian gertatu diren hainbat atal tamalgarriren adibidea. Rosalind Franklinek pairatu zuena ez zen gertaera isolatu bat izan. Hortaz, egun hau ospatzea, bide-bazterretan ahaztuta gelditu direnen, zapaldu direnen, memoria berreskuratzea da ere.

Hortaz, topa egin dezagun DNAri buruz dakigun guztia posible egin duten zientziagintzako langileen omenez eta goza dezagun aurrerakuntza guzti horietaz. Biba gu!

One comment on “Beharrezkoa al da DNAren eguna?

Comments are closed.