Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Zientziak kritikatu behar dira

Gaur amaitzen dudan 8. dibulgazio-denboraldi hau atipikoa izan da. Aurrekoa bezain beste ez, baina arraroa: lehenago hasi nuen egoerak hala eskatzen zuelako eta urte hasieratik motel joan da. Eta denboraldia bukatu nahi dut hasi nuen bezala: jakinpozaren aldeko aldarria egiten.

Pasaden abuztutik orduan idatzi nituenak ez dira asko aldatu, tamalez. Iruditzen zait zientziak kritikatu direla arrazoi bidegabe eta okerrengatik. Askotan aurpegia eman behar zutenak izkutatu direlako; agintariek beren erantzukizunak zuritzeko zientziak uzkurtu dituztelako; eta ezjakintasunaren aldeko korronte bat dagoelako. Ez da giro zientzialaria ta zientziazalea izateko. Inoiz ez da izan eta beti korrontearen aurka jotzea egokitu zaigu. Ezer berririk ez, baina egokia da gogoratzea.

Zientzietan ez da sinisten, zientzialariok ez gara sermoilariak eta zientziak ez dira errazak. Zientziek konfiantza sortu behar dute, zientzialariok azaldu behar dugu eta zientziek esfortzu handi bat eskatzen dute. Denok horietaz jakitun izan behar dugu. Zerbait ikastea ez da erraza, neuronak lanean jartzea kostu energetiko handia du. Jakintza ezin da pure bat bezala koilaraz eman, inolako esfortzurik gabe liseritu. Ondorioz ere, guztiz beharrezkoa bada ere, zientziak ezin dira edozein modutara kritikatu.

Bizi garen gizatasunik gabeko garai turbokapi testosteroniko honetan oldarkortasuna kritika moduan mozorrotzen da, ergelkeria miresten da eta falaziak dira lengoaia. Zientziak ez dira horretaz libratzen zeren, ez dut gurpila asmatuko, testuinguru kultura batean pertsonok egiten ditugulako. Zientziak guk egiten ditugun artefaktuak dira eta, ondorioz, gure gauza on guztiak eta gauza txar guztiak islatuko ditu. Hortaz, zilegi da kritikatzea zientziak norberaren onurako egiten direnean (curriculuma loditzea) eta ez denon onurako (zientzia esanguratsua eta ona egitea). Hortaz, zilegi da kritikatzea zer eta nola ikertzen den eta gizarteak fiskalizatzea zientzialarion jarduna. Aurpegia eman behar dugu beti, egiten duguna azaltzea lanaren parte izan behar da beti. Lortzen dugun jakintza-uzta gizarte guztiak dastatu behar du. Baina horrek ordainetan gauza batzuk dakartza ere: esan bezala, zientziak ez dira errazak dastatzeko. Ondorioz, zientzia-solasaldi zintzo bat izan nahi badugu, ez du balio hooligan moduan jartzea. Ohitu gara edozein gaiez (izan saltseoa, kirola edota politika) modu oldarkor, alderdikoi eta ziniko batean aritzera. Maila oso baxuan, pobrean, denok kaltetzen gaituena. Pandemian zehar, zientziei aurre egin nahian, horretara jo da ere. Inkluso politikariek zientziak aitzakia bezala jarri dituzte beren erantzukizunak ez onartzeko. Giro guzti hori oso larria da, zeren zientzietan konfiatzen ez duen gizarte bat, porrotera kondenatua dagoen gizarte bat da. Eta, esan bezala, zientziez aritzeko eskakizun intelektuala ezedukitasun hori baino askoz altuagoa da. Zalantzak galdetzea zilegi da, erantzunek norberak dituen aurreiritziak baieztatu behar dutela exijitzea ez. Iritzi trukaketa lasai, eraikitzaile eta adeitsu batean beti aurkituko nauzue; norberaren ikuspuntua oldarkortasunez, astuntasunez eta orojakintasunez inposatzea, pikutara bidaliko zaitut. Inolako alhadurarik gabe. Egia esan, oldarkor horiek zarata asko egiten duten gutxi batzuk dira, baina nahikoak giroa aldrebesteko. Zorionez, gehiengoak zientziei kasu egiten die, adibidez, Astrazeneca-ren kontu guzti horretan, aukera izan dutenek, ebidentzien alde egin dute. Horrek esan nahi du gehiengoak zientzietan konfiantza duela eta hori zaindu beharra dago.

Zeren kritikak zuzenak badira, zientzia hobeagoak egingo ditugu. Ez dugu denbora galduko falaziak desmuntatzen, denbora inbertituko dugu jakintza berri moloia egiten. Eta hori da niri bizipoza ematen didana, eta horregatikĀ guzti honek merezi du. Sinez espero dut datorren denboraldian jakinpoza askoz gehiago partekatzea. Bitartean, uda bikaina izan dezazuela, zaindu zaitezte eta iraileko ekinokzioan irakurtzen dugu elkar kafepintxo baten bueltan.

Maite zaituztet!