Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Koroaldaerekin ez galtzeko gida arina

Dibulgazio-oporretan banago ere, eta pandemiari buruz aritzetik distantzia pixka bat hartu nahi banuen ere, egoera zein den ikusita, ba zerbait arina kozinatzea otu zait. Baina ez aditu moduan (horrek dakartzan lanekin), baizik eta kafepintxo baten inguruan lagun batek kontatzen dizuna bezala. Beno, blog honen izpiritua jarraitzea, ezta? Joan berotzen kafea.

Zer dira aldaerak?

Birusek mutazioak jasotzen dituzten heinean beraien artean genetikoki ezberdintzen doaz. Genetikoki nahikoa ezberdintzen direnean (= hainbat mutazio edukitzea) talde berri bat osatzen dute eta horri aldaera esaten zaio. Bide batez, mutazioak gene-informazioan aldaketak dira, ohikoak bizidun guztietan eta, bereziki, birusetan. Ez da ezer arraroa mutazioak egotea ezta beldurgarria, biziaren parte dira, espreski, gene-informazio berria sortzeko mekanismoa da. Mutazio horietako gehienek ez dute ondoriorik izango edo birusaren funtzioa kaltetuko dute, gutxi batzuk, aldiz, birusa eraginkorragoa izatea eragin lezakete. Halako mutazioak dira zaindu eta kontrolatu behar direnak eta halako mutazioak dituzten aldaerak dira kezkagarriak edo interesekoak izendatzen direnak.

Britaniarra, indiarra, alfa, delta,… zergatik hainbeste aldaera?

Esan bezala mutazioak zeozer ohikoak dira bizian, eta birusek, beren ezaugarriengatik, mutazio asko dituzte. Zorionez, koronabirusek ez dituzte mutazio asko, eboluzio motela dutela esaten dugu, baina hainbeste birus daude zirkulazioan, azkenean, motela bada ere, mutazio asko gertatzen direla. Ehundaka aldaera daude, baina nomenklatura zientifikoa oso ulergaitza denez, kezkagarriak edo interesekoak diren aldaerak lehen aldiz identifikatu ziren lekuarekin izendatzen hasi ziren. Baina Munduko Osasun Erakundeak estigmak saihesteko greziar letrak erabiltzen hasi zen: alfa aldaera britaniarra da, eta delta indiarra. Momentu honetan lau aldaera kezkagarri daude (birusa eraginkorragoa egiten duten mutazioak baitituzte) eta intereseko beste lau (potentzialki arriskutsuak izan daitezkeen mutazioak dituzten aldaerak).

Kezkagarriak al dira aldaera horiek?

Arrisku-taldekoa bazara (60 urte baino gehiago, immunodepresioa baduzu, gaitz kronikoa, etab.) eta txertoaren bi dosiak hartu ez badituzu (beno, Janssenen kasuan badakigu dosi bakarrekoa dela 😉) ba bai, kezkatzekoak dira. Eta pertsona guzti horiengatik ere kezkatuta egon beharko genuke. Azken finean, delta aldaera alfa baino errazago hedatzen da (jada hedatzen oso arraza den birus batean) eta txertoaren dosi bakarra hartuta deltaren aurrean eraginkortasuna baxuagoa da. Behin bi dosiak hartuta babes handia ematen dute txertoek delta aldaeraren aurrean, baina hori gertatu bitartean arriskua ezin daiteke arbuiatu. A! Eta gogoratu munduan zehar pertsona gehienek ez dutela txertorik jaso. Adibidez, eman diren dosien %1 herrialde txiroetan eman dira eta ez da aurreikusten herrialde horietara txertoak kopuru nahikoan 2023. urtea baino lehenago heltzea.

Baina ospitaleak ez dira betetzen ari, hortaz lasai egon gaitezke, ezta?

Bai eta ez. Bai, zeren bizi dugun kasuen igoerak, txertoei esker, ez duelako ospitaleetan eraginik momentuz. Ez, zeren oraintxe bertan ehuneko txiki batek ospitaleetan edo ZIUetan bukatuko badu ere, kasuak gora doazen heinean, ehuneko txiki hori kontuan hartzeko zenbakiak bilaka daitezke. Nola egoera oso txungoak bizi izan ditugun, orain egoera ez hain kaxkarrak onargarriak iruditzen zaizkigu, bere arriskuak badituzte ere. A, ta beno, osasungintzako langileek ondo merezitako atsedena hartzea ez legoke gaizki; edo, behintzat, koronabirusa ez den zerbaiten lan egin ahal izatea.

Aditu batzuk diote ez dela kezkagarria egoera, beste batzuk baietz… galdatu nago.

Normal galduta egotea, nik ere ez daukat argi momentu honetan zuhurtziaz jokatzea zer den: aldaerak arriskutsuak diren esatea edo hori esatea alarmismoa ote den. Kontua da aditu bakoitzak bere jakintza-arlotik egiten dituela interpretazioak eta beti dago daturen bat edo neurriren bat zuk uste duzun hori baieztatzeko. Ni genetikaria naizenez nire ikuspuntua alboratuta dago bi ertzetara: biziaren konplexutasuna eta eboluzioa. Nire interpretazioek beti betaurreko horiekin egiten ditut eta, ondorioz, ereduek ez naute lasaitzen eta birusari eboluzionatzeko aukera ematea (=birus asko zirkulazioan egotean, orain bezala) kezkagarria iruditzen zait. Gainera, asko hitz egiten da S genearen mutazioei buruz, gene hori baita birusak zelulak infektatzeko erabiltzen duen proteinaren ekoizlea eta immune-sistemak antzeman egiten duena birusari aurre egiteko. Baina beste hamar gene ditu, horietako askoren funtzioa ezezaguna delarik. Birusaren eboluzioa bere osotasunean aztertu gabe, informazioa galtzen ari garela iruditzen zait. Baina hori nire betaurrekoetatik, e? Nik behintzat zintzotasun ariketa bat egiten dut eta nire subjektibotasuna aitortzen dut.

Zer dela eta hainbesteko zuhurtzia, Koldo?

Ez naiz Koronabirusaz eta gure kudeatzeko gaitasunaz fidatzen. Iazko urtarril eta otsail partean, Txinako berri urrunak zirenean, egoera eta birusa gutxietsi nituen. Ez zela horrenbesterako izango uste nuen, pentsatuta prest geundela birus bati aurre egiteko. Hanka-sartze estratosferiko hori ez dut errepikatu nahi eta horrek zuhurtzia gehiegi izatera eramaten banau, hala izan dadila. Birus honek ezusteko gehiegi eman dizkigu eta hankaz gora jarri ditu genituen uste asko, ez dut uste errealista denik hau kontrolpean dagoela pentsatzea orain ospitaleak betetzen ez direlako. Ertz biologikoa bideratzen ari gara, ados, baina euforiarik gabe, hau eginda balego bezala. Eta pandemia honek beste ertz asko ditu, honaino ekarri gaituztenak. Horiei ez diegu aurre egin.

Zergatik ez duzu hau medioetan esan (eskatu badizute ere)?

Momentu honetan denborarik ez dudalako eta gauza askorekin erreta nagoelako. Zerbait arina eta informala idazteko tartetxo bat aurki dezaket, baina medioek behar duten prestaketa eta denbora, ez. Pentsatu dibulgazioak ez duela konputatzen gure lanaren parte bezala, musu-truk egiten dugun zeozer dela, ahal dugunean eta borondatez. Behin betebehar guztiak egiten ditugula egin dezakegun zerbait dela. Hobby batera murriztuta dago ikerkuntza-sisteman. Eta momentu batzuk daude ezinezkoa dela. Hori denon kalterako dela? Beno, urteak daramatzat hori aldarrikatzen: dibulgazioa ezin dela mantendu bakarrik borondate onarekin eta orain pairatzen ari gara gabezia hori. Hortaz, zaindu itzazue zuen gertuko dibulgatzaileak, kafepintxo batera gonbidatuz, adibidez.

Hau da kafepintxo baten inguruan gai honi buruz esango nukeena. Orain bai, espero dut oporrak hartu ahal izatea eta irailaren 21aren inguruan elkar irakurtzea dibulgazio-denboraldi berri batean. Ondo segi eta zaindu zuen buruak eta ingurukoak!

Besarkada handi bat,

Koldo.