Kafepintxo

Hemen gene-salda badago

Gaur arrastian udazkena hasiko da. Iraileko ekinokzioarekin batera Edonolan dibulgazio-denboraldia hasteko ohitura dut (bakoitza bere frikiak bizi du eta hemen zientziazaleak gara), eta horretara etorri naiz. Honako hau 9. denboraldiaren hasiera da. Nork esango zidan niri orain dela zortzi urte, zergatik dibulgatzen ez nuela azaltzerakoan, modu honetara buelta emango nionik…

Iaz, denboraldiaren hasieran jakinpozaren aldeko aldarria egin nuen eta denboraldia bukatzeko zientziak kritikatzea beharrezkoa dela. Zera, ez itxaron ildo horretatik mugituko naizenik. Hemen genetikaz eta zientzietaz aritzen naiz, genetikan ahalduntzeko eta gure kultura zientifikoa aberasteko. Inoiz baino beharrezkoagoa baita, zeren ez dira garai xamurrak zientziagintzan aritzen garenontzat eta zientziak maite ditugunontzat. Bereziki horregatik hautua oso kontzientea da, dibulgaziotik atseden pixka bat hartzea buruan banuen ere.

Onartu beharra daukat oraindik hau egiten ikasten nabilela. Eta, askotan esan dudan bezala, nik zientzien agit-propa egiten dudala: jendearen jakinmina zirikatzen dut istorioak kontatzen. Batzuetan gertukoagoak, besteetan hardcoreagoak, baina inoiz ez sermoiak. Noski, kontua da nik erabakitzen dudala zer kontatu eta nola. Zera, nire bloga da, zentzua dauka, ezta? Baina iruditzen zait eredu horrek bere mugak dituela eta dibulgazioa zuekin egitea gustatuko litzaidake.

bowl of soup
dibulgazioa, dazientziat, kultura zientifikoa, zientziaPhoto by jenvit keiwalinsarid on Pexels.com

Nola egin hori? Ba ez dakit, baina denboraldi hau horrekin jolasteko eta esperimentatzeko baliatu nahiko nuke. Eta abiapuntua galdera xume bat izango da:

“Genetika” berba ikusten/entzuten duzuenean, zer datorkizue burura?

Jada Twitterren bota nuen eta erantzunarekin oso pozik nago. Eta zuen erantzunei tiraka denon artean gene-salda zaporetsu bat kozinatzea espero dut.

Bitartean, han eta hemen izango naiz genetika eta zientzia kontuak zabaltzen (Naiz Irratian, Zientzia Kaieran, Elhuyar Aldizkarian eta gonbidatzen nauten edozein lekutan!). Hemen, Edonolan, beti bezala genetika eta zientziak landuko ditugu kafepintxo baten inguruan. Hortaz, goazen ondo pasatzera!