Zientzietan badugu ohitura oso higuingarri bat: dena neurtu behar dugu. Parametroak, neurriak eta beharrezkoa dena asmatzen dugu errealitatearen zati bat kuantifikatu ahal izateko eta horrela ondorioetara heldu. Edo ez. Zeren gauza bat da asmoa eta beste bat egitea lortzen duguna.
Genetikan neurtzen ditugun gauzen artean geneen funtzio-maila dago, geneen espresioa edo adierazpena (euskaraz bietan irakurri dut) deitzen duguna. Neurtzen dena da gene baten RNA mezulari kantitatea, zeren gero eta RNA mezulario gehiago egon, genea aktiboagoa dagoela esaten da, gero proteina-kopuru gehiago ekoiztuko delako. Horrela, gene horrek kodifikatzen duen funtzio biologikoa momentu horretan beharrezkoa dela ondoriozta daiteke. Adibidez, infekzio baten aurren immune-funtzioan parte hartzen duten geneen aktibitatea handitzen da, kodetzen duten funtzioa beharrezkoa baita.
Zertarako neurtu gene-funtzioa? Bi baldintzen artean dauden ezberdintasunak aurkitzeko, adibidez, egoera osasuntsua eta gaixotasun bat. Horrela, gaixotasunean beren funtzioa aldatzen duten geneak aurkitu daitezke eta, ondorioz, jakin zeintzuk genek eta funtzio biologikok parte hartzen duten gaixotasunean. Gaixotasunean gene baten adierazpena asko aldatzen bada, pentsa dezakegu gene hori garrantzitsua dela gaixotasuna ulertzeko. Hori jakiteko adierazpenaren bataz bestekoak konparatzen ditugu eta estatistikaren bidez frogatu ezberdinak diren. Esan beharra dago ere, gero eta neurketa gehiago eduki (lagin gehiago aztertu) askoz hobeto, emaitzak argiagoak eta sendoagoak izango direlako.
Baita ere, badago gertaera bat nahiko kuriosoa geneen adierazpenarekin. Egoera osasuntsuetan, orokorrean, bere adierazpena nahiko homogeneoa da. Hau da, bataz besteko horretatik ez dira asko aldentzen balio indibidualak. Gaixotasunetan, aldiz, bataz bestekotik aldentzen diren balio indibidual gehiago daude, eta askotan muturreko balioak izan daitezke, bai gora nahiz behera. Horrek bataz bestekoen konparaketa zailtzen du eta baita ere aurresatea zer gertatzen ari den: laginaren arabera balioak gorago badaude edo beherago, ezin daiteke ondorio argirik lortu. Beno, zeren kasu horretan hor gertatzen den dispertsio hori baita ondorioa: genearen funtzioa guztiz aldakorra bilakatzen dela. Hori interpretatzea zailagoa da, baina ziur mekanismo biologikoen baitan zerbait esan nahi duela.
Bide batez, muturreko balio gehiago egotea gaixotasunetan, zerbaiten antza dauka… bai, azkenaldian eguraldiarekin ditugun gora behera horiek, ezta? Muturreko gertaera gehiago egotea, egonkortasunetik urruntzea. Hara, naturan sistema kaotikoak, metaforak eta antzekotasunak maila askotan aurki daitezke…