Urtebetetzeak ospakizun egunak dira, baina heltzen direnean pixka bat hausnartzeko ere erabiltzen ditugu, batez ere zenbaki berezietara heltzen garenean. Gaurkoan hogeitaguztiak betetzen ditut (euskaldunok hogeinaka zenbatzen dugu) eta 20-39 tarte honetan zerbaitek baldintzatu banau hori akademia izan da. Urte hauetan akademiarekin lotzen ditugun hainbat alderdi, bai forma aldetik, bai eduki aldetik, apurtzen edo birplanteatzen saiatu naiz. Nire izaeratik, nire balioetatik eta nire praktiketatik. Beti outsider bat izan naiz, leku guztietan, frikienean ere. Badakit horrek gauzak zaildu dizkidala, baina atzera begiratuta, ez naiz ezertaz damutzen.
Kafepintxoa
Lehenengo apurketa kafepintxoa izan zen. Bai, txantxa asko egiten ditugu honen inguruan, baina kafepintxoak baditu geruza asko eta gauza askoren metafora da.
Ikertzaileok laborategietara edo bulegoetara kateatuta bizi gara. Badirudi esperimentu bat egiten edo idazten ez bagaude ez gaudela ezer egiten. Blokeatuta bagaude ere, ezer ateratzen ez bada ere, pekatua dirudi altxatu eta aire hartzea edo kafe (eta pintxo) bat hartzea. Gelditzea, zure burua berkokatzea eta berriro ekitea. Egia da gero eta normaltasun handiagoz hartzen dela hori, baina oraindik badago hori ulertzen ez duenik edo zerbait txarra balitz bezala hartzen duenik.
Gainera kafepintxoak, testuinguru horretan, badu beste eragin bat: pentsatzea ahalbidetzen dizula. Bakarrik zure pentsamenduekin edo lankide batekin bloketatzen zaituen horretaz hitz egiten. Oso terapeutikoa da gelditzea eta, ohiko testuingurutik kanpo, pentsatzeko tartea hartzea. Zeren, tira, geure ogibidea pentsatzea da. Pentsatuko ez bagenu, egiten dugunaren alderdi filosofikoa landuko ez bagenu, teknikari superkualifikatuak besterik ez ginateke izango. Asko pentsatu, zerbait egin eta egindako horretaz pentsatu. Baita ere, beste gauza batzuez hitz egiteko aukerak gurpil zorotik ateratzeko aukera ematen dizu eta, horrela, blokeatzen zaituen horri beste freskotasun batekin aurre egin. Eta, tira, onar dezagun: tripa hutsik pentsatzea oso zaila da. Eta guk asko pentsatu behar dugu.
Kafepintxoa zientziaren sozializazioaren metafora da ere. Testuinguru lasai eta erlaxatu batean aritzeko gaia da zientzia. Kafepintxo baten inguruan azaldu daiteke hau edo beste, akademiaren kode zurrunetatik ihes eginez. Jendea zientzietan ahaldunduz, kultura zientifikoa hedatuz. Beste edozein gai bezala lagunekin, senideekin edo dena delakoarekin hitz egin daiteke zientziari buruz. Ados, hasiera batean ez dirudi erraza, baina behin solemnitatea kentzen diozula, gero eta errazagoa da zientziaz aritzea. Zeren, azken finean, egiten duguna garrantzitsua bada ere, ez da transzendentea. Ez da mundua amaituko kontzeptu bat edo lan bat zehatz mehatz ez azaltzeagatik. Eta ez zaituzte akademiatik botako: gehienek ez dute ulertzen besteek egiten dutena. Itxurakeria egiten dugu baina ulertu, oso gutxi. Lasaitasunez har daiteke zientzia eta hitz egin, kafepintxo batekin bada, hobe.
Azkenik, nire kasuan kafepintxoak badu beste esanahi sinboliko hirukoitza. Hainbatetan azaldu dut kafepintxoa amamaren transmisiotik datorrela.
Hirukoitza dela diot, herritik akademiara salto egiten duen kontzeptu bat delako, bakarrik euskal kosmogoniatik posible dena; akademiaren hanka sartze baten adibide delako; eta gurekin jada ez daudenak gogoratzeko erabiltzen dudalako, katebegia eten ez delaren froga delako.
Bai, kafepintxoak geruza asko ditu.
Adeitasuna
Ez naiz pertsona lehiakorra. Lotsatia eta barnerakoia naiz, bigarren mailan egotea gogoko duen horietakoa. Soinurik egin gabe bizitzen eta joaten den horietakoa. Entzutea hitz egitea baino gehiago gustatzen zait. Pentsatzea, egiten dudan horren zuzentasunaz hausnartzea. Baina akademia lehiaketa bat da non zure burua saldu behar duzun. Egun dugun sistemak hori inposatzen du eta pairatu dut. Baina nire izaera da dena eta hori da egon naizen lekuetan egin dudana: adeitasunez jokatu.
Lehiakortasunak balio jakin batzuk sustatzera eraman du, eta horrek eragin du garun, ikuspuntu eta bizipen asko eta asko galtzea. Bide-bazterrean jende interesgarri asko gelditu da. Galera itzela da jakintza sortu nahi badugu eta horrek kaltetu du egiten den zientziaren kalitatea. Gutako bakoitzak gauza ezberdinak bizi izan ditugu, modu ezberdinean behatzen dugu ingurua eta modu ezberdinean prozesatzen dugu informazioa. Ondorioz, modu ezberdinean egin dezakegu ez dakigun hori nola aztertu, zein esperimentu egin eta emaitzak interpretatu. Aniztasun hori aberasgarria eta osagarria da, ez genituzke arbuiatu behar, egungo sistema oldarkorrean gertatzen den bezala. Egia da oinarri komun bat dugula: metodo zientifikoa. Baina metodoaren baitan jakintza-arloaren eta galderaren arabera modu ezberdinetan gauza daiteke jakintza sortzea eta bere transmisioa, bere zuzentasuna, zorroztasuna eta koherentzia galdu gabe. Azken finean, lurra lantzen duenarena da, norberak inork baino hobeto ezaguten baitu. Adeitasunez gure ikuspuntuak elkartrukatzea guztiz aberasgarria da.
Lehiaketa zentzugabe honek beste ondorio absurdora eraman gaitu ere: jakintza-arloen artean jerarkiak sortzea eta lehia sustatzea. Ez da bakarrik zientzia eta humanitate arteko arrakala zentzugabea; nahiko gertu egon daitezkeen jakintza-arloen arteko talka oso ankerrak egotea. Adibidez, dinosaurioen desagertzean asteroideak izandako balizko eragina disziplinen arteko eztabaida oso garratzak eragin ditu, Kepa Altonagak “Iridioaren mintzoa” liburu bikainean ederki azaltzen duen bezala. Gainontzeko jakintza-arloek esateko dutenetik ikasi beharrean, gure jakintza-arloak dioena gailentzen dela defendatzen dugu eta, azkenean, denok galtzen dugu.
Horrek beste ondorio larri batera eramaten gaitu: disziplina ezberdinen bidegurutze diren gaiak, modu bateratuan aztertu beharrean, jakintza-arlo bakoitzak emateko duena aintzat hartu beharrean, norberaren jakintza-arloa lehenestera jotzen dugu. Askotan saltzen da ikerketa multidisziplinarrak eta transbertsalak egiten direla, baina horretarako, lehenik eta behin, jakintza-arloen artean adeitsuak izan behar gara, solasaldia posible egiteko. Baina egiten duguna da lehiatu jakiteko nork ote duen arrazoi gehiago. Adibidez, nik osasun-arloan ikertzen dut. Oinarrizko zientziatik abiatu nintzen eta orain hemen nago. Oso argi dut osasuna ikertu nahi baduzu zientzia esperimentalak eta humanitateak behar dituzula. Bai, gaixotasun baten mekanismo biologikoak ikertzeko, tratamenduak bilatzeko eta diagnostikoak egiteko esperimentalistak behar dituzu, ados. Baina gaixotasun askoren eragina edo gaixotasuna bera duzula esatea (eta medikura joatea ondorioz) ingurune sozioekonomikoren eta kulturalaren araberakoa da. Soziologo, antropologo edo ekonomialariak beharrezkoak dira gaixotasunen irudi osoa nahi badugu. Eta digitalizazioaren aroarekin, are gehiago. Bai, horregatik interesatzen zaizkit hainbeste humanitate digitalak genetikaria izanda. Datuak tonaka sortzen ari dira, gure bizitzako alderdi askotatik: gure gene-materiala sekuentzia daiteke, gure bizimoduaren arrasto asko uzten ditugu gailuetan, smartwatchek gure osasun-ohiturak erregistratzen dituzte,… horrek zalantza eta kezka asko sortzen ditu datuen kudeaketan eta gobernantzan, egiten ditugun galderetan, edota emaitzen interpretazioan. Halabeharrez, jakintza-arlo ezberdinen ikuspuntua eta hurbilketak beharrezkoak dira eta jakintza-arloek beraien artean asko ikasi dezakete. Baina, lehenengo, beraien artean adeitsuak izan behar dute. Momentuz betetzen ez den baldintza.
Alkandora hawaiiarra
Sarao garrantzitsuetara alkandora hawaiiarra eramatea txantxa bat bezala hasi zen. Udako Euskal Unibertsitatearen 47. Udako Ikastaroen hasiera ekitaldia Euskaltzaindian egingo zenez, amerikanarekin jantzita joatea egokiena zela iruditu zitzaidan. Baina udako izanda, zerbait frexkoa eramatea egokia zela iruditu zitzaidan. Eta hawaiiar alkandora janztea ideia borobila iruditu zitzaidan. Arrakastatsua izan zen burutazioa. Beranduago amak kontatu zidan EEBBko ultraeskuin supremazistak alkandora hawaiiarrak erabiltzen ari zirela beraien artean identifikatzeko, Boogaloo mugimendua, alegia. Alkandora hawaiiarra eramatea txantxa bat izatetik aldarrikapen antifaxista izatera pasatu zen. Zeren faxismoari ezin zaio ezta milimetro bat ere oparitu, eta alkandora hawaiiarrak (batzuentzat oso itsusiak badira ere), are gutxiago. Horregatik, 48. Udako Ikastaroen hasiera ekitaldian hautua kontzientea, politikoa eta antifaxista izan zen. Horrela jaso zuen Luistxo Fernandezek Sustatun eta Boogaloo mugimendua azaldu zigun.
Zeren akademia, zientzia edota beren oinarriak ez badira antifaxistak, ez dute ezertarako balio. Faxismoari aurre egiteko lanabes intelektualak sortu, garatu eta bermatu behar ditu akademiak, bestela guztiz alferrikakoa da. Faxistek oso argi dute beren logika eta arrazoitzeko modua: falaziak, sasiegiak, maltzurkeria intelektuala, etab. luze eta etsigarri bat. Hori aurre egin behar zaio, berdin dio zein den jakintza-arloa, guztiek ekarpena egin dezakete faxisten logika maltzur hori birrintzeko eta gizartean heda ez daiten. Aspalditik datorren mehatxua da faxisten erretolika eta pentsatzeko modua hedatzea, pandemiak bizkortu duena. Beren burua aurrerakoitzat duen jendeak faxisten iturrietatik edan dute beren usteak baieztatzeko. Hor arazo potolo bat dugu eta akademiatik eta zientziatik askoz hobeto egin behar dugu gure lana horri aurre egiteko. Gure barne gauza burokratikoetan eta sistemikoetan hainbeste tematu gara, gizartearekin eta herritarrekin dugun harremana ahaztu dugula. Ez gara herriko plazetara agertzen eta, azkenean, espazio horiek beste batzuk hartu dute. Bada garaia aldarrikatzeko akademia eta zientzia herritar eta herrikoia, gertukoa, jendea zientzietan ahalduntzen duena. Eta, ondorioz, faxismoaren logikaren tranpak agerian uzten duena eta jendarte horretan logika hori hedatzea saihesten laguntzen duena.
49. Udako Ikastaroen hasiera ekitaldian Ekai Txapartegik herrigintzaren familiak eta akademiak aurkeztu zizkigun. Ekitaldiaren osteko poteoan beste horrenbeste herrigintza familia berri atera sortu zituen, txantxa bezala, alkandora hawaiiarraren akademia barne. Baina, noski, itxura horrekin nork hartuko liguke serio, ezta? Baina seriotasuna gauza kuriosoa da: formaren aldetik serioa denak ez du zertan esan nahi edukiaren aldetik zuzena, zorrotza edo egokia denik. Hutsalak baina formalki serioak diren hainbat egitura eta erakunde daude. Hainbat kongresuetan ikusi ditudan hitzaldirik onenak txankleta eta bermudak jantzita zituzten tipo batzuk eman zituzten; trajea eta gorbata janzten zutenek, aldiz, sekulako hitzaldi astunak eman zituzten. Formaltasuna seriotasunez hartzen ez dugunez, protokolozko kode bat bete behar hori gainditu dugunez, askeagoak eta gertukoagoak gara edukia gehiago lantzeko eta errazago plazaratzeko. Serioak gara edukietan, arduragabeak formetan. Eta ezagumendua/jakintza edukiak eta horiek sortzeko prozedura, galderak eta istorioak dira. Ez nola janzten garen edo ditugun, ezta?
Totxo luze hau laburbilduz, nik aldarrikatzen (eta praktikatzen) dudana da akademia bat egon behar duela periferiei emateko oinarri intelektualak, arrazoitzeko lanabesak eta bere balioak hedatzeko praktikak. Nire kasuan, kalitatezko zientzia eginez, euskal kosmogoniatik eta adeitsua. Posible da. Eta, are garrantzitsuagoa, beharrezkoa dugu ertz eta maila askotan. Ezinezkoa gauza dadin lanean jarraituko dut, ez izan zalantzarik.