Kafepintxo

Mikrobiotari buruzko 24 txio

Txioerriak hitz egin zuen eta mikrobiotari buruzko haria egitea ideia ona zela erabaki zuen. Hortaz, hemen gaudenez, goazen harira 🧵! (Blogean ere dena batera jarri dut, errazago irakurtzeko)

Mikrobiota edo mikrobioma gurekin bizi diren mikroorganismoak (bakterioak, arkeobakterioak, birusak, onddoak,..) dira. Ezagunena hesteetako flora bada ere, mikrobiotak gure azalera osoa estaltzen du.

Datu bitxia. 1972an uste zen giza zelula bakoitzeko 10 bakteria zelula zeudela. Orain giza zelula bakoitzeko 1.3 bakteria zelula daudela kalkulatzen da (baina birusak eta onddoak ez dira kontuan hartzen). Hortaz, erdi-gizaki erdi-bakterioen bilduma al gara? 🤷🏻‍♂️

Noski, mikrobiota nola aztertzen dugun ulertzeko lehenengo bakterioen ezaugarri bat aipatu behar da: GENE-EDUKIA ALDAKORRA DUTE. Espezie bereko andui ezberdinek gene-ezberdinak izan ditzakete eta, ondorioz, funtzio biologiko ezberdinak egin.

Ze garrantzia du horrek? Kontuan hartu mikrobiotari buruzko lan gehienak egiten direla 16S rRNA eskualdea sekuentziatuta. Oso erabilgarria da bakterioak identifikatzeko, espezieen artean aldakorrak diren zatiak dituelako eta bakterio guztiak dituzten zatiak dituelako. Eta merkea.

Horrekin espezieak identifika daitezke (baina ez guztiak, zeren espezie asko oraindik ezezagunak dira) eta dibertsitateari buruzko analisiak egin. Baina ezin duzu ziurtatu zer egiten duten, ez bada andui guztiek duten gene bat.

Dauden genean detektatzeko genoma osoak sekuentziatzen dira, hau da, mikrobio guztien gene-materiala sekuentziatzea. Baina hori garestiagoa da. Asike sosa gutxi badituzu aukeratu behar duzu oinarrizko informazioa lortzea lagin askotan edo sakona gutxitan 🤷🏻‍♂️

Muga horiek buruan izanda, zer dakigu mikrobiotari buruz? Bada, oso pertsonalizatua dela (pertsonen artean aldakorra) eta oso dinamikoa (pertsona berean aldakorra). Ondorioz, denboran zehar bere egitura aldatzen doa, hau da, zein mikrobiok osotzen duen.

Agerikoa denez, hesteko mikrobiota hesteei eragiten die, baina baita ere garunari, “heste-garun-mikrobiota” ardatza eratuta. Bakterioek askatzen dituzten molekulek eragina baitute gure gorputzean. 

Izan ere, gurekin bizi diren bakterio guztien gene-materiala batzen badugu, 2 milioi gene inguru izango genituzke (gizakiok ditugun geneak baina 100 aldiz gehiago). Hortaz, funtzio biologiko mordoa betetzen dute. Nolabait, gure genoma hedatua eta osagarria dira.

Ze faktorek baldintzatzen dute zein espezie agertzen diren?

– Dietak. Elikagai, nutriente eta jateko moduek bakterio-espezieen proportzioan eragiten dute.

– Antibiotikoak. Inpaktu handia dute eta mikrobiotaren osaketaren arabera eragina aldatzen da.

– Bizimoduak. Maskota bat izateak, ariketa-fisikoak, txarto lo egiteak, estresak, lan-motak eta elkarrekintzek mikrobiotan eragina dute.

– Gure genomak. Gure gene-aldaeren arabera bakterio batzuk edo beste batzuk gurekin biziko dira.

Honetan sakonduko dut zeren, tira, nire interes-gaietako bat da.

Jakina da hainbat genek bakterioen espezieen, generoen eta familien agerpena eragina dutela. Adibidez, Crohn-en gaixotasunarekin lotura duten geneekin gertatzen da hori.

Hainbat ikerketa egin dira bakterioen ugaritasunean eragiten duten gene-aldaerak aurkitzeko, genoma osoa aztertuta. Horietako azkenean 30 gene-eskualdetik gora lotu dituzte bakterioen genero edo familia jakinen agerpenarekin.

Adibidez, ezaguna da laktosaren genearen eta Bifidobakterioen arteko harremana. Laktosa ezin badugu liseritu, Bifidobakterioek erabiliko dute eta, hortaz, gehiago egongo dira.

Garrantzitsuena, guztiok honetara etorri baikara. Zein eragin du mikrobiotak osasunean eta gaixotasunetan. Aurreko guztia kontuan izanda, eragina izan badu.

Aspalditik ezaguna da Helicobacter pylori-k urdaileko minbizian eragina duela, batez ere CagA eta VacA geneak badaude (andui guztiek ez dituzte). Fusobacterium nucleatum bakterioak ere eragina izan dezake, gure sistema immunea geldituta eta zelulen proliferazioa bultzatuta.

Kolon eta ondoesteko minbizian Fusobacterium nucleatum dietaren bitartez eragin dezakela iradoki da; eta Bacteroides fragilis bakterioak tumoreak sustatu ditzakeen toxina bat ekoiztea. Gorotzetan dauden bakterioak minbizia detektatzeko balio ote duten aztergai da.

Prostatako minbizian hainbat bakterio diagnosirako baliagarriak direla ondorioztatu da.

Oro har, mikrobiomaren osaketak eragina izan dezake minbizien tratamenduan, botiken xurgapenean eragin baitezakete.

Crohn eta kolitisean estres oxidatiboaren bidez eragin dezake mikrobiotak.

Obesitatean dietaren bidez; izan ere, kirurgia bariatrikoa egin ostean mikrobiomaren osaketa aldatzen da.

Hipertentsioan, arazo kardiobaskularrak, diabetesean (II. motan, batez ere), hezuerian, depresioan, artritisan edota bizitza-luzeeran mikrobiotan eragina duela edo mikrobiotaren osaketan aldaketak daudela ondorioztatu da. 

Terapia moduan har daitezke probiotikoak (mikroorganismo biziak) edo prebiotikoak (mikrobioma aldatzeko osagaiak); edo mikrobioen transplanteak egin. Teorian onuragarriak direnak, baina onura horiek oraindik ez daude argi.

Azkenik, hainbat ikerkuntzetan parte hartzen dut kolon eta ondoesteko minbizian eta heste minberaren sindromean mikrobiota aztertzen dituztenak. Ea laster kontatzerik dudan lortzen ari garen emaitzak.

Ta hori da mikrobiotari buruz azaltzeko nuena. Galderarik edo iradokizunik baduzue, hemendik bidali edo kafepintxo baten inguruan hitz egin dezakegu 😉